Ikertzaileak, NUPeko nekazaritzako praktiketarako eta ikerketarako etxaldeko mahastian. Ezkerretik eskuinera: Oihane Oneka, Jorge Urrestarazu, Gonzaga Santesteban, Bernardo Royo eta Blanca Mayor.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak izeneko ikerketa taldeak proiektu bat abiarazi du, Iruñerrian antzina lantzen ziren mahatsondo barietateak eta biotipoak identifikatzeko eta biltzeko. Ekimenaren azken helburua Nafarroako mahastizaintzaren eskaintza aberastea da, eta, arrakasta badu, lagungarria izan liteke eskualde horretan mahatsondo barietate horiek berriz landa daitezen. Hori dela eta, ikertzaileek herritarren laguntza bilatzen dute mahatsondoak lokalizatzeko, esaterako landu gabeko lursailetan, lurzatien arteko mugetan, eta bide, ubide eta erreka ertzetan. Behin lokalizatuta, genetikoki identifikatuko dituzte, eta kontserbazio eta ugalketa plan bat prestatuko dute.
Ikertzaileek, beren azterketarako, Iruñerriko herrietako lursailak ezagutzen dituzten eta horietan mahatsondoak identifika ditzaketen pertsonen laguntza behar dute. Lurzoruaren erabileraren aldaketetatik bizirik atera den landare bat lokalizatzen denean, hura geoposizionatuko dute, eta haren ezaugarriak erregistratuko dituzte. Horien artean egoera onean daudenetatik laginak hartuko dituzte, genetikoki identifikatzeko eta, ondoren, NUPeko germoplasma bankuan kontserbatzeko helburuz. Ekimen horretan parte hartu nahi dutenek aukera dute ikertzaileekin harremanetan jartzeko, cepasdelacuenca@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo telefono zenbaki honetara deituz: 620168759.
Iruñea, ardogintzaren antzinako erdigunea
Nafarroan mahastiek hartzen zuten azaleraren alderaketa: ezkerrean, 1956koa, eta eskuinean, 2012koa. NUPeko Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak ikerketa taldeak prestatutako mapa, Nafarroako Lurralde Informazio Zerbitzuak (SITNA) emandako lurzoruaren erabileren mapetatik abiatuta.
“Hainbat mendetan zehar, mahatsondoa izan da nekazaritza aberastasun garrantzitsuenetakoa, ezpada nagusia, Nafarroako Pirinio aurreko arroetan, Erresumako hiriburua barne —azaldu du Bernardo Royo ikertzaile eta Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak—. Antzina, Iruñea ardogintza erdigune garrantzitsua izan zen, eta kalkulatzen da garai batean 2.000 laborari inguru bizi zirela hura lantzetik; izan ere, Iruñerriko zendea gehienetan, mahastiak landa ekonomiaren oinarrizko elementuetako bat izan ziren. Adibidez, Aranguren ibarrean, landutako lurrazalaren % 8,3 hartzen zuten mahastiek 1985ean. Edonola ere, Iruñerriko herri guztiek zeuzkaten mahastiak, eta horietako gehienetan nahikoa azalera lantzen zuten beren ardo kontsumoa asetzeko”.
Ikertzaileen arabera, “gaur egun arte eten ez den gainbeheraren” eraginez, mahatsondoek beste labore batzuei tokia uzten joan ziren, batez ere, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, oidio eta mildiu gaixotasunak eta, bereziki, mende amaieran filoxera izurria agertu zirenean. “Iruñerrian, zerealean oinarritutako nekazaritza ezartzen joan zen pixkanaka-pixkanaka, eskualdeko klimatologiak oso aldeko baldintzak baitzituen labore horri errendimendua ateratzeko”, adierazi du Gonzaga Santestebanek. Berarekin lanean dihardute Bernardo Royo, Jorge Urrestarazu eta Blanca Mayor ikertzaileek, bai eta Oihane Oneka Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduko ikasleak ere.
Laborantzako azaleraren murrizketan eragina eduki zuten ere XX. mendeko industria garapenak eta demografia eta mentalitate aldaketek, bai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen moduen aldaketek ere, bereziki 50eko hamarkadatik aurrera. “Gaur egun, Etxauriko Otazu upeltegia alde batera utzita, lursail erregularretako mahastien kopurua oso txikia da. Hala ere, oraindik ere irauten dute, eta, are gehiago, zenbait mahasti landatu berri dira hainbat udalerritako eguteretan, bereziki Antsoain, Agoitz, Artaitz, Belaskoain, Etxarri, Bidaurreta, Ziritza, Indurain, Iltzarbe, Imarkoain, Gesalatz, Subitza eta beste zenbait herritan”, Gonzaga Santestebanen hitzetan.
Ikertzaileak ziur daude gai izango direla iraganeko mahastien ondare generikoaren parte handi bat berreskuratzeko. “Eremu honetan antzina lantzen ziren formak eta barietateak berreskuratzea lagungarria izango da gure lurraldeko ikuspegia eta mahastizaintzaren eskaintza aberasteko, kulturaren ikuspegitik betebehar bat izateaz gain —adierazi du Gonzaga Santestebanek—. Era berean, kontuan hartu behar da gaur egun antzematen diren klima aldaketaren ondorioek, ziurrenik, mahatsondoa lantzeko baldintza egokiagoak ekarriko dituztela eskualde honetan, mahatsa hobe onduko baita”.