Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Maialen de los Frailes Larrarte eta Grecia Silva Valentín ikasleak, Iruñeko Jesus eta Maria erromes ostatuan.

Ezkerretik eskuinera, Maialen de los Frailes Larrarte eta Grecia Silva Valentín ikasleak, Iruñeko Jesus eta Maria erromes ostatuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Fisioterapia Graduko bi ikaslek, Maialen de los Frailes Larrartek eta Grecia Silva Valentínek, praktikak egingo dituzte uztailaren 3ra arte Foru Erkidegoko erromesentzako lau ostatutan (Lizarra, Orreaga, Iruñea eta Zangoza). Ekimena “Santiago Bide osasungarria” izenburua duen NUPeko udako ikastarokoa da, eta Lizarrako, Iruñeko eta Zangozako udalen diru laguntza dauka, baita Orreagako Errege Kolegiatarena eta Nafarroako Gobernuarena (Hezkuntza Departamentua) ere, Nafarroako Unibertsitateetako Udako Ikastaroen bidez. Foru Gobernuko Osasun Departamentuaren lankidetza ere bildu du.

Ikastaroa, udako jardueratzat jo daitekeena, iragan ekainaren 19an hasi zen, eta Nafarroa zeharkatzen duten erromesei laguntza ematean datza. Ikasleek arratsaldetan lau ordu eta erdiz artatzen dituzte erromesak Orreagako ostatuan, Lizarrakoan (Lizarrako Santiago Bidearen Adiskideen Elkarteak kudeatutako erromesen udal ostatua/ospitalea, La Rúa kalekoa), Iruñekoan (Jesus eta Maria, Compañía kalekoa) eta Zangozakoan (udal ostatua, Enrique Labrit kalekoa).

Lesio eta patologiei buruzko prestakuntza

zoom Ikasleak, praktiketan.

Ikasleak, praktiketan.

Ikasleek erromesek dituzten lesio eta patologia ohikoenei buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute. Beraz, fisioterapia zerbitzu bat emateaz gainera, erromesei aholkuak ematen dizkiete. Beatriz Bays Moneo, Ana Ibáñez Pegenaute eta Ana Insausti Serrano Osasun Zientzien Saileko irakasleek egiten dute ikasleen tutoretza borondatezko eta curriculumetik kanpoko praktika hauetan. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak (Lehen Mailako Arreta) ere laguntzen du praktiketan. Horrez gainera, Orreagako Errege Kolegiatak eta Lizarrako, Zangozako eta Iruñeko udalek NUPeko ikastaroa diruz lagundu dute, gazteen ostatua, mantenua eta joan-etorriak finantzatu baitituzte.

Ikastaroaren zuzendariak dira Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, eta lehen aipatutako Ana Insausti NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko dekanordea.