Joan eduki nagusira

zoom Clive Stafford Smith, NUPen.

Clive Stafford Smith, NUPen.

Clive Stafford Smith Britainia Handiko Reprieve gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak jasoko du gaur arratsaldean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Jaime Brunet Nazioarteko Saria, Giza Eskubideak sustatzeagatik. Ekitaldia 18:30etik aurrera izango da Iruñeko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikinean. Ekitaldiko burua Alfonso Carlosena errektorea izango da, eta bertan egongo dira Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Anna Yearley Reprieve erakundearen zuzendari exekutiboa ere.

Erakunde horretako ordezkariak gaur goizean elkartu dira Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin, eta Arrosadiko campuseko instalazioak bisitatu dituzte. Bisitari amaiera emateko, 36.000 euro eta Carlos Ciriza eskultorearen artelan bat jaso dituzte Reprevieren ordezkariek sari-banaketan. Bestalde, bihar (asteartea), hitzaldi bat emango diete Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako titulazio bikoitzeko lehen ikasmailako ikasleei.

Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak 2016ko abenduaren 9an eman zuen epaia ezagutzera, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere. Epaimahaiak goraipatu egin du Reprieveren borroka "gehiegikeria larrien biktimen eskubideen alde, zeinak batzuetan terrorearen aurkako borrokaren izenean egin baitira, Guantanamon atxilotuta daudenen eskubideak babestuz eta dronen gehiegizko erabilera indiskriminatua salatuz, bai eta dronek eragindako zibilen heriotzak ere".

zoom Ezkerretik eskuinera: Inés Olaizola, NUPeko idazkari nagusia eta sariaren epaimahaiko kidea eta Clive Stafford, Reprieveren sortzailea.

Ezkerretik eskuinera: Inés Olaizola, NUPeko idazkari nagusia eta sariaren epaimahaiko kidea eta Clive Stafford, Reprieveren sortzailea.

Nabarmendu du, halaber, Reprievek egindako lana "iritzi publikoa mentalizatzeko prentsa-kanpainen bidez, gardentasunaren tresnak eta Zuzenbide Estatuak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz horretarako, Davidek Goliaten aurka egindako borrokaren antzekoan; balio eskuzabal batzuk, Jaime Brunet Fundazioaren inspirazio-iturri izan direnak fundazioa sortu zenetik".

Saritutako GKEaren historia

Clive Stafford Smith Giza Eskubideetan espezialista den abokatuak sortu zuen Reprieve gobernuz kanpoko erakundea 1999an. GKEak ikerketa-zerbitzuak eta doako lege-ordezkaritza ematen dizkie munduko 17 herrialdetan heriotza-zigorrari aurre egin behar dioten 101 pertsonari eta Estatu Batuek Guantanamoko Badian duten presondegian kartzelatutako 8 gizasemeri. Egun 32 langile ditu Londresen, eta Estatu Batuetan, Pakistanen, Malawin, Yemenen eta Indonesian ere langileak ditu, bai eta boluntarioak mundu osoan ere.

Horretaz gainera, erakundeak defendatzen ditu Pakistanen eta Yemenen Estatu Batuetako dronen erasoak jasan dituzten 100dik gora familien interesak, eta Estatu Batuei eskatzen die pertsona errugabeen aurkako erasoak egiteari uzteko. Halaber, Reprievek Estatu Batuetan heriotza-zigorra ezeztatzearen aldeko apustua egin du, eta, alde horretatik, duela sei urte jarri zuen abian Stop the Lethal Inject Projetc (SLIP) proiektua konpainia farmazeutiko handiei presio egiteko, haien produktuek gizakien heriotza eragiten ez dutela ziurta dezaten. Erakundeak ez du legezko ordezkaritzako eta borroka eraginkorreko zeregina soilik. Aitzitik, iritzi publikoak estatuek batzuetan egiten dituzten giza eskubideen urraketen berri izan dezan laguntzen du, erakunde saridunak salatzen duenez, eta bere lana prentsari ezagutarazi eta gizartean zabaltzen du, gai horiek ezagut eta eztabaida daitezen.

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat edo giza eskubideak sustatzeko lanagatik nabarmendu den norbaiten edo erakunde baten ibilbidea saritzeko. 1998az geroztik, hamazazpi Jaime Brunet sari eman ditu Fundazioak; azkena, 2015ean, Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusi eta Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari ohiari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan finkatu zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Industria-jarduera garrantzitsua egin zuten brunetarrek Gipuzkoan. Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten, eta Zuzenbide ikasketetara bideratu zuen aitak, Jaime Brunet Goitiak. Hura Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen.

Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta, hizkuntzei esker, orduko zailtasunak gorabehera, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.