Elisa Sierra Hernáiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak haurdunaldiaren eta edoskitze naturalaren babesari buruzko liburu bat idatzi du egoera horretan dauden emakumezko langileen osasuna aurrez zaintzearen eta osotasun fisikoa babestearen ikuspegitik. Liburuan, gai honen inguruan auzitegiek finkatutako doktrina eta enpresen hitzarmen kolektiboak eta berdintasun-planak deskribatzen dira; izan ere, "enpresetan, gai honen ezarpen-maila uste izateko denaren azpitik dago, nahiz eta eginkizun garrantzitsua izaten ahal duen", dio idazleak. Arrisku batzuen aurrean bereziki sentiberak diren langileen inguruko ikerketa-proiektu zabalago baten emaitza da liburua, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea jaso duen proiektu batena, hain zuzen ere.
Prevención de riesgos laborales, embarazo de la trabajadora y lactancia natural du izena liburuak, eta Thomson Reuters Aranzadi argitaletxeak eman du argitara. Elisa Sierraren esanean, "Liburuaren abiapuntua arautzen den egoeraren konplexutasuna da; izan ere, konplexutasun horren ondorioz, erronka berriak gehitzen zaizkie etengabe doktrina eta jurisprudentzia laboralistek identifikatutako arazo zaharrei".
"Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26. artikuluan dago gaia araututa" —azaldu du Elisa Sierra Zuzenbide Pribatuko Saileko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titularrak—. "Gai hori, ordea, ezin da hartu enpresarien prebentzio-betebehar soil gisa, emakumezko eta gizonezko langileen aukera-berdintasunerako politikan sartu beharreko elementu gisa baizik, eta ikuspuntu globala eta zeharkakoa izan behar du. Ezin dugu ahantzi emakumezko langileen haurdunaldia eta haur jaioberrien arreta —kasu honetan, edoskitze naturalaren bidez— izan direla eta direla oraindik ere emakumezkoak lan-arloan diskriminatzeko arrazoi nagusiak eta azkenak, familiaren arretaren eta zaintzaren inguruan emakumezkoek betetzen duten rol sozialarengatik, nahiz eta azken hamarkadetan aldaketa garrantzitsuak eta bilakaera soziala izan diren gure gizartean".
Diskriminazioaren aurkako neurriak
Ikerlariak dioenez, gaur egungo prebentziozko lege-erregulazioaren helburuetako bat da "haurdunaldiak eta edoskitze naturalak ez dezatela oztopatu eta zigortu emakumezkoek lan-merkatuan segitzea. Horretarako, zenbait neurri daude aurreikusita, besteak beste, lan-harremana eteteko aukera, Gizarte Segurantzako prestazio bat eskuratzeko eskubidea eta halako egoerei lotuta enpresak hartutako edozein neurri baliogabea izatea.
Garrantzitsua da Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen alderdi bermatzaile hori sexuen arteko berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko eskubidearen adierazpen gisa azpimarratzea" —gaineratu du Elisa Sierra Lan Arriskuak Aurreikusteko Masterraren zuzendariak—. "Hala ere, alderdi hori ezin da jo lana eta familia bateragarri egiteko emakumezko langileen —edo baita familiaren— eskubide gisa; izan ere, lege horren 26. artikuluaren xede bakarra da haurdun dauden edo seme-alabei bularra ematen dieten emakumezko langileen osasuna eta osotasun fisikoa babestea, eta ez sexuen arteko aukera-berdintasuna lortzea".
Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26. artikulua bi ikuspegitatik ikertu du Elisa Sierrak: batetik, legea interpretatzeaz arduratzen diren auzitegien doktrinaren ikuspegitik; eta, bestetik, enpresen hitzarmen kolektiboetako eta berdintasun-planetako erregulazioen ikuspuntutik, hori baita, hain zuzen ere, "emakumezko langileen errealitatean planteatzen den gai konplexuenetako bat". Hori dela eta, Elisa Sierrak zazpi enpresa eta erakunderen erregulazio onen adibideak eman ditu liburuan, bide-erakusle izan daitezen etorkizunean gai honen inguruko arauak ezartzeko.