Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo, Carla Carbonell, Santiago Reinoso, Graçaliz Pereira, Jordi Portabella, Alfonso Carlosena, Javier Fernández Valdivielso, Borja Fernández-d’Arlas, Izaskun Azcona, Julián Aldaz eta Benigno Gómez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hiru ikertzaile kontratatu ditu talentua atzemateko dituen diru-laguntza batzuei esker, "la Caixa" Gizarte Obrak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatuta. Graçaliz Pereirak Dimuro Smart Cities Institutuan egingo du lan (ISC) eta Borja Fernández-d’Arlas Bidegain eta Santiago Reinoso Crespo, Material Aurreratuetako Institutuan (INAMAT) arituko dira lanean urtebetez.
Hiru ikertzaileen kontratazioa ekitaldi batekin eszenaratu dute. Bertan egon dira ikertzaileak eta, Unibertsitatearen izenean, Alfonso Carlosena errektorea, Ramón Gonzalo Ikerketarako errektoreordea eta Benigno Gomez Ikerketa Zerbitzuaren zuzendaria eta, finantzatzaileen izenean, "la Caixa" Kutxa Fundazioa ordezkatuz, Jordi Portabella (Ikerketa eta Ezagutza Ataleko zuzendaria), Carla Carbonell (Ikerketarako kudeatzailea) eta Izaskun Azcona (Nafarroako Lurralde Ekintzarako kudeatzailea) eta Nafarroako Kutxa banku Fundazioaren izenean, Javier Fernández Valdivielso (zuzendari nagusia) eta Julian Aldaz.
Talentua atzemateko laguntzen helburua da NUPeko ikerketa institutuetako ikerketa jarduera indartzea eta egonkortzea, egiten den ikerketa bikaintasunezkoa izan dadin. Deialdian sartzeko betekizunen artean 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen doktore izatea eskatzen zen, doktoretza aurreko prestakuntza NUPetik kanpo egin izana, edo bestela 2 urte pasatu izana, gutxienez, NUPekin loturarik eduki gabe eta doktoretza ondoko ikerketa-egonaldi bat egin izana NUPetik kanpo.
Ikertzaileen curriculumak
Graçaliz Pereira Dimuro (Pelotas, Rio Grande du Sul, Brasil, 1956) Ingeniaritza Zibilean graduatua da Pelotaseko Unibertsitate Katolikoan (1980), Konputazio Zientzietako masterra egin du Rio Grande del Sureko Unibertsitate Federalean (1992) eta Konputazio Zientzietan doktorea da unibertsitate berean (1998). Irakasle atxikia izan da Rio Grandeko Unibertsitateko Konputazio Zientzien Zentroan eta bertan irakasle izan zen Konputazioaren graduondoko programan eta Modelatu Konputazionaleko graduondoko programan. Ikertzaile ere lan egin du Brasilgo Garapen Zientifiko eta Teknologikoaren Nazio Kontseiluan. Bere ibilbidean espezializazio hauek erdietsi ditu: logika eta multzo lausoak, meatzaritzan eta datuen sailkapenean aplikazioak dituen tarteetako matematika eta jokoen teoria, sistema agente anitzak eta gizarte simulazioa.
Bestalde, Borja Fernández-d’Arlas Bidegain (Hondarribia, Gipuzkoa, 1980) Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea da, aurrez Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen unibertsitate berean (Zientzia Makromolekularraren espezialitatea) eta Materialen Ingeniaritzan Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu zuen. Bere ikerketa eremua Zientzia Makromolekularra eta polimero sintetiko eta naturaletan oinarritutako material berrien garapena da. Egindako lanak dentsitate handiko hidrogeno zubia duten polimeroen jokabide fisiko-kimikoari buruzkoak izan dira, adibidez poliuretano eta material naturalak, zetazko fibroinak eta keratinak kasu. 45 zientzia artikulu baino gehiago argitaratu ditu, bai ingelesez baita gazteleraz ere eta liburu bateko kapituluaren egilea da eta baita patente batena ere. Bere ibilbidean Norvegiako, Irlandako, Estatu Batuetako eta Argentinako laborategietan egin du lan.
Azkenik, Santiago Reinoso Crespo (Antzuola, Gipuzkoa, 1976) Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen (espezialitatea, Funtsezko Ez Organikoa) Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gero unibertsitate horretan bertan Materialen Kimikan Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu zuen eta Zientzia Kimikoetan doktoretza erdietsi zuen (Aparteko Sariarekin). 2005etik 2007ra ikerketa egonaldia egin zuen Jacobs University-n (Bremen, Alemania) Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker. 2007 eta 2011 urteen artean Juan de la Cierva kontratupeko ikertzailea izan zen Valentziako Unibertsitatean eta 2011 eta 2015 urteen artean ikertzaile doktore lan egin zuen UPV/EHUn. Nazioarteko aldizkaritan argitaratutako 49 zientzi artikuluren egilea da eta liburuetako bi kapitulurena eta kanpo finantzaketa duten hamar ikerketa proiektutan parte hartu du. Gainera 40 komunikazio aurkeztu ditu biltzarretan eta bi doktoretza tesiren zuzendarikidea izan daeta master amaierako bi lanena UPV/EHUn. Bere ibilbidean trantsizioko metalen eta lur arraroen koordinazio kimikan espezializatu da eta bereziki kluster oxometalikoen (polioxometalatoak) alderdi sintetiko eta egiturazkoetan.