Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitateko kirol-jardueretako bat.

Unibertsitateko kirol-jardueretako bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Kultura eta Kiroletako Unitatearen bitartez, 2017-2018 ikasturte berri honetako udazkeneko seihilekorako 766 postu eskaintzen ditu 24 kirol-jardueratan, eta horietako zenbait lehen aldiz eskaintzen dira.

Izena emateko epea atzo, irailaren 4an, astelehena, ireki zen Unibertsitateko komunitateko kideentzat, hots, ikasle, AZL (administrazio eta zerbitzuetako langileak), I-I (irakasle eta ikertzaileak) edo ikasle ohientzako A3U programako kideentzat. Unibertsitatetik kanpokoek, berriz, hilaren 12tik aurrera emango dute izena bete gabeko postuak dauzkaten jardueretan. Kirol eskaintzari buruzko informazio osoa, ordutegiak, taldeak, prezioak eta matrikula motak Unibertsitatearen web orrialdean daude eskuragarri.

Kirol hauek osatzen dute eskaintza: aerobika, aquacrosstrain, autobabesa, ciclotonic, guztizko entrenamendua, eskalada, frontenisa, mantenu soinketa, hiit, kick boxing, music total training, igeriketa (hasiera eta hobekuntza), igeriketa zuzentzailea, igeriketa sinkronizatua, pilates, spinning, tenisa, triatloia, TRX, boleibola, yoga, english yoga eta zunba. Jardueretako batzuetan, zenbait talde eta ordutegi desberdin antolatu dira, eta bakoitzean 14 eta 35 postu bitarteko eskaintza egongo da.

Bestalde, zabalik da Unibertsitateko komunitateko kideek udazkeneko seihilekorako jardueren lantegiren batean izena emateko epea ere. Eskainitako lantegiak dira abdominalak (emakumezkoentzat eta mistoa), emakumezkoen autobabesa, biodantza, fitness-muskulazioa (teoriko-praktikoa), prebentzio soinketa eta jarrera higienea. Lantegi horiei buruzko informazio osoa, ordutegiak eta prezioak NUPen webgunean daude kontsultatzeko.

Ateak zabaltzeko eguna eta naturan egiteko jarduerak

Unibertsitatean praktikatu daitezkeen kirolak eta kirol instalazioak ezagutzera emate aldera, Kultura eta Kiroletako Unitateak ateak zabaltzeko egun bat antolatu du irailaren 11 eta 12rako (astelehena eta asteartea), Unibertsitateko komunitateko kideei zuzendua. Jardunaldia arratsaldez egingo da, eta egitarau osoa Unibertsitatearen web orrialdean dago ikusgai.

Bestalde, eta aipatu Unitateak ere antolatzen duen Unibertsitateko kirol eta kultura eskaintzaren barruan, aukera dago jada udazkeneko seihileko honetarako prestatu diren naturan egiteko jardueretan izena emateko: igoera Beriain mendira, jaitsiera baltsa pneumatikoan Irati ibaian zehar, bisitaldia Arantza-Igantziko abentura parkera, edo trial running Ezkaba auzoan. Jarduera horiek Unibertsitateko komunitateko kideei eta kanpokoei zuzenduta daude, eta, kasu horretan ere, eskaintza osoa, ordutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.