Joan eduki nagusira

zoom Santiago Martínez Magdalena irakaslea, NUPen.

Santiago Martínez Magdalena irakaslea, NUPen.

Santiago Martínez Magdalena (Tutera, 1967) Gizarte Laneko Saileko Antropologia irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Amerikako Chaco Handiko 7.500 kilometro zeharkatu ditu, komunitate indigenak bisitatzeko,  Kanpo Harremanetako eta Lankidetzako Ministerioko Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) ekimen bati esker. Irakasle eta ikertzaileak eskualdearen bizkarrezurra diren alderdiak ikertu ditu. Esaterako, Bolivia eta Paraguai arteko gerraren (1932-1935) edo diktadura militarren ondorioak, hainbat gertaera historikoren artean. Orain liburu bat prestatzen ari da bidaian idatzi dituen testuekin.

Chaco Handia Argentina, Bolivia, Brasil eta Paraguain hedatutako eskualde bat da, eta Amerikan aniztasun etniko handienetako bat duen eremua da. Paraguaiko partean hamabi hizkuntza hitz egiten dituzte gutxienez. UNESCOk biosferaren erreserba deklaratu zuen. Aipatzekoa da bere ingurumen aberastasuna, eta hidrokarburo erreserbak ere baditu (petrolioa eta gasa).

Santiago Martínez Magdalena lau herrialdetako  (Argentina, Bolivia, Espainia eta Paraguai) beste hamaika profesionalekin batera aukeratu zuten. Profesionalak artearen, kulturaren eta gizarte-zientzien eta zientzia naturalen munduarekin lotuta zeuden, eta beren espezialitateko proiektu bat garatu nahi zuten, Amerikako Chaco Handian barna egindako bidaia zientifiko-kultural baten bidez. Bidaiak hilabeteko iraupena izan zuen. Resistencian (Argentina) hasi zen, Bolivia zeharkatu zuen eta Asunciónen (Paraguai) amaitu zen.

Chaco Handiaren aberastasuna ikusaraztea

Ekimen hau Chaco Ra’anga (Chacoren figura guaranieraz) proiektuaren barruan dago. Espainiar Kooperazioko Kultur Guneen Sareak (Argentina, Bolivia eta Paraguain), ACERCAren esparruan (kultura arloan garatzeko gaikuntza programa) egin zuen proiektuaren deialdia, eta Espainiar Lankidetzak eta Administrazio eta Politika Publikoetako Nazioarteko  eta Iberoamerikarako Fundazioak (FIIAPP) finantzatu zuen. Proiektuaren helburua izan da Chaco Handiaren kultura eta ingurumen aberastasuna ikusaraztea, bai eta eskualdeak dituen erronkak ikusaraztea ere.

Chaco Ra’anga proiektuak zenbait elementu ditu: lurrean eta ibaian egindako bidaia Chaco Handiko leku aipagarri batzuetara, proiektuari eta bidaiaren lanei buruzko transmedia plataforma bat, bidaiaren kronikei buruzko liburu bat (aurki argitaratuko dena), dokumental bat eta sortutako lanak, nazioz gaindiko erakusketa ibiltari bat, “Lurralde mugatua/hedatua” izenburua duena, eta nazioarteko simposium bat, Santa Cruz de la Sierran (Bolivia) egindakoa, sortutako lanei eta esperientziei buruz gogoeta egiteko, eskualdea hobeki garatzeko.

Santiago Martínezen lana,  “Inversa Crónica/Chaco Reverso. Memoria integral y trasnacional del Gran Chaco. Un trenzado” izenburua duena, lehen aipatutako erakusketan sartu zen “Violencias de la escritura” instalazioaren bidez. Erakusketak Bolivia, Paraguai, Argentina eta Espainiako zenbait hiri bisitatu ditu.

Santiago Martínez Magdalena Psikologian lizentziaduna da Valentziako Unibertsitatean eta Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, Kulturarteko Hezkuntzako Master eurolatinoamerikarra egin zuen UHUNen eta Filosofia-Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea da UHUNen. Antropologia irakaslea izan da Murciako Unibertsitatean, eta Antropologiako tutore-lanetan jarraitzen du Tuterako UHUNen. Gaur egun NUPeko Gizarte Laneko Sailean lan egiten du. Martínez Magdalena Kultura eta Garapena (Lera-ikergunea) ikerketa taldeko kidea da, eta memoria historikoari eta nortasunei buruz ikertzen du.