

Eversens enpresaren bazkide sortzaileak, NUPeko campusean. Lehenengo lerroan, Francisco Javier Arregui (ezk.) eta Ignacio Matías. Atzeko lerroan, Juan María Pérez Azpeitia eta Leyre Ruete.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) oinarri teknologikoko enpresatzat aitortu du Eversens enpresa. Enpresa horren negozioa unibertsitate-ikerketako emaitzetatik sortua da. Horregatik, NUPeko “spin-off” enpresa gisa aitortu du, eta enpresaren kapital sozialaren % 3,94ko partaidetza izatea adostu du. Enpresa horren espezializazioa da arnasarekin botatzen diren biomarkatzaileak (giza hatsean daudenak) antzemanez diagnostiko kliniko ez-inbaditzailerako ekipoak diseinatu, garatu eta fabrikatzea.
Oinarri teknologikoko enpresek (OTE) edo “spin-off” motakoek, sarritan unibertsitateetan egiten den ikerketa lanaren ondorioz sortzen dira, eta beren jarduera prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko zientzia edo teknologia aurkikuntza berrien aplikazioetan oinarritzen dute. Halako enpresen garrantzia gero eta handiagoa da, unibertsitateak ingurura jakintza bestetaratzeko egiazko motor bihurtzen ari direlako, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten dutelako, industria inguruneari balio erantsi handia ematen diotelako eta gazteak lanean hastea errazten dutelako.
2015. urtean Unibertsitateak eta Cinfa farmazia-laborategiak lankidetzan egindako I+G proiektu bati esker sortu zen Eversens enpresa. Bazkide sortzaileak Francisco Javier Arregui San Martín eta Smart Cities institutuaren (SCI) zuzendaria den Ignacio Matías Maestro katedradunak eta NUPeko tituludun Leyre Ruete Ibarrola eta Juan María Pérez Azpeitia ingeniariak dira. Haiekin lankidetzan aritzen dira, halaber, alergologian eta asman adituak diren Nafarroako Ospitaleguneko eta Navarrabiomedeko (NUPeko eta Nafarroako Gobernuko ikerketa biomedikoko zentro mistoa) mediko espezialistak.
Garapen aurreratua, lehiakideen aurrean
Garatutako lehen gailua arnasaren bidez botatzen den oxido nitrikoaren neurketan datza, asma edo alergien bidez sortutako arnasbide hanturaren adierazlea baita. Gaur egun, enpresak badu dagoeneko prototipo bat, aire sintetikoaren nahasketekin (gas panel baten bidez lortutakoak) eta pertsonekin (esparru klinikotik kanpo) probatu dena. Produktu honek abantailak ditu mundu mailako bi lehiakideen aurrean, neurketa denbora gutxitzen baitu, zehatzagoa baita eta pazientearentzako erosoagoa.
Eversens enpresa produktu berriaren diseinua amaitzen ari da, eta prototipo berria ekoitziko du laster. Horretarako, produktua merkatuan sartzeko beharrezkoak diren homologazio guztiak pasatu beharko ditu. Nafarroako industria talde batek industrializazio prozesu guztia koordinatuko du, gailua urte bukaeran merkaturatzeko. Bezeroak ospitaleak, asman eta alergian espezializatutako zentroak eta osasun zentroak edota lehen laguntzako zentroak izango dira.
Enpresak Sodena Nafarroako Gobernuko sozietate publikoaren eta Clave Mayor sozietateak kudeatutako teknologia bestetaratzeko funts baten babes ekonomikoa du (UN Tech Transfer, Nafarroako Unibertsitateak Clave Mayor-ekin lankidetzan sustatutako funtsa, teknologia-proiektuak lehen faseetan laguntzeko). Gainera, 2016ko Nafarroako Gobernuko I+G+b diru-laguntzen deialdian, 195.000 euro jaso zituen guztira, Eversens berak, NUPekin, Navarrabiomedekin eta Jofemarrekin batera, aurkeztutako proiektu bati esker.
Eversens enpresa CEINen (Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa) Ekintzailetza Bultzatzeko Programan parte hartu ondoren sortu zen enpresa moduan, eta 2015. urtean lehen postua lortu zuen, Campus Iberusen eta eta CLH enpresaren (Compañía Logística de Hidrocarburos) Ekintzailetza Sustatzeko Sarietako negozio-ideien modalitatean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, estatutuen azken erreforman, oinarri teknologikoko horrelako enpresetan parte-hartzea sustatzea erabaki zuen. 2012an, arautegi bat onetsi zuen xede hauekin: "spin-off" enpresen bideragarritasuna eta biziraupena sustatzea, eta arautzea bai enpresa horietako langileen lotura, bai sortutako enpresen kapitalean Unibertsitateak partaidetza izateko baldintzak, bai eta haren instalazio eta zerbitzuetarako sarbidea ere. Horrekin guztiarekin, NUPek are gehiago sendotu nahi du garapen sozial eta ekonomikoaren motor gisa daukan zeregina.