Francisco Idareta Goldaracena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzailea da. Tresna bat diseinatu du, Gizarte Zerbitzuak eta antzekoak erabiltzen dituztenek pairatzen duten indarkeria mota eta graduak identifikatu eta neurtzeko, eta bide batez profesionalen multzoa sentsibilizatu nahi du, indarkeria mozorrotzea arriskutsua dela erakutsiz. Ikerketa hau aitzindaria da Espainian. Gobernuaren Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioak finantzatu du, "Erabaki etikoak hartzea Gizarte Laneko jardun profesionalean" izeneko proiektuaren barruan.
NUPeko ikertzaile honek "Erabiltzailearen Indarkeriaren Eskala" (EIE) sortu du, zeinak ordenan jartzen baititu Gizarte Laneko profesionalengan gertagarri diren indarkeria mailak, baita "Erabiltzailearen aurkako Indarkeriaren Indizea Atzemateko Galdetegia" (EII-G) tresna ere, boterearen gehiegikeriak neurtu eta aurreikusteko diseinatua eta balioztatua.
"Galdetegia tresna eraginkorra da jardun profesionalean gertagarri diren indarkeria mota guztiak identifikatzeko, eta profesionalen multzoa kontzientziatzeko, eragiten ahal dituzten botere-gehiegikeriei buruz. Aholkularitza etikorako eta gizarte esku-hartzearen etika ikertzeko ere balio du, gizarte esku-hartzearen profesionalek beren buruari aplikatzeko eta etika batzordeek administratzeko. Eta sortzen ari den interesa dela-eta, bai maila akademikoan eta baita maila profesionalean ere, pentsatzen ari gara mugikorretarako aplikazio bat sortzea ere merezi ote duen", baieztatu du Idaretak, zeina María Jesús Úriz Pemán irakasleak zuzentzen duen NUPeko Efimec (Etika, Filosofia eta Zientziaren Metodologia) ikerketa taldeko kidea baita.
Boterea erabiltzea eta gehiegikeriaz erabiltzea
"Inork ez du zalantzan jartzen Gizarte Laneko profesional gehienek ongi erabiltzen dutela esleitzen zaien boterea —dio Idareta Gizarte Laneko Saileko irakasleak—. Hala ere, botere hori daukatenez, batez ere bi jardun profesional garrantzizkoenetan, elkarrizketa eta diagnostikoa, alegia, baliteke inoiz gaizki erabiltzea botere hori. Hitz batez, eta botere hori erabiltzailearen mesedetan egoki erabiltzen dela aitortzen den bezala, beharrezkoa da onartzea argi eta garbi batzuetan gehiegikeriaz erabiltzen ahal eta erabiltzen dela norberaren probetxuan, eta boterea gehiegikeriaz erabiltzeari esaten diogu erabiltzailearen aurkako indarkeria.
Alde horretatik, Idaretak argitzen du "Gizarte Lanean puntu honetara iritsi bagara, gure diziplina aski heldutasuna lortu duelako da, alegia profesionalen multzoak erabiltzaileen aurka egin lezakeen gehiegikeriazko erabilera deblauki aitortu, eta ondoren behar diren urratsak egiten hasteko, horrek erakusten duelarik, behin berriro, bere sentiberatasun etiko bikaina".
Indarkeria mozorrotzeko eufemismoak
Idaretak ikusi du Gizarte Laneko jardun profesionalean joera dagoela erabiltzailearen aurkako botere-gehiegikeria ezkutatzeko: "hau bezalako eufemismoen azpian : praxis txarra, utzikeria, zuhurtziarik eza...". "Alde batetik, hots itsusia duen hitz bat, indarkeria edo botere gehiegikeria kasurako, kendu eta normalagoak diren beste batzuk erabiliz gero, mozorrotzen den hitzaren bortxa eta oihartzuna bistatik galtzen dugu, baita haren ondorioak ere —azaldu du—. Eta beste alde batetik, botere-gehiegikeria edo beste indarkeria mota batzuk zertan dautzan ez argitzeak, eta erabiltzaileei beren aurka erabil daitezkeen indarkeria-motei buruz informazio ez emateak, ekar dezakete profesioarekiko mesfidantza eta sinesgarritasun falta gizartearen aldetik". Horregatik guztiarengatik, Espainian ez dago arazo honi buruzko lanik, ia batere ez.
Beste zenbait laguntza-profesiotan gertatzen den bezala, gaur egun Gizarte Lanean "pairatzen den indarkeria" soilik hartzen da indarkeriatzat, baina ez "eragiten dena". "Profesionalen multzoak, gehienetan, 'boterearen objektutzat' hartzen du bere burua, baina ez 'boterearen subjektutzat'. Eta profesional multzo honen aurka eragiten den indarkeria identifikatzeko gauza diren bezala, gauza izan beharko lirateke ikusi eta aitortzeko haiek ere erabiltzen ahal eta erabili egiten dutela indarkeria erabiltzaileen aurka", adierazi du ikertzaileak.
Izan ere, Gizarte Laneko Kontseiluaren Deontologia Kodeak, 2012an gaurkotu zenak, bakarrik aitortzen du "profesionalek ez dutela erabili behar daukaten boterea beren onuraren alde". Baina hortik botere hori gehiegikeriaz erabiltzen ahal dutela, botere gehiegikeria mota batzuk daudela, identifikatu behar direla eta horrela lortuko dugula saihestea argi eta garbi onartzera bide oso luzea dago", esan du Idaretak, zeina gizarte langile aritu baitzen zenbait urtetan NUPen doktoretza egin baino lehen. Esan behar da bere tesi hori izan zela Espainian doktoretza aparteko sari bat lortu zuen gizarte lanari buruzko lehen tesia, profesioaren historia osoan.
Etika ezinbestekoa
Ikertzaile honen aburuz, Etika "funtsezkoa da, alde batetik Gizarte Laneko profesionalak sentsibilizatzen dituelako egiten ahalko lituzketen eta egin egiten dituzten botere gehiegikerien aurka, multzoaren barruan jarrera kritikoa eta autokritikoa sustatzen duelako; eta beste alde batetik, erabiltzaileak babesten dituelako profesional hauen balizko botere gehiegikeriaren aurka".
Horregatik guztiarengatik, Francisco Idaretak eskatzen du "definitzea eta azaltzea, ahal delarik Gizarte Laneko Deontologia Kodean bertan, zer den botere gehiegikeria eta indarkeria gizarte esku-hartzean". "Izan ere, gizarte esku-hartzearen indarkeriaren teoria baten gainean lanean hasi behar dugu, horrela identifikatu ahal izateko eta horrela salatu ahal izateko", amaitu du.