Etxeko konpostajeak industrialak baino prestazio hobeak eskain ditzake, batez ere tenperatura-bilakaerari, pisu- eta bolumen-murrizketei eta azkeneko konpostaren heldutasun eta osaerari dagokienez, betiere teknika egokiak baliatuz egiten bada. Hala ondorioztatu du Francesco Storino italiar ikertzaileak (Milan, 1979), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian. Lan horretan, etxeko edo komunitateko konpostaje-teknikak aztertu ditu, tresna jasangarriak baitira biohondakinak kudeatzeko. Ikerketak egiaztatu duenez, teknika hori baliagarria da eskala txikian konposta sortzeko, eta hura ongarri eta substratu modura erabil daiteke.
90ko hamarkadaz geroztik, eskala txikiko konpostajea lanabes erabilgarri bilakatu da jatorrian hondakin gutxiago sortze aldera. Hala ere, gai horri buruzko lan zientifiko gutxi dago. Horregatik, ikergai izan diren alderdi teknikoak identifikatu eta gero, Francesco Storinok zenbait esperimentu egin ditu etxeko konpostajearen eta konpostaje industrialaren arteko aldeak aztertzeko, baita konpostajearen zenbait alderdiren berariazko saiakuntzak ere: elikatze-erregimena, haragi-elementuen ekarpena, material egituratzaileak (nahasketaren hezetasuna erregulatzeko eta porositatea emateko gehitzen direnak), metal astunen agerpena, hazien erneketa eta konpostaren erabilera laborantzarako ongarri eta substratu modura.
Konpostajearen inguruko saiakuntzak
Hasteko, ikertzaileak lau saiakuntza egin zituen hondakin mota beraren konpostajea konparatzeko, eskala industrialean (1.300 tonatik gorako metetan) eta etxekoan (320 litroko konpost-ontzietan eginda), iraulketa-maiztasun eta material egituratzaile berdinak aplikatuz. Iraulketa-maiztasuna eta ekarpen-materialaren tamaina egokitu zituen, eta, horrela, etxeko konpostajeak industrialak baino prestazio hobeak lortzen dituela egiaztatu zuen.
Etxeko konpost-ontzien elikatze-erregimenei buruzko saiakuntzetan, Francesco Storinok maiztasun desberdinak eta ekarpen bakoitzean gehitutako material organikoen kantitate desberdinak alderatu zituen. Storinoren arabera, “tamaina handiko ekarpenekin egindako konpostajean, tenperaturaren bilakaera eta jarduera mikrobiar handiagoak antzeman ziren”. Horrez gain, ikertzaileak haragi-elementuen ekarpenaren eraginak aztertu zituenean, prozesuan zehar egiaztatu zuen horien tenperatura handitu zela, eta, hala, konpostaren heldutasuna eta hezedura-gradua hobetu zirela, beste parametro batzuei kalterik eragin gabe.
Beste saiakuntza batean, Storinok lau egituratzaileren propietateak analizatu zituen (hiru landare-jatorrikoak eta bat minerala), eta ikusi zuen xehatutako inausketa-hondakinek bermatu zutela konpostik eta prozesuaren bilakaerarik onena. Frogatu egin zuen, halaber, hondakin horiek ez direla metal astunen iturri esanguratsua etxeko edo komunitateko konpostari dagokionez. Era berean, etxeko konpost-ontziak hazien erneketa kontrolatzeko gai direla baieztatu zuen, betiere nahikoa iraulketa egiten badira.
Aurreko esperimentuetan eskuratutako materialarekin, ikertzaileak landatze-saiakuntzak egin zituen loreontzietan. “Etxeko konpost desberdinak ebaluatu ziren ongarri gisa, letxuga eta espinaketan, eta bioletak eta halako landareak hazteko substraturako osagai gisa. Hala, emaitzak ikusita, etxean ekoitzitako konposta ziurtasun osoz erabil daiteke ongarri gisa, edo laborantzarako substratuak egiteko, baita konpost industrialen kasuan baino dosi handiagoetan ere”, Storinok baieztatu bezala. Bere doktoretza-tesiak Pedro María Aparicio Tejo (Natura Ingurunearen Zientzien Saila) eta Ignacio Irigoyen Iriarte (Nekazaritzako Ekoizpeneko Saila) izan ditu zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Ikerketan, bestalde, oiloen bidezko konpostaje komunitarioko proiektu pilotu baten segimendua egin da. Proiektua Noainen gauzatu da, Udalaren eta herriko hogeita hamar familiaren laguntzarekin. Ekoitzitako konpostaren kalitate handia egiaztatzeaz gain, herrian bilketa eta tratamendu zentralizatura bideratzen diren hondakin organikoen kantitate handi bat murriztea lortu dela ikusi du Francesco Storinok, eta horrek, gainera, onurak ekarri dituela ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari dagokienez. “Norberak dimentsio txikiko konpost-ontzietan bere konposta egitea tresna eraginkor bihurtu da etxeko hondakin organikoak saihetsi ahal izateko, eta, ikuspuntu tekniko batetik, prozesua behar bezala gauzatzen du eta etxean erabiltzeko konpost egokia sortzea ahalbidetzen du”, erantsi du ikertzaileak.
Curriculum laburra
Francesco Storinok Nekazaritzako Zientzia eta Teknologia ikasi zuen Milango Unibertsitatean (Italia). 2009an, Ingurumen Agrobiologiako Masterreko titulua erdietsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, ordutik, erakunde horretan ikertzen dihardu hondakin organikoen konpostajeari buruz. Gai horren inguruan zortzi lan argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, eta hemezortzi hitzaldi eman ditu estatu-mailako eta nazioarteko biltzarretan. Gainera, Etxeko Konpostajearen aldeko Toki Erakundeen Estatu Sareko kide da, eta Nafarroako Hondakinen Plana prestatzen lagundu du.