Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako Batzordeak ematen duen “HR Excellence in Research” saria eskuratu du. Zigilu horrek jendaurreko aitorpena ematen die ikerketa-erakundeei, beren giza baliabideetako politikak Ikertzailearen Europako Gutunean eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabideen Kodean definitutako 40 printzipioekin bateratzeko aurrerapausoak egin dituztenei.
NUP izan da Nafarroan sari hori eskuratu duen lehen erakundea, eta horrek aitortu egiten du bere ikerketako giza baliabideen kudeaketa kalitatezkoa dela. Praktikan, zigilu hori jasotzeak posizio lehiakorragoa emango dio NUPi nazioarteko ikertzaile garrantzitsuak erakartzeko, sariak adierazten baitu Unibertsitateak erraztasunak ematen dituela ikertzaileek beren karrera ezin hobe gara dezaten.
NUPen barruan Ikertzaileentzako Giza Baliabideen Estrategiaz (Human Resources Strategy for Researchers, HRS4R ingeleseko sigletan) arduratzen diren organismoak dira Ikerketako Errektoreordetza, jarraitu beharreko ildoak zehazten dituena, eta Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzua eta Giza Baliabideen Zerbitzua, horiek gauzatzen dituztenak.
Zigilua lortzeko prozesua eta etorkizuneko erronkak
Zigilu hori lortzeko prozesua 2016an abiarazi zen, NUPek aipatu dokumentuetara, hots, Gutunera eta Jokabideen Kodeari atxikitzeko erabakia sinatu zuenean. Hala, konpromisoa hartu zuen ikertzaileen kontratazioaren alorrean hobetzeko, eta arreta berezia emateko beren lan-baldintzei eta ikerketa-karreraren garapenari. Horretarako, zuzendaritza-batzorde bat eta lantalde bat sortu ziren, lehenbiziko analisi batean antzemandako hobetzeko puntuen jarraipena egiteko, eta horiek ekintza-plan batean zehaztu ziren, zeina datozen bi urteetan gauzatzen jarraituko baita.
Aipatutako planari jarraikiz, hauek izango dira etorkizunerako helburuak: hautatze eta kontratazio irizpideetan gardentasuna hobetzea, ikertzaile profil guztientzat karrera plan bat garatzea, gaitasun profesionalak bultzatzea, eta NUPeko Ikerketako Praktika Onen Kode bat prestatzea.