Joan eduki nagusira

zoom Juan de la Cierva laguntzak dituzten bi ikertzaileak. Daniel Merchán (ezk.) eta Iñigo Liberal, NUPeko Liburutegian.

Juan de la Cierva laguntzak dituzten bi ikertzaileak. Daniel Merchán (ezk.) eta Iñigo Liberal, NUPeko Liburutegian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bi ikertzaile hartu ditu bi urterako, doktore gazteak kontratatzeko Juan de la Cierva laguntzei esker. Laguntza horiek dagozkio Talentua eta bere Enplegagarritasuna I+G+b arloan Sustatzeko Programari, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako 2013-2016 Estatu Planaren barruan. Iñigo Liberal Olleta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean hasi da lanean, Inkorporazioa modalitatean. Modalitate horren xedea da doktoretza ondoko lehen prestakuntza-aldi batean eskuratutako gaitasunak finkatzea. Daniel Merchán Elenaren ikerketa-lana Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia dago, eta Prestakuntza modalitatea hartu du. Modalitate horren xedea da doktoretza ondoko prestakuntza osatzea doktoretza egiteko aukeratutakoak ez diren beste zentro batzuetan. Bi kasuetan, kontratuen kostuaren parte bat kofinantzatzen du Unibertsitateak.

Iñigo Liberal Olleta (Iruñea, 1985) ingeniaria da (2009) eta doktorea (2013) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio Ingeniaritzan, Espainiako Gobernuaren FPI beka bati esker (Ikertzaileen Prestakuntza) egindako tesi batekin. Azken hiru urtean, doktoretza ondoko ikertzailea izan da Pensilvaniako Unibertsitatean (Filadelfia, Estatu Batuak), Nader Engheta irakaslearen taldean. Bere ikerketa-jarduera esparru hauetan egiten du: antenen teoria, metamaterialak, nanofotonika eta optika kuantikoa. Ikertzaile bisitaria izan da zenbait erakundetan, hala nola Delfteko Unibertsitate Teknologikoan (Herbehereak, 2008), Aalto Unibertsitatean (Helsinki, Finlandia, 2011) eta Arizonako Unibertsitatean (Tucson, Estatu Batuak, 2012 eta 2013).

Hurrengo bi urteetan, Iñigo Liberalek espektroskopiako eta komunikazioetako sistema aurreratuetarako optika kuantikoko aplikazioan oinarritutako proiektu bat garatuko du. Bereziki ikertuko du, Iñigo Ederra Urzainqui irakaslearen zuzendaritzapean, “nola ahalbidetzen duten, oro har, argiaren eta eremu elektromagnetikoen izaera kuantikoak sistema horien prestazioak hobetzea –bereizmena, banda zabalera, selektibitatea, e.a.–, bai eta funtzionalitate berriak ere”, Iñigo Liberalen arabera.

Urari eta lurzoruaren higadurari buruzko azterketa

Bestalde, Daniel Merchán Elena (Malaga, 1983) Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da (2008), eta masterduna Baliabide Hidriko eta Ingurumenean (2009) Malagako Unibertsitatean. Ikertzaileak Prestatzeko beka-kontratu baten bidez (Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa), Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuan (Zaragozako Unibertsitatea) lan egin zuen, eta 2015ean Zaragozako Unibertsitatean doktore titulua lortu zuen. Zenbait seihileko egin ditu atzerrian: Doha (Qatar, 2009), Upsala (Suedia, 2013) eta Monterrey (Mexiko, 2016). Ingurumen hidrologiako eta azaleko eta lurpeko uren kutsadurako espezializaziori esker nazioko eta nazioarteko zenbait biltzarretan parte hartu du, bai eta hamalau artikulu argitaratu ere eragin handiko nazioarteko aldizkarietan.

Daniel Merchán NUPen egiten ari den lana uraren, sedimentuen eta nekazaritzako jarduera produktibo eta iraunkor baterako lur landuetan disolbatutako beste elementu batzuen sorrera eta igarotzeari buruzko proiektu baten barruan dago. Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatu Planak finantzatu eta Javier Casalí Sarasíbar irakasleak zuzentzen du proiektu hori.