Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolako DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) bost ikaslek landareen fotosintesiari buruzko lantegi bat egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), haien aitona-amonekin eta beste senitarteko heldu batzuekin. “Aitona-amonarekin Unibertsitatera” izeneko euskarazko ekimena Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVI. Asterako Unibertsitateak, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) laguntzaz, antolatutako jardueretako bat da.
NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Joseba Aldasoro Galán, Miriam Gil Monreal eta Amaia Seminario Huarriz ikertzaileek gidatu duten lantegian, DBHko 4. mailako nerabe batzuek eta haien senitarteko adinekoek zenbait landare (ilarrak, artoa, garagarra, letxuga gorria eta espinakak) erabili dituzte fotosintesia aztertzeko. Fotosintesia hostoetan gertatzen da: klorofilak, eguzki-argia harrapatzen duen landare-pigmentu nagusiak, eta hostoek xurgatutako karbono dioxidoak azukreak produzitzen dituzte, eta horixe da, hain zuzen, haien elikagaiaren oinarri nagusia. Prozesu horretan, oxigenoa ere ekoizten da, eta hostoek askatzen dute.
Ikasleek eta adinekoek fotosintesia hobeki ezagut dezaten, parte-hartzaileek zenbait esperimentu egin dituzte laborategian: likido-kromatografia, landareetako pigmentuak bereizteko; mikroskopioaren bidez kloroplastoak eta estomak behatu; almidoia (landareen erreserba-konposatu bat) tindatu; eta fotosintesia neurtu.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XVI. Asterako antolatutako jardueren egitaraua Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultagai, eta Nafarroako Foru Erkidegoan egingo direnena, berriz, Zientziaren Adiskideen Klubaren webgunean. NUPeko jarduerek Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea eta Iruñeko Planetarioaren laguntza jaso ditu.