Babes komunitarioko sareak (auzoetakoak, lan arlokoak eta asoziazionismokoak) sortzen dituzten gizarteek gizarte bazterketaren ondorioak arindu eta pobrezia egoerak hain bortitzak ez izatea lortzen dute. Fernanda Caro Blanco Gizarte Laneko irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesian jasotzen diren ondorioetako bat da hori. Tesiaren izenburua da “Inserción por el empleo de colectivos vulnerables: discursos y estrategias de los agentes de inserción”.
Ikertzailearen arabera, krisiaren etorrerarekin frogatu da gizarte bazterketari emandako banan-banako erantzunak ez direla beti baliozkoak, eta diseinatutako politikak berriz pentsatu behar direla, ahulenak diren taldeen beharrei erantzuteko. Alde horretatik, krisiak alderdi positibo bat eduki duela uste du. "Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma sareko lanaren adibide erakusgarria da. Indibidualtzat hartzen zen arazo bat, etxegabetzea, arazo kolektibo gisa ikusaraztea lortu du”, esan du Carok.
Krisiak gizarte bazterketa areagotu eta larritu duela abiapuntutzat hartuz, ikerketak aztertu du nola ari diren jokatzen gizarteratze eta laneratze eragileak, zein estrategia ari diren ezartzen errealitate berri hori konpontzeko, eta erakundeak, gizarte erakundeak eta profesionalak zein diskurtso egiten ari diren bazterketa egoerei eta gizarteratze eta laneratze prozesuei buruz.
Ikertzaileak nabarmendu du, 70eko hamarkadan langile auzoetan ematen ziren erantzun kolektiboak ez bezala, egungo gizartea "oso indibidualista" dela eta "norberaren interesa besterik ez duela kontuan hartzen". Hori dela-eta, lan komunitarioarekin lotutako ekimenen balorazio positiboa egiten du. “Azken urteetan, proiektu berriak sortzen ari dira, hala nola hirietako ortuak edo denbora bankuak. Gizarte bazterketa eragozteko balio ez badute ere, babes komunitarioko sareak sendotzen dituzte, eta pertsona zaurgarriak laidoztatzea eta bakartzea eragozten dute”, esan du doktoreak. Miguel Laparra Navarro, María Antonia Carbonero Gamundi eta Begoña Pérez Eransus irakasleek zuzendu dute tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Helburuak eta ondorioak
Ikerketa egiteko, Carok zenbait erakunde testu aztertu ditu, enpleguari eta hala gizarteratzeari nola laneratzeari buruzkoak, eta, horrez gainera, elkarrizketa sakonak egin dizkie talde zaurgarriekin alderdi horiek lantzen dituzten profesionalei.
Diskurtso eta estrategiak aztertu ondoren, doktore berriak lau jarduera-lerro proposatu ditu. Lehenengoa da talde zaurgarriei ematen zaien laguntza berriz diseinatzea. Alde horretatik, ikertzailearentzat nahitaezkoa da laguntza behar duen pertsonarekiko konpromisoa izatea laguntzaren abiapuntua, eta konpromiso horrek zintzoa izan behar du, eta ez laidoztatzailea eta paternalista.
Proposatzen den bigarren jarduera-lerroa enplegagarritasunaren ikuspegi berri bat da, pertsonaren bizi-aitorpena azpimarratuko duena, hots, zenbait alderditan, hala nola zenbat denbora igaro duen lan batean, zenbat denbora prestatzen edo zaintza lanetan, komunitateko lanean edo gizarte aktibismoan. Bestalde, bitartekaritzak, beharrezkoa bada, pertsonaren duintasunarekiko errespetua izan behar du abiapuntu, azpimarratu du Carok.
Hirugarren proposamena da ahalduntzea esku-hartzearen esparru guztietan sartzea; beste hitz batzuk erabiliz, botere partekatuaren nozio berri bat ezartzea, erabaki-hartze kolektiboetan eta eskubideen kontzientzia-hartzean oinarrituta. Caroren iritzian, “ahalduntzeak ahalmena dauka bakartasunetik ateratzeko, pertsona zaurgarriak ez ezik, integrazio sozialeko prozesu hauetan lanean dihardutenak ere”.
Azken proposamenak aipamena egiten dio sareko lanari banakako lanaren kaltetan, zeinak gizabanakoa bakartzen baitu, Caroren iritzian, eta, alde horretatik, komunitateko lanaren alde egiteko beharra azpimarratzen da. Ikertzailearen iritzian, nabarmendu behar litzateke garrantzitsua dela gizabanako eta eragile kolektiboak egotea, zeinak kontratuen eta interesen araberakoak ez diren elkartasuneko, elkarrekikotasuneko eta elkarren mendekotasuneko loturen bidez erlazionatzen baitira.
Curriculum laburra
Fernanda Caro Blancok 1988an lortu zuen Gizarte Laneko titulua Balear Uharteetako Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolan (EUTS-UIB). Gizarte langile aritu da Balear Uharteetako zenbait erakunde publiko eta pribatutan, gizarte integrazioarekin, drogen mendekoentzako arretarekin eta emakumeen gizarte sustapenarekin lotutako esparruetan.
2003az geroztik, Gizarte Laneko irakaslea da Balear Uharteetako Unibertsitatean, non Desparekotasunak, Generoa eta Politika Publikoak ikerketa taldeko kidea baita. Gizarte Zerbitzuen gaian ematen ditu eskolak, eta gizarte lanaren arloan lan egiten du gizarteratzearen eta adingabe arau-hausleentzako eta sistema judizial eta penalarekin lotutako pertsonentzako laguntzaren esparruan. Horrez gainera, Filosofia eta Letretako Fakultateko (UIB) dekanordea da, eta Gizarte Laneko gradu ikasketetako burua. Inklusioko gizarte politikei buruzko hainbat artikuluren egilea edo egilekidea da, eta hizlari gisa parte hartu du gizarte lanarekin, gizarte zerbitzuekin eta inklusioko gizarte politikekin lotutako jardunaldi, biltzar eta ikastaroetan.