Ramón Gonzalo Ikerketako errektoreordea (ezk.), eta José Miguel Múgica NADOEren zuzendaria, doktoretzako ikasleei zuzendutako ongietorri-egunean.
Guztira 385 ikasle ari dira ikasketak egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2016-17 ikasturtean. Horietatik, 335ek espainiar nazionalitatea dute eta gainerako 50ak lau kontinentetako 22 herrialdetakoak dira (31 Amerikakoak, 10 Europakoak, 5 Afrikakoak eta 4 Asiakoak).
Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) ongietorri-egun bat antolatu du titulazio hau egiten hasi direnentzat, ikasketa hauei eta ematen zaizkien unibertsitateko zerbitzuei buruzko informazioa emateko. Ramón Gonzalo García Ikerketako errektoreordearen agurraren ondoren, José Miguel Múgica Grijalba NADOEko zuzendariak doktoretza-ikasketak aurkeztu ditu; Javier Samanes Pascualek, Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak (TECOMBER) programan matrikulatuak, bere esperientziaren berri eman du bere tesiaren ikerketa lanean ari den doktoregai baten ikuspegitik; eta Josune Urzainki Mikeleiz Unibertsitate Arretarako Unitateko teknikariak ikasle hauek erabilgarri dituzten NUPeko zerbitzuak izan ditu mintzagai.
Prestakuntza ikertzeko
Doktoretza arautzen duen 2011ko 99/2011 Errege Dekretuaren arabera, doktoretza da kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa. NUPi dagokionez, doktoretza-prestakuntza hiru atal nagusitan antolatzen da: enbor komun bat doktoregai guztientzat, tesiaren jarduerarekin lotua; prestakuntza espezifiko bat programa bakoitzean, bere ikerketa-lerroen gaitasun propioekin lotua; eta zeharkako prestakuntza bat, batez ere laneratzera orientatutako gaitasunak hartzearekin lotua.
Egun, NUPek hamahiru doktoretzaprograma eskaintzen ditu, unibertsitateko ikasketak egituratzeko dauden bost adarrei dagozkienak. Lehenengo multzoak Arte eta Giza Zientzien adarra eta Gizarte Zientzia eta Zientzia Juridikoen adarra hartzen ditu, eta diziplina-anitzeko bi programa eskaintzen ditu (Giza Zientziak eta Gizarte Zientziak; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea) eta espezializatuagoak diren hiru (Ondarea, Gizarteak eta Muga-guneak; Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa / Economics, Management and Organization). Bigarren multzoa Zientzia eta Ingeniaritza eta Arkitektura adarrei dagokie, eta diziplina-anitzeko programa bat eskaintzen du (Industria Zientziak eta Teknologiak) eta fokalizatuagoak diren sei (Ingurumen Agrobiologia; Nekazaritzako Elikagaiak; Matematika eta Estatistika; Kimika Sintetikoa eta Industriala; eta Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak (TECOMBER). Azkenik, Osasun Zientzien jakintza-arloan, programa bakarra dago (Osasun Zientziak).
Doktoretza-programa horiek guztiak 2011ko Errege Dekretuak arautzen baditu ere, oraindik 151 ikasle daude matrikulatuta 2007ko 1393/2007 Errege Dekretuak araututako 21 programetakoren batean, zeinak iraungitze-bidean baitaude. Horrek esan nahi du doktoretza-tesia 2017ko irailaren 30a baino lehen defendatu behar dutela. Bestela, programa berrietan onartuak izateko eskaera egin beharko dute. Jada 234 pertsona daude matrikulatuta programa horietan.
Ikasleen jatorria
Ikasleen jatorriari dagokienez, espainiar nazionalitatea duten 335 ikasleez gainera, gainerako 50 ikasleak Amerikako hamabi herrialdetakoak dira. Hauek dira herrialdeak: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Peru eta Venezuela.
Europari dagokionez, bost herrialdetakoak dira (Italia, Irlanda, Polonia, Portugal eta Errumania); Afrikari dagokionez, hiru herrialdetakoak (Kamerun, Maroko eta Mauritania); eta Asiari dagokionez, bi herrialdetakoak (Txina eta Jordania).