Egungo emakumezko poeta nafarrek, esparru nazionalean gertatzen den bezala, poesiaren ikusmoldearen bilakaeraren aldeko apustua egin dute. Jada ez dute arreta hitzean soilik jartzen, baizik eta poesia kultur aldarrikapenaren beste modu batzuekin, hala nola musikarekin, antzerkiarekin edo esperimentazioarekin (“perfomance”), hots, errealitatetik hurbilago dauden adierazpen artistikoekin elkartzearen alde daude. Horrez gainera, edukien zabalkundea ez dago paperean argitaratzera bideratuta, baizik eta poemak eta ikuspuntuak trukatzera beste herrialde batzuetako egileekin Interneten eta “online” plataformen bidez, hala nola blogak edo sare sozialak. Horiek dira Isabel Logroño Carrascosa (Iruñea, 1988) Hispaniar Filologian eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziadunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza-tesiaren ondorioetako batzuk. Doktore berriak Nafarroako emakumezkoen gaztelaniazko egungo poesia, 1975etik 2015era bitartekoa aztertu du.
Isabel Logroñok Nafarroan jaiotako hamalau poetaren eta foru erkidegoan jaio ez baziren ere, Iruñean bizi diren hiru egileren lanak aztertu ditu. “Interesgarria iruditu zitzaidan garai hori aztertzea, zeren, demokraziaren etorrerarekin, zentsurarik gabeko askatasun aldi bat ireki baitzen, eta aldi hori gizartean, eta bereziki emakumeetan islatu zen. Horrez gainera, ‘a priori’ kontrakoa pentsa badaiteke ere, Nafarroako gaztelaniazko emakumezko poeten zerrenda esanguratsua da , batez ere, kontuan hartzen badugu haietako bakoitzak hiruzpalau poema liburu dituela”, esan du Isabel Logroñok. Patricio Hernández Pérez eta Consuelo Allué Villanueva Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakasleek zuzendu dute tesia, eta bikain kalifikazioa lortu zuen.
Doktore berriak aztertutako hiru belaunaldiak hamalau egile dira, Nafarroan jaiotakoak: 30eko urteetan (María Blanca Ferrer García eta María Sagrario Ochoa Medina), 50eko urteetan (Marina Aoiz Monreal, Rosa Barasoain Asurmendi, Charo Fuentes Caballero, Julia Guerra Lacunza, Socorro Latasa Miranda eta Maite Pérez Larumbe) eta 70eko urteetan (Irati Iturritza Errea, Uxue Juárez Gaztelu, Margarita Leoz Munilla, Trinidad Lucea Ferrer, Leire Olkotz Vicente eta Regina Salcedo Irurzun). Horiei gehitu behar zaizkie Nafarroan bizi diren hiru poeta hauek: Isabel Blanco Ollero, Fátima Frutos Moreira eta Ana Jaka García.
Emakumearen erreibindikazioa
Tesiaren lehenengo zatiak aztergai ditu XX. mendearen azken laurdenean eta XXI. mendearen hasieran gertatutako aldaketak eta gertaerak, espainiar gizartearen mentalitate aldaketa eta horrek emakumezkoen idazketa poetikoan eduki duen eragina ulertzeko. Maila politikoan, aniztasunak eta demokraziak berezko dituen askatasunetarako sarbideak (hala nola adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna) poeten adierazpena eta jarduera ahalbidetzen dituzte. Maila ekonomikoan, oparoaldiaren eta krisialdiaren gorabeheretan agertuko dira errealitate berriak, hala nola immigrazioa, langabeziaren igoera, arazo sozialak eta gatazka terroristak bai nazio mailakoak (ETA), bai nazioartekoak (M-11), zeinak egile hauen poemetan jasoko baitira.
Bigarren zatiak, aldiz, aztertutako egile hauetako bakoitzaren lanean jartzen du arreta. Ikertzaile horren arabera, garai desberdinetakoak badira ere, gai berak partekatzen dituzte denek. “Emakumea subjektu aktibo gisa erreibindikatzeaz mintzo dira. Bere poemetan, maitasuna eta amatasuna ikuspegi feminista batetik aztertzen dira, beren emakumezko pertsonaiak askeagoak dira. Gorputzaz ere beldurrik eta estalkirik gabe mintzo dira, eta bizitzaren kontzeptua zein den jakin nahi dute bilaketa pertsonalean, erlijiotik urrun”, esan du.
Horrez gainera, Logroñok nabarmendu du 70eko urteetako belaunaldiaren hizkera hauslea. “Bilakaera bat antzematen da hiru belaunaldietan: lehenengo sinbolikoagoa da eta gero soilagoa, errealitatetik hurbilagoa —aipatu du doktore berriak—. Hain zuzen, 70eko urteetan jaiotakoek adierazpide eta berrikuntza forma berrien, lerro askearen eta hizkuntzaren konbentzionalismoak haustearen aldeko edo esperimentazioaren eta arteen diziplinarteko uztarketaren aldeko apustua egingo dute berezko ahots eta hizkuntza bat eraikitzea lortu arte”.
Alde horretatik, Isabel Logroñok arretagunea jartzen du bere tesian, “Búsqueda de identidad y renovación estética en la poesía femenina actual de Navarra en castellano (1975-2015)” izenekoan, teknologia berrien garrantzian. “Internet baliabide oso garrantzitsua izan da poesia, biziberritzen ari den genero bat, ezagutarazteko. Marwan eta Elvira Sastreren kasuak ditugu. Nerabeek asko jarraitzen dituzten poetak dira, eta tristeziaz, egunerokoaz, guztiok egunero ditugun arazoez eta jendearekiko lotura ahalbidetzen dutenez” hitz egiten dute, esan du amaitzeko.
Curriculum laburra
Isabel Logroño Carrascosak Hispaniar Filologiako eta Ikus-entzunezkoen Komunikazioko Lizentziatura Bikoitza lortu zuen 2012an Nafarroako Unibertsitatean, non Irakaskuntza Bikaintasunaren “Alumni Navarrenses” beka lortu baitzuen (2006-2012). Gero, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
2015eko irailaz geroztik Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hizkuntzetako (ingelesa, frantsesa, espainiera eta latina) irakasle aritzen da Iruñeko Santa Teresa ikastetxean eta ingeles-frantses-espainierako itzultzaile aritzen da. Bere tesiari buruzko hitzaldi bat eman du Nafar Ateneoaren egoitzan eta hurrengo asteazkenean, apirilaren 26an, beste hitzaldi bat emango du Burlatako Liburutegian 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.