Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Ignacio Matías ISCko zuzendaria eta Miroslav Zivanovic ikertzailea.

Ezkerretik eskuinera, Ignacio Matías ISCko zuzendaria eta Miroslav Zivanovic ikertzailea.

Miroslav Zivanovic Jeremic Seinalearen Teoria eta Komunikazioko irakaslea da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia dago. Smart Cities Institutuaren (ISC) eta haren zuzendaria den Ignacio Matías Maestroren lankidetzarekin software bat sortu du, pieza bat jotzen denean musika-partitura elektronikoetan orriak pasatzeko arazoa konpontzeko. Interpretatzaileari entzuten dion sistema da, eta partitura aurrera joatea ahalbidetzen du (atril elektroniko edo tableta bat euskarri edukita), joaldiaren tempora egokituz eta musikariak esku hartu beharrik gabe. Patentea lortzeko bidean dago orain aipatu sistema.

Nafarroako Blackbinder enpresa da merkataritza-ustiaketaren eta aplikazioa ondoren garatzearen arduraduna, NUPeko bi tituludunen lankidetzarekin. Hauek dira enpresaren jardueren esparruan tesia egiten ari diren tituludunak: Julen San Emeterio Uriz (Informatika Ingeniaritzakoa) eta Ainhoa Estenoz Abendaño (Telekomunikazio Ingeniaritzakoa eta Zivanovic tutore duena). Mundu osoko kontserbatorioek eta musika-eskolek agertu dute interesa garatu den sistema horretan, bereziki Estatu Batuetakoek. Duela gutxi proiektuaren bigarren fasea hasi da, eta bertan Unibertsitateko Matematika Saileko Marisol Gómez Fernández irakasleak hartuko du parte.

Irtenbide bat orriak arreta galdu gabe pasatzeko

Hasiera batean Blackbinder enpresa izan zen Unibertsitatearekin harremanetan jarri zena, partitura digitalen sistema perfekzionatzeko laguntza bila, eta gaur egun paperezkoak hobetu dituzte. Hain zuzen ere orriak pasatzea zen oztoporik handiena. Batzuetan interpretatzaileak berak ezin du hori egin, eta beste pertsona baten laguntza behar izaten du (paperezko partituren kasuan, gainera, zarata sortzen da, eta desatsegina izan daiteke musika entzuten dagoenarentzat). Interpretatzaileak partituraren orriak pedal baten bidez pasatzea ahalbidetzen duten atril elektronikoak existitzen dira gaur egun, baina erronka musikariak arreta ez galtzeko sistema diseinatzea zen, eta hori izan da NUPek lortu duen irtenbide teknologikoa.

Zivanovic irakaslea ingeniaria da Belgradoko (Serbia) Unibertsitatean, eta Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea NUPen. Ondoren doktoretza osteko egonaldia egin zuen IRCAMen (Institut de Recherche et Coordination Acoustique/Musique, Akustikaren eta Musikaren Ikerketarako eta Koordinaziorako Institutua). Aipatu institutua Pariseko Georges Pompidou Arte eta Kulturaren Zentro Nazionalaren mendeko da (Pompidou Zentro gisa ezaguna dena), konkretuki “Analyse et synthèse de sons” (Soinuen analisia eta sintesia) taldean. IRCAM erakundea munduko zentrorik garrantzitsuena da musikaren ikerketen alorrean. Zivanovicek, gainera, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioaren goi mailako titulua dauka gitarra klasikoan. Bere espezialitatea gailu elektronikoen, audioaren (musika eta ahotsa) eta biomedikuntzaren seinaleen prozesatze digitala da.