“Huarte de San Juan. Filología y didáctica de la lengua” aldizkariko azken zenbakiaren azala, NUPek argitaratua .
Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika" aldizkariaren 16. zenbakia argitaratu berri du, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen bidez. Patricio Hernández Pérez Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko katedraduna da aldizkariaren zuzendaria, eta Magdalena Romera eta Mónica Aznárez sail bereko irakasleak, berriz, argitaratzaileak. Aldizkariaren 16. zenbakia monografiko bat da, eta izenburu hau du: “Estudio y transmisión del Patrimonio Cultural Inmaterial: aportaciones desde la lingüística, la literatura y la didáctica” (Kultura-ondare materiagabearen azterketa eta transmisioa: linguistikaren, literaturaren eta didaktikaren ekarpenak).
Argitalpena doan eskura daiteke Academica-e online erakunde-biltegian. Ekarpen honekin, NUPeko Kultura Ondare Materiagabearen Artxiboaren Katedrak kultura-ondare materiagabea gordetzen, ikertzen eta transmititzen lagundu nahi du, ahozko tradizioaren eta hizkuntza-berezitasunen eremuan, bereziki.
Monografikoan, zenbait ikuspegitatik ikertzen dute kultura-ondare materiagabea aipatutako katedrako eta katedraz kanpoko zenbait ikertzailek. Aldizkariaren 16. zenbakiak bi atal hauek ditu: batetik, “Estudios lingüísticos y literarios” atalean, bost lan jasotzen dira, zeinetan fraseologiaren, fonetikaren, ahozko tradizioko literaturaren eta diskurtsoaren azterketa multimodalaren ikuspegitik aztertzen baitira kultura-ondare materiagabearen datuak; eta, bestetik, "Propuestas didácticas" atalean, lau proposamen didaktiko egiten dira, ondare-mota hori hezkuntza-esparruaren bidez transmititzeko eta babesteko.
Monografikoaren egileen ekarpenak
Lehen atalean, Mónica Aznárez Mauleón eta Ekaitz Santazilia Salvador Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko ikertzaileek hurbilketa bat egiten dute euskararen eta gaztelaniaren fraseologia-ondarearen emozio batzuen kontzeptualizaziora. Sail horretako Nayim Medina del Moral eta Magdalena Romera Ciria ikertzaileek euskarazko sisipasa aztertzen dute Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren datuetan. Horietaz gainera, Alexandra Larraldek Nafarroa Behereko ahozko literatura-ondareari buruzko artikulu bat argitara eman du, zeinetan ikerketa baten lehen urratsen berri ematen baitu, eta Consuelo Allué Villanueva NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko ikertzaileak Falangeko Emakumeen Atalaren neskentzako herri-kantak errepasatzen ditu. Lehen atala bukatzeko, “Multimodalidad y Patrimonio Cultural Inmaterial (PCI)” izeneko artikulua idatzi du Alfredo Asiáin Ansorena Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasleak.
Bigarren atalean, A Coruñako Unibertsitateko bi irakaslek parte hartu dute: María Bobadilla Pérez eta Pilar Couto-Cantero Didaktika Espezifikoen Saileko irakasleek. Lehenengoak proposamen didaktiko bat egin du, espainiar kulturaren ondare materiagabearen adibide gisa emakumezko zigarro-egileen ohitura, erritu eta tradizioak hartuz. Bigarrenak “El patrimonio cultural inmaterial para el fomento de la interculturalidad en las aulas de aprendizaje: el Coco” izeneko artikulua idatzi du, A Coruñako Unibertsitateko David Leira Caparrósekin batera. Bestalde, NUPeko Mª Victoria López Pérez Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakaslea “Desarrollos didácticos del Archivo del Patrimonio Inmaterial de Navarra (APIN): un proyecto de lengua castellana y literatura en secundaria” izeneko artikuluaren egilea da; eta, azkenik, Gabriel Rubio-Navarro Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailari atxikitako irakaslea “Descubrir el patrimonio inmaterial a través de la creación de narrativas digitales con Scratch” artikuluarena.