Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo (ezk.) eta Robinson Ramírez-Vélez argazkia ateratzeko jarrita NUPen.

Mikel Izquierdo (ezk.) eta Robinson Ramírez-Vélez argazkia ateratzeko jarrita NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikerketa-proiektu batean lanean dihardu, Kolonbiako, Txileko, Estatu Batuetako eta Espainiako beste lau unibertsitaterekin batera, intentsitate handiko entrenamendu interbaliko edo “High-Intensity Interval Training” (HIIIT) deritzana egiteak osasunerako dituen onurak aztertzeko. Entrenamendu horretan gutxienez lau aldiz eta gehienez sei aldiz errepikatzen dira iraupen laburreko ariketak (gutxienez hogeita hamar segundo eta gehienez lau minutu), intentsitate handiarekin (gehieneko bihotz maiztasunaren % 85-95aren gainetik), eta hiru eta lau minutu bitarteko leheneratzearekin. Aurretiazko azterketek frogatu dute entrenamendu hori egiteak modu esanguratsuan hobetzen dituela adinarekin lotutako osasun-adierazle batzuk (kolesterola, glukosa, bihotz eta arnas gaitasuna...), bai pertsona osasuntsuetan, bai arrisku kardiobaskularra dutenetan edo gaixotasun kardiometabolikoak dituztenetan. Ekimen honek hiru urtean aztergai izango du pertsona bakoitzak nola erantzuten dion entrenamendu mota horri, etorkizunean nahieran eta norberari egokitutako entrenamendu programa bat egiteko.

Proiektuan elkarlanean ari dira, NUPez gainera, Bogotáko (Kolonbia) Del Rosario Unibertsitatean, Atlantako (Estatu Batuak) Emory Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea (Espainia) eta Santiago de Chile Unibertsitatea (Txile). Del Rosario Unibertsitateak eta Colciencias Unibertsitateko Ikerketa Funtsak (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sail Administratiboa, zeina Kolonbiako Lehendakaritzaren mendekoa baita) finantzatzen dute. Izan ere, proiektuaren koordinatzailea da Robinson Ramírez-Vélez Zientzia Biomedikoetan doktorea eta Del Rosarioko Unibertsitateko Medikuntzako eta Osasun Zientzietako Eskolako Ariketa Fisikoa Neurtzeko Ikerketa Zentroko (CEMA) irakasle titularra.

“Egun, gaixotasun transmitiezinek 38 milioi pertsona hiltzen dituzte urtero, bereziki diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan –azaldu du Mikel Izquierdo Redín NUPeko Osasun Zientzien Saileko katedradunak eta proiektuko parte-hartzaileak–. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaixotasun kardiobaskularrak dira prebalentzia handiena dutenak, 17,5 milioi gaixo berri baitituzte urtero. Atzetik datoz minbizia, arnasketa gaixotasunak eta diabetesa”.

Ariketa fisikoa da gaixotasun horien prebentziorako gomendatutako jardun osasuntsuetako bat. “Berriki zenbait ikerketa argitaratu dira, frogatzen dutenak intentsitate handiko entrenamendu interbalikoko saioak dituzten programek erantzun fisiologiko, metaboliko eta hormonalak sortzen eragiten dituztela, eta erantzun horiek ohiko entrenamendu arin-gogor jarraituarekin lotzen diren aldaketen antzekoak dira”, Izquierdoren eta Ramírez-Vélezen arabera.

Zátopekek jendarteratu zuen

Hans Reindell kardiologoak azaldu zuen lehenengo aldiz entrenamendu interbalikoa Alemanian 30eko hamarkadan, eta gero Emil Zátopek iraupen probetako txapeldun olinpiko txekiarrak jendarteratu zuen 50eko hamarkadan. Entrenamendu mota horren adibide bat da astean bitan lau solairuko eskailerak igotzea erritmo handian.

“Osasun publikoaren ikuspegi batetik, intentsitate handiko entrenamendu interbalikoa duten protokolo deritzatenek garrantzia zientifiko handia dute, denborarik eza eta sedentarismoa baitira oraindik ere bi oztopo aipatuenetakoak, adin guztietan kirola egitea eragozten dutenak –esan du Mikel Izquierdok–. Epe motzean, protokolo hauek dituzten programek frogatu dute metodo seguruak direla, modu esanguratsuan hobetzen dituztela adinarekin lotutako zenbait osasun-adierazle, hala nola, bihotz eta arnasketa gaitasuna, gorputz osaera, funtzio endoteliala eta glukosa- eta lipido-markagailuak bai gizaki osasuntsuetan, bai arrisku kardiobaskularra dutenetan, gehiegizko pisua, sedentarismoa edo dieta desegokia dela-eta, edo gaixotasun kardiometabolikoren bat dutenetan hipertentsio arterialagatik, bihotz hutsegite kongestiboagatik edo sindrome metabolikoagatik”.

Heldu sedentarioak

Proiektuaren xedea da pertsona heldu sedentarioen eta gehiegizko pisua dutenen osasun kardiometabolikoan zenbait ariketa fisikok eta intentsitatek dituzten ondorioak eta prebalentzia ebaluatzea, pertsona bakoitzaren erantzunean.  “Lankidetza-proiektu honetan lortutako emaitzekin gaixotasun transmitiezinen garapenean egon daitezkeen mekanismoak argitzen lagundu eta informazioa eman ahalko da, gaixotasun horiek bizitzako edozein alditan prebenitzeko esku-hartzeak diseinatu eta inplementatzeko, modu pertsonalizatuan”, Mikel Izquierdo eta Robinson Ramírez-Vélezen arabera.