Iovanna Alejandra Rodríguez Moreno Mexikoko Institutu Politekniko Nazionaleko (IPN) irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian ondorioztatu du genero ikuspegiarekin egindako ikaskuntza esanguratsuak eta IKTen erabilerak (Informazio eta Komunikazioen Teknologiak) ingeniaritzako ikasketetan mesedegarria dela ikaskuntzarako. Irakasle honen arabera, metodologia honetan genero ikuspegia aplikatzeak bi sexuen parte-hartze handiagoa dakar. “Onura nagusiak dira bai gizonek, bai emakumeek inhibiziorik gabe hitz egiten dutela eta eragiten diotela elkarri, eta emakumezko ikasle gazteek ziurtasun handiagoa dutela. Ezaugarri esanguratsua da hori, zeren ingeniaritzako emakumezko ikasleen kopurua nahiko txikia baita gizonezkoenarekin alderatzen bada”, azaldu du.
David Ausubel teorialari iparramerikarrak garatu zuen ikaskuntza esanguratsua. Irakaskuntza mota horretan ikasleak informazio berria jada badaukan informazioarekin lotzen du, eta bi ezagutzak berregokitzen eta berreraikitzen ditu prozesu horretan. Sistema horri esker informazio eta komunikazioaren teknologiak hobeki baliatzen dira, gardenago, erakargarriago eta interesgarriago bihurtzen baititu, Rodríguez Morenoren arabera. Bere ikerketa urrats bat harago joan da eta genero ikuspegia sartu du. “Genero ikuspegia ingeniaritzetako ikasketetan sartzeak esan nahi du gizon-emakumeek osatutako taldeekin lan egiten dugula, eta gizon-emakume horien eginkizunak eta ekarpenak bidezko moduan egiten direla; eta ikasleak motibatu behar direla berdintasunez hitz egin dezaten mapa kontzeptualak erabiliz —ezagutza antolatu eta adierazteko tresna grafikoak—”, esan du.
Mexikoko IPNko Ingeniaritza Mekaniko eta Elektrikoko Goi Mailako Eskolako (ESIME, Culhuacán) Konputazio Ingeniaritzako 5. seihilekoko ikasleek egin dute ikerketa. Doktore berriarentzat, ikerketak beren herrialdekoak (Mexiko) diren kultura eta gizarte ezaugarriak dituen pertsona talde bat aipatzen badu ere, lana eredu izan liteke hurrengo ikerketetarako.
Tesiaren izenburua “Alternativa sistemática con perspectiva de género mediante aprendizaje significativo usando TIC’s” da, eta Fermín González García NUPeko katedradunak eta Jorge Fernando Veloz Ortiz Mexikoko Institutu Politekniko Nazionaleko (IPN) irakasle eta ikertzaileak zuzendu dute.
Taldea berdintzea
Iovanna Alejandra Rodríguezen arabera, gizon-emakumeak genero ikuspegia aintzat hartzen duen ikaskuntza esanguratsuko giro batean integratzen direnean, taldea berdintzea lortzen da. Hala, “buruz ikastea oinarri zuten hesiak eraisten dira, eta horrek gizon-emakumeen arteko parte-hartze aktiboago bat dakar. Ezagutzaren negoziazioaren bidez, taldeko motibazioa eta desinhibizioa sortzen dira, batez ere emakumeen kasuan”, nabarmendu du ikertzaileak.
Horrez gainera, emakumeek jarrera integratzailea izatea lortzen da hizkera femeninoa erabiltzen bada, komunikazio adeitsu eta toleranteagoa sortzen baita. “Hizkera maskulinoa optimizatzeak nabarmen hobetzen du taldeari esleitutako eginkizunak betetzea, gizon-emakumeak sentsibilizatzen baitira, taldeko gainerako kideekin enpatia sortzen baita eta bi sexuen arteko integrazioa eragiten baita”, esan du doktore berriak.
Curriculum laburra
Iovanna Alejandra Rodríguez Moreno Mexikoko IPNko Ingeniaritza Mekaniko eta Elektrikoko Goi Mailako Eskolako (ESIME, Culhuacán) Konputazio Ingeniaritzako ingeniaria da. Bere ingeniaritza ikasketak amaitu eta gero, Hezkuntzako Masterra egin zuen Mexikoko Irapuatoko Unibertsitate Pribatuan. Egun Mexikoko IPNko Ingeniaritza Mekaniko eta Elektrikoko Goi Mailako Eskolako (ESIME, Culhuacán) irakaslea da, non Konputazio Ingeniaritzako graduan Automaten Teoria, Konpiladoreak eta Ingeniaritzako Proiektua irakasgaiak ematen baititu.
Doktore berriak Ikaskuntza esanguratsuari eta genero ikuspegiari buruzko hitzaldiak eman eta lanak argitaratu ditu nazioko eta nazioarteko zenbait forotan. Bere interes esparrua da genero ikuspegia aintzat hartzen duen ikaskuntza esanguratsua sustatzea irakaskuntzan-ikaskuntzan, gizakia aurreiritzi eta/edo estereotiporik gabe ikas dezan akuilatzeko.