Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du zailtasun ekonomikoak dauzkaten ikasleek 2017-2018 ikasturteko matrikula ordaintzeko laguntzak eska ditzaten. Laguntzak, guztira 20.000 euro egiten dutenak, NUPen matrikulatuta dauden eta graduko ikasketak eta lehen eta bigarren zikloetako titulazio zaharrak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzeko dira, eta bateragarriak dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen. Zenbateko horri, halaber, NUPen “Babesletza programa” delakoak egin ditzakeen ekarpenak gehitzen zaizkio.

NUPek bi epe ireki ditu eskaerak aurkezteko: lehena orain ireki da, abuztuan, eta 2017ko azaroaren 17ra arte iraungo du; bigarrena, bestalde, 2018ko urtarrilaren 2tik apirilaren 27ra egongo da zabalik.

Programa horren helburua da diru-laguntza ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomikoak dituzten eta, zailtasun horiek direla-eta, unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.

Beka horiek bateragarriak dira matrikularako ez diren NUPeko beste zenbait laguntzarekin. Halaber, beste beka bat lortu badute, beka horrekin bateragarriak izango dira, baita ere, baldin eta beka horrek matrikularen % 100 ordaintzen ez badu, Horrelakoetan, matrikula osorik finantzatzeko falta den kopurua emango zaie, gehienez ere. Edonola ere, ikasleek beka eskatu behar izan diete Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari, baldintzak beteko dituzte eta ez dute edukiko unibertsitate titulurik. Informazio guztia, deialdiaren oinarriak eta eskabideen inprimakiak Unibertsitatearen webgunean daude eskuragarri.

Hartzaileen profila

Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat zailtasun ekonomikoko egoeran dagoela joko da bere bizikidetza-unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean, edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezia eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten eta/edo desoreka-pentsioak dauzkaten guraso bakarreko familiak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.

Laguntza-eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira. Aurkeztu eta gero, eskatzaileak Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarriko da harremanetan, eta unitate horrek aztertuko ditu laguntza-eskaera guztiak.