Joan eduki nagusira

zoom NUPeko ikertzaileak Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Bosco Imbert, Yueh-Hsin Lo, Ester González, Juan A. Blanco eta Federico J. Castillo.

NUPeko ikertzaileak Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Bosco Imbert, Yueh-Hsin Lo, Ester González, Juan A. Blanco eta Federico J. Castillo.

Koniferoak (pinu gorria) eta hostozabalak (pagoa) osagarriak dira ingurune bateko baliabideak, adibidez, ura erabiltzeko garaian, eta litekeena da horren ondorioz bi espezie horiez osatutako baso mistoak gehiago haztea, baso nahasgabeak, espezie bakarreko basoak, baino. Alabaina, euri-eskasiak txikitu egingo lieke abantaila hori itzala jasan ezin duten espezieei, esaterako, pinu gorriari, ura lortzeko lehia handituz gero ezingo bailukete baliatu argia lortzeko borroka txikiagoaz. Aitzitik, itzala jasateko gauza diren espezie oso lehiakorrentzat, pagoarentzat kasu, ondorio txikiagoak ditu baso misto batean bizitzeak. Besteak beste ondorio hori atera dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Pirinioetako Ekologia Institutuko zenbait ikertzailek bi espezie horiei buruz Nafarroako Pirinioetan hiru hamarkadaz bildutako datuak ikertu ondoren. Ekologiari buruzko munduko aldizkari nagusietako batean argitaratu dute ikerlana, British Ecological Societyren “Journal of Ecology” aldizkarian.

Hauek dira artikuluaren idazleak: Juan A. Blanco Vaca, Federico J. Castillo Martínez, Ester González de Andrés, Bosco Imbert Rodríguez eta Yueh-Hsin Lo, NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Sailekoak ; eta  J. Julio Camarero Martínez eta Gabriel Sangüesa Barreda, Pirinioetako Ekologia Institutukoak (Zaragoza).

“Koniferoen eta hostozabalen baso mistoei gero eta gehiago begiratzen zaie klima-aldaketaren aurrean baso-kudeaketa egokitzeko estrategiak erakusteko ekosistema gisa”, dio Ester González de Andrések, artikuluaren egile nagusiak.

Nolanahi ere, oraindik ez ditugu ongi ezagutzen “banako arbolen lehian zer ondorio duten atmosferako CO2-aren kontzentrazioa handitzeak eta klimak”, gaineratu du Juan A. Blancok.

Nafarroako Pirinioetako datuak

Gai hori argitzeko, NUPeko eta CSICeko ikertzaileek serieak eraiki dituzte, 34 urtez (1980tik 2013ra) bildutako datuekin. Datuak urteko hazkundearen eta uraren erabileraren eraginkortasunaren ingurukoak dira, eta pinu gorrien eta pagoen bi basotan bildu dituzte: Pirinioetako Aizpurgin (Nabaskozeko Udaleko kontzejua) eta Garden (Erronkaribarra). Arbola batek besteari egiten dion lehiari buruzko informazioa (aldameneko ale kopurua eta haietako bakoitzetik ikertutako arbola bakoitzeraino dagoen distantzia) eta inguruko meteorologia-estazioek emandako klima-aldagaiak ere jaso dituzte.

“Gure ikerlanak erakusten du bi espezieak gutxiago hazi zirela espezie bereko banako arbolen arteko lehia handitu zenean —azaldu du Ester González de Andrések—. Pinu gorria pagoaren presentziaz baliatu zen, osagarriak baitira biak, Gardeko basoan, altitude handiena eta prezipitazio gehien dituen basoa baita; ez, ordea, Aizpurgin, lehorragoa baita. Pagoak, ordea, ez zion erantzun esanguratsurik eman baso berean pinua izateari, seguru aski pagoak berez oso lehiakorrak direlako, eta biziraun dezaketelako bai pinuek, bai beste pagoek itzaleztatzen dituzten inguruneetan”.

Eraginkorrak uraz baliatzean

Bestalde, ikertzaileek ondorioztatu dute espezieen arteko lehiak aldatu egiten duela ura erabiltzeko eraginkortasuna. “Nahiz eta pinuak pagoak baino eraginkorragoak izan uraren erabileran —dio Juan A. Blancok—, azken urteetan, pagoek areagotu egin dute eraginkortasuna, antza denez aldi lehorretara hobeki egokitzeko. Horren ondorioz, pagoak gehiago handitu dira Aizpurgiko basoan, zeina lehorragoa baita berez”.

Artikuluaren idazleen ustez, espezieek portaera diferenteak izateak eragina du baso mistoek lehorteak jasateko duten gaitasunean, eta uste izatekoa da lehorteak maiztu egingo direla klima-aldaketaren ondorioz. “Espezie horien banaketaren hegoaldeko mugan dauden basoetan gertatuko da hori batik bat, eta horixe da, hain zuzen, Aizpurgiko basoaren kasua. Hori dela eta, espezieen osagarritasunaren ondorioak eta horrek klimarekin duen erlazioa aintzat hartu behar dira, gehiegi balioets ez dezagun koniferoen eta hostozabalen basoek atmosferako karbonoa finkatzeko duten gaitasuna”, esan zuen azkenik Ester González de Andrések.