Joan eduki nagusira

zoom “Flores de otro mundo” filmaren fotograma bat (zuzendaria, Icíar Bollaín, 1999). Producciones La Iguanaren baimenarekin.

“Flores de otro mundo” filmaren fotograma bat (zuzendaria, Icíar Bollaín, 1999). Producciones La Iguanaren baimenarekin.

1996tik 2008ra Espainian egindako fikziozko filmak anbibalenteak dira Latinoamerikako immigrante ekonomikoez ematen duten irudiari dagokionez. Izan ere, batetik, arazo sozioekonomiko eta kulturalak salatzen dituzte, baina, bestetik, ikuspegi neokolonialista erakusten dute oraindik ere Amerikako herriei buruzko eraikuntza ideologikoan, Maíra Dias Pereira (São Paulo, Brasil, 1978) ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian azaldu duenez.

Film luzeek “ez dute Espainiako immigrante latinoamerikarren irudikapen erreala egiten”, harreman sozialen eszenaratze bat egiten baitute, Maíra Dias Pereiraren arabera. Ikertzaileak aztertu dituen filmek “inguratzen gaituen munduaren atal batzuk islatzen dituzte, garai bateko berezko muga ideologiko batzuen bidez eta hautatze-irizpide jakin batzuen arabera egiazkoa den horretatik hartutako alderdi batzuk, Pierre Sorlin historialariak 80ko hamarkadan ezagutzera emandako gogoetetan adierazi zuen bezala”. Hori dela eta, ikertzaileak uste du zinema tresna ahaltsua dela testuinguru soziokultural jakin bat ezagutzeko, baita gizarte baten pertzepzioak, kezkak, aurreiritziak eta botere-diskurtsoak interpretatzeko ere.

Juan Madariaga Orbea Geografia eta Historia Saileko irakasleak zuzendu du tesia. Dias Pereirak 48 filmen lagin bat ikertu du, eta bederatzi hautatu ditu sakon aztertzeko; horietako sei, arrakasta komertzial handia izan dutelako: “Princesas” (Fernando León de Aranoarena), “Sobreviviré” (Alfonso Albacete eta David Menkesena), “Flores de otro mundo” (Icíar Bollaínena), “Cosas que dejé en La Habana” (Manuel Gutiérrez Aragónena), “Pagafantas” (Borja Cobeagarena) eta “I love you baby” (Alfonso Albacete eta David Menkesena). Ikertzaileak beste hiru film hauek ere aukeratu ditu: “En la puta calle” (Enrique Gabrielena), zeinak immigrazioaren inguruko Espainiako zinemari buruzko gogoeta ugari bultzatu baitzituen, “Rabia” (Sebastián Corderorena) eta “Ander” (Roberto Castónena), hainbat zinemalditan pantailaratu eta zenbait sari irabazi zituzten bi film.

Ikerketaren helburuetako bat zen zinemaz baliatzea lekuko historiko eta soziokultural gisa, aukera ematen baitu garai jakin bateko irudikapen sozialak eta adierazpide ideologikoak identifikatzeko, historia, soziologia eta ikasketa postkolonialistak oinarri hartuta, eta, modu horretan, Latinoamerikako gaien inguruko material zinematografikoaren eta beste ekoizpen intelektual batzuen arteko elkarrizketa bat eraikitzeko.

Salaketa eta estereotipoak

Batetik, azken hamarkadetako Latinoamerikako immigrazio ekonomikoaren fenomeno soziodemografiko asko islatzen dituzte aztertutako filmek. Latinoamerikako immigranteen pertsonaien artean, emakumezkoak gailentzen dira, honelakoak: hirian bizi dira, 20-39 urte dituzte, zerbitzu-sektorean ari dira lanean, irregularrak dira asko eta asko, arrazoi sozioekonomikoengatik emigratu dute, dirua bidaltzen diete senideei, eta haiek berriz elkartzen ahalegintzen dira.

Bestalde, film luzeek militante-trazuak dituzte, Latinoamerikako immigrazio-fenomenoari lotutako arazo sozioekonomiko eta kulturalak salatzen baitituzte. “Filmek herritarren berdintasun-eskubideen garrantzia aldarrikatzen dute, eta talde autoktonoek tolerantzia eta alteritatea izan behar dutela arrazismoari eta kolektibo kaltebera horren bazterketa sozialari aurre egiteko”, azaldu du ikertzaileak.

Ikerketak kontraesan batzuk ere uzten ditu agerian, produkzio zinematografiko berrienean ere ikuspegi neokolonialista nagusitzen baita Amerikako herriak izango liratekeen horren eraikuntza ideologikoan. “Irudikapen asko ez dira batere askotarikoak, immigranteen portaerak, nortasuna, ezaugarri fisikoak, hizkuntzak, dialektoak, sinesmen erlijiosoak eta ohiturak deformatzen eta homogeneizatzen baitituzte, eta horrek estereotipoak sortu eta bestetasun etniko, historiko eta kulturak gutxiestea dakar”, esan du ikertzaileak. Horregatik proposatzen du Dias Pereirak zinema dokumentu historiko eta soziokultural gisa erabiltzea, betiere bestelako ekoizpen intelektualekin harremana gordez.

Curriculum laburra

NUPen doktoratu aurretik, Maíra Dias Pereira Psikologian lizentziatu zen 2001ean São Pauloko Pontifize Unibertsitate Katolikoan (Brasil). Gero, Kultura Garaikideko “XX. mendea eztabaidagai. Horren interpretazio humanistikoa egiteko elementuak: Historia, Artea, Filosofia eta Literatura” izeneko graduondoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (2002), eta Artearen Historiako Ikasketa Aurreratuen diploma eskuratu zuen unibertsitate horretan bertan.

Zinemagintzan, laguntzaile-lanetan aritu da Donostiako Zinemaldiko 60., 61. eta 62. edizioetako “Made in Spain”, “Zinemira” eta “Culinary” zikloetan, eta arduradun gisa, 63. eta 64. edizioetako “Savage”, “Japoniako zinema independente berria 2000-2015” eta “The act of killing. Zinema eta indarkeria globala” zikloetan.