Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Javier Arlegui (ezk.) eta Alfredo Pina, hezkuntza robotika batekin.

Ezkerretik eskuinera: Javier Arlegui (ezk.) eta Alfredo Pina, hezkuntza robotika batekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakaslek hezkuntza-robotikak dituen aplikazio didaktikoak aztertzen dituen liburu bat idatzi dute. Javier Arlegui de Pablos eta Alfredo Pina Calafi irakasleek 10 eta 14 urte arteko ikasleekin lan egiten duten Lehen Hezkuntzako eta DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) irakasleei zuzentzen diete beren lana, baita beste hauei ere: irakaskuntzarekin loturiko graduak edo unibertsitate masterrak egiten dituztenei, hezkuntza administrazioko teknikariei, eta arlo honi buruz gehiago jakiteko interesa duten gurasoei. Ez da ahaztu behar arlo honek zientzia eta teknologiako proiektuak garatzeko bidea ematen duela, hizkuntzalaritza-lanekiko lotura zuzenarekin.

Liburuaren izenburua hau da: "Hezkuntza-robotikaren didaktika. Ikuspegi konstruktibista bat". Dextra Editorial argitaletxeak argitaratu du eta bere egileen gogoeta teoriko-praktiko luze baten ondorioa da, biak aritu baitziren, 2006 eta 2009 artean, metodo konstruktibistetan oinarritzen zen robotika-hezkuntzari buruzko proiektu europar batean. Ikuspegi pedagogiko honek Jean Piaget edo Lev Vygotski bezalako teorikoen ekarpenetatik edaten du, zeinek ikasketa prozesuak azaltzen baitituzte aldez aurretik hartutako ezagutzetatik abiaturik egiten den eraikuntza bat bezala.

"Liburu hau ez da bereziki teknologia irakasleentzat, baizik eta eskola-robotika hainbat arlotako eta diziplinatako irakasle-talderen topagune ona izan litekeelako ideia ontzat eta fidagarritzat jotzen duen irakasle multzo zabal batentzat, uste baitute beren ikasleengan irakaskuntza konstruktibistaren praktika onak sustatzeko baliagarria dela", esan du Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko Alfredo Pina irakasleak.

Izan ere, liburuaren egileek deskribitzen dute nola roboten hezkuntza-eraikuntzak zenbait egoera didaktiko sorrarazten dituela, eta horietan fisikari, matematikari, biologiari eta diseinuari buruzko jakintzak integratu behar direla. Robota muntatua denean, funtziona dezan, beharrezkoa da programazio-lengoaia bat, eta honek hizkuntzalaritza-lan bat eskatzen du. Horregatik, Arleguik eta Pinak uste dute hezkuntza-robotikak aukerak ematen dituela 10 eta 14 urte arteko ikasleek aldi logiko-formala zeharka dezaten, hau da, gaur eta hemengo egoera errealak pentsatzetik abstrakzioa eta logika diskurtsiboa garatzen dituzten egoeretara doan aldea.

Egileen curriculum laburra

Francisco Javier Arlegui de Pablos Zientzia Fisikoetan doktorea da Zaragozako Unibertsitatean eta informatikan lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Esperimentalen Didaktikaren irakaslea izan da, non, erretiroa hartu duen arte, irakaskuntza eman baitu Magisteritzan, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Masterrean eta doktoretza ikastaroetan.

Bere aldetik, Alfredo Pina Calafi informatikako ingeniaritzan doktorea da Zaragozako Unibertsitatean, Edinburgoko (Eskozia, Erresuma Batua) Heriot-Watt  Unibertsitateko “Knowledge Based Systems” Masterra egin zuen, eta informatikako ingeniaritza titulua atera zuen Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia). Gaur egun, Unibertsitateko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lengoaia eta Sistema Informatikoen jakintza-alorrean, non hezkuntza teknologiari buruzko zenbait irakasgai ematen baititu Magisteritzan, ingeniaritza informatikoan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Masterrean.

2006. urteaz geroztik, bi egileek, TERECoP (Teacher Education on Robotics-Enhanced Constructivist Pedagogical Methods – Hezkuntza Robotika Hobetzeko Metodo Pedagokiko Konstruktibistak) europar proiektuan parte hartu zutenetik, beren jarduna bideratu zuten robotikako programazioaren didaktikarantz, hezkuntza testuinguruetan.