Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) 2017an lehen aldiz sartu da “Global Ranking of Academic Subjects” delakoan (Irakaskuntza Gaien Sailkapen Globala, GRAS, ingelesezko siglen arabera), hiru kategoriatan, hain zuzen. ShanghaiRanking Consultancy aholkularitza-enpresa independenteak urtero egiten du sailkapen hori, baita munduko unibertsitate onenen zerrenda ere (“Academic Ranking of Word Universities”, ARWU), mundu mailan aintzatespen handiena daukaten sailkapen akademikoetako bat.
NUP jakintza-alor hauei esker sartu da GRAS sailkapenean: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa (Electric and Electronic Engineering), Nekazaritza Zientziak (Agricultural Sciences) eta Informatika Ingeniaritza eta Konputazio Zientziak (Computer Science and Engineering).
NUPek zerrendetako bakoitzean daukan postuari dagokionez, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren sailkapenean 201. eta 300. postuen arteko tartean dago, besteak beste King´s College (Londres, Erresuma Batua) eta Yale University (Connecticut, AEB) unibertsitateekin batera. Bestalde, Nekazaritza Zientzien kasuan, 401. eta 500. postuen arteko tartean kokatzen da, Trinity College (Dublin, Irlanda) eta Tokioko Nekazaritza eta Teknologia Unibertsitatearekin batera (Japonia). Azkenik, Informatikari dagokionez, 301. eta 400. postuen artean sartu da, eta tarte horretan agertzen dira Dortmundko Unibertsitate Teknikoa (Alemania) edota Lyongo Goi Mailako Eskola Normala ere (Frantzia).
Rankingaren puntuazio irizpideak
Unibertsitateak jakintza-alorraren arabera sailkatzeko, ShanghaiRanking Consultancy aholkularitza-enpresak zenbait adierazle hartzen ditu kontuan, hala nola zenbat argitalpen egin diren prestigio aitortua daukaten nazioarteko aldizkarietan (arreta berezia jarriz beren alorretan munduko lider gisa sailkatu diren argitalpenetan), zenbat aipu jaso dituzten bere ikertzaileek beren lanetan, edota azken horiek zenbat lankidetza egin dituzten beste erakunde eta herrialde batzuetako adituekin.
Halaber, aintzat hartzen du unibertsitateetan zenbat irakaslek eta ikertzailek egiten duten lan guztira, eta horiek aitorpen esanguratsurik daukaten beren jakintza-arloan (Nobel sariak edo Fields dominak, esaterako). Kalitate irizpide horien guztien arabera, puntuazio bat ematen zaie unibertsitateei, rankingean izango duten azken posizioa zehazteko, eta, berdinketarik izanez gero, hurrenkera alfabetikoan ordenatzen dira.