Ikerketan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Ekaitz Santazilia, Alfredo Asiáin, Magdalena Romera eta Juan José Zubiri.
Gaztelaniazko hiztunek euskararekiko jarrera hobeagoa edo okerragoa izan, konbergentzia maila handiagoa edo txikiagoa da euskarazko adierazpen mintzatuarekin. Ondorio hori atera dute Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Baionako Euskara eta Euskal Testuen Ikerketa Zentroak (Iker) euskararekiko ukipenaren ondoriozko gaztelaniaren prosodiaz egindako ikerketa batean. Iker ikerketa-zentroa Frantziako Ikerketa Zientifikoaren Erakunde Nazionalaren (CNRS), Bordele Montaigne Unibertsitatearen eta Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatearen gerizpeko ikerketa gune mistoa da. Zehazki, ikerketaren aztergaia hizkuntza-ezaugarrien, adibidez, intonazio edo azentuazioaren hizkuntza batetik besterako transferentzia izan da, eta Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa- eta hiri-eremuetako gaztelaniazko hiztunei eta elebidunei egindako elkarrizketetan oinarritu da.
NUPeko ikertzaileak Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko lau irakasle dira, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren Katedrako kide diren hauek, hain zuzen: Alfredo Asiáin Ansorena, Magdalena Romera Ciria (aipatutako katedraren zuzendaria), Ekaitz Santazilia Salvador eta Juan José Zubiri Lujambio. Proiektu hori Espainiako Gobernuaren Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta prosodia, hau da, adierazpen mintzatuaren elementuak, esaterako, azentua, tonua eta intonazioa, ikertzen dituen hizkuntzalaritza-adarrean kokatzen da.
Sei herritako hiztunak
Aztergai gisa landa- eta hiri-eremuetako hiru hiztun mota hautatu dituzte: batetik, gaztelaniazko hiztun elebakarrak eta, bestetik, euskarazko eta gaztelaniazko hiztun elebidunak, nagusiki bi hizkuntzetako batean edo bestean aritzen direnak. Horretarako, Iruñeko eta Lakuntzako hiztunak (Nafarroa), Bilboko eta Lekeitiokoak (Bizkaia) eta Donostiako eta Ibarrakoak (Gipuzkoa) hautatu zituzten, elkarrizketak egin eta haien adierazpen- eta galde-perpausak aztertzeko. Araba ez zuten azterketa-eremuan sartu, euskararen tokiko aldaera duen herri bakar bat gelditzen baita han, Aramaio; 1.500 biztanle ditu, eta hiriburutik, Gasteiztik, urrun dago.
Magdalena Romeraren esanean, “ikertzaileek hizkuntza-konbergentzia maila handia aurkitu dute eremu horietako hiztunen gaztelaniazko eredu prosodiko batzuen eta euskararen ereduen artean, bai gaztelaniazko hiztun elebakarren artean, bai eta bi motetako bateko hiztun elebidunen artean ere. Esate baterako, adierazpen-perpausetan, azentu-gailurra silaba tonikoan duten goratasun-azentuen ehuneko handiagoa aurkitu dute; galde-perpaus absolutuetan, aldiz, beheranzko inguru zirkunflexuak gailentzen dira. Bi bereizgarri horiek eremu horietako euskara-aldaera mintzatuen berezko ezaugarriak dira”.
Halako transferentziaren kausetako bat hizkuntza-jarrerak izaten dira, hots, “hiztunek besteren talde etnolinguistikoaren hizkuntza-aldaerarekiko –kasu honetan, euskararekiko– azaltzen dituzten kontsiderazio subjektiboak, sentimenduak eta sinesmenak. Jarrerek eragin handia dute; izan ere, jarreren eraginez, hiztunek aldez aurreko joera handiagoa hartzen dute talde jakin batzuekin bat egiteko, talde horiekiko sinpatia handiago sentitzen baitute, eta haiekin erlazionatzea nahi baitute”.
Hizkuntza-aldaeren arteko konbergentzia prosodiko horren beste kausa bat “hizkuntza-egokitzearen” prozesua da. “Hizkuntza-egokitzearen prozesuan, hiztunek mintzatzeko modua aldatzen dute solaskidearen hizkerara egokitzeko, eta, hala, haren hizkuntza-barietatera gehiago hurbiltzeko edo hartatik gehiago aldentzeko. Hizkuntza-konbergentzia mekanismo ahaltsua da bestearen onespen soziala lortzeko, solaskidearekin edo solaskidearen taldearekin bat datozen hizkuntza-elementuak indartzen baitira. Hizkuntza-egokitzeak hiztunen hitz egiteko moduan aldaketa noizbehinkakoak eragin ditzake interakzioaren unean, baina baita hizkuntzan aldaketa iraunkorragoak ere azkenean”.