Ibai García Tabar Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunak (Euskal Herriko Unibertsitatea) dio odoleko laktato-atalasea neurtzea dela metodo eraginkor, zehatz eta merkeena kirolarien edo populazio-sektore berezien gaitasun aerobikoa zehazteko. Sistema hori dagoeneko erabiltzen dute kirolariek eta profesional-taldeek, baina ez da beti eskuragarri izaten kirolari amateurrentzat edo baliabide ekonomiko mugatuak dituzten gaixoentzat, profesional gaituek gainbegiratu behar baitute. Hori dela eta, Ibai García Tabar ikertzaileak hiru tresna proposatu ditu gaitasun aerobikoa errazago eta merkeago zehazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesi honetan: “Determination of the aerobic capacity in amateur to elite athletes and elderly men, with special reference to the development of functional strategies to overcome actual on-field hitches” (Gaitasun aerobikoa zehaztea metodo praktiko, merke eta submaximoen bidez).
Lehen tresna pultsometroa da, eta gehieneko bihotz-maiztasunaren % 90i loturiko abiaduraren bidez neurtzen du gaitasun aerobikoa. "Sistema hori oso praktikoa da, ez baita osasun-langilerik behar. Espezialisten laguntzarik gabe monitoriza dezakegu gaitasun aerobikoa", dio Ibai García Tabarrek.
Bigarren tresna bihotz-maiztasunaren aldakortasuna erabiltzen duen pultsometro bat da. Sistema hori erabiltzeko, aldiz, beharrezkoa da entrenatzaile edo prestatzaile fisiko batek jarraipena egitea, kontrol sakonagoa eskatzen duen prozesu matematiko berezi bat egin behar baita.
Hirugarren baliabidea odol-lagin bat hartu eta laktatometro batekin odoleko laktato-kontzentrazioa neurtzea da. Diabetesa dutenek odoleko glukosa-kontzentrazioa neurtzeko erabiltzen duten gailuaren antzekoa da laktatometroa. "Bost-hamahiru minutu behar dira horretarako, eta eguneroko ohitura gisa har lezake erabiltzaileak. Entrenamenduen intentsitatea etengabe egokitzeko balio lezake, eta futbol-jokalari baten gaitasun aerobikoaren bilakaeraren segimendu zehatzagoa egiteko, adibidez, lesio baten ondoren berregokitzeko azken etapan. Gainera, gainkarga-aldi baten ondorengo neke-maila ebaluatzea ere erraztuko luke", dio ikertzaileak. Mikel Izquierdo Redín eta Esteban Gorostiaga Ayestarán irakasleek zuzendu dute tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du.
Bi sistema gaitasun aerobikoa ebaluatzeko
Gaur egun, gaitasun aerobikoa zehazteko erreferentziako bi metodo ohikoenak dira gas-analizatzaile elektroniko eta automatizatuak eta odoleko laktato-kontzentrazioa neurtzea. Azken hori 80ko hamarkadan zabaldu zen, bereziki, kirol-arloan; esparru klinikoan, aldiz, arnas-gasen ebaluazioa da nagusi oraindik ere.
Ikertzailearen ustez, nahiz eta gas-analizatzaile elektronikoen erabilera oso zabalduta egon sasoi aerobikoa eta iraupen handiko kirol-errendimendua zehazteko, akats sistematiko nabarmena eragiten dute gehieneko oxigeno-kontsumoa neurtzean. "Hori konpontzeko modua da ebaluazioa bukatutakoan emaitzak egiaztatzea eta hasierako kalibraketarekin bat datozen begiratzea. Hori, ordea, gas-analizatzaile erdiautomatikoetan baino ezin da egin".
Horregatik, odoleko laktato-atalaseak zehazteko metodoaren alde agertu da ikertzailea, aldaera gehiago aintzat hartzen dituenez zehatzagoa baita eta populazioaren sektore gehiagorentzat izan baitaiteke baliagarria. "Hirugarren adinekoentzat eta gaixoentzat da bereziki gomendagarria odoleko laktato-kontzentrazioaren ebaluazioa, gehieneko oxigeno-kontsumoa neurtzen ez duenez ez baita beharrezkoa erabiltzailea muturreraino eramatea, eta, beraz, ez baita premiagabeko arriskurik hartu behar".
Ibai García Tabarrek espero du, batetik, tesian egindako proposamenak baliabide praktikoak izatea eta, bestetik, ikerketaren mundua eta egiazko mundua eta kirolen arloa elkarrengana hurbiltzea; izan ere, ikertzaileren iritziz, gaur egun gehiegizko urruntasuna dago mundu horien artean, eta hori konpondu beharra dago.
Curriculum laburra
Ibai García Tabarrek (1987) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentzia lortu zuen 2010ean, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero, Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Proiekzioko Zerbitzuak beka bat eman zion, MSc Sport Performance Enhancement (Kirol Errendimendua Hobetzea) izeneko zientzia-masterra egin zezan Edinburgh Napier University unibertsitatean (Erresuma Batua). Edinburgoko egonaldian, zenbait kirol-talderi aholku eta laguntza tekniko-zientifikoa ematen aritu zen, besteak beste, mendiko txirrindularitzako Eskoziako taldeari.
2011n, Nafarroara bueltatu zen Nafarroako Gobernuaren Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako beka batekin, eta Kirolaren Azterketa, Ikerketa eta Medikuntzaren Zentroan (Nafarroako Gobernuaren mendeko erakundea) aritu zen lanean 2015era arte. Zientzia eta teknologia zabaltzeko hainbat ekitalditan parte hartu du Nafarroan, Espainian eta nazioartean, eta egonaldi bat egin zuen Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko Gizakien Errendimenduko Laborategian, biologia molekularreko teknikak ikasteko.