Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikuskizun zientifiko bat antolatu du larunbat honetan, azaroaren 12an, zeinean proposatzen baitzaio publikoari Unibertsorako bidaia bat, lehen denboretatik gaur arte. Aragoiko PAI (Promotora de Acción Infantil) konpainiak eszenaratuko du obra, Iruñeko Planetarioan, 19:30etik aurrera. Ikuskizunak "Jauzi erraldoi bat" du izena, eta 12 urtez gorakoentzako da. Sarrerek hiru euro balio dute, eta beste hainbeste ekitaldi horretarako prestatu den haurtzaindegi-zerbitzuak. Iruñeko Planetarioko dendan daude dagoeneko salgai sarrerak.
Ikuskizuna Unibertsitateko lau ikerketa-institutuek babestu dute: INAMAT (Institute for Advanced Materials), ISC (Instituto de Smart Cities), IS-FOOD (Instituto de Innovación y Sostenibilidad en la Cadena Agroalimentaria) eta INARBE (Institute for Advanced Research in Business and Economics).
Blanca Resanok zuzentzen dituen bi aktore (Oswaldo Felipe eta Gonzalo Ferreró) joango dira ikusleei erakusten humanitateak nola ulertu duen Unibertsoa mendeetatik zehar. Antzerki obra hau Wee Stories Eskoziako antzerki zientifikoaren konpainiak prestatu zuen obra baten egokitzapena da. Obra horrek “One giant leap” zuen izena. Obran zehar Galileo, Ptolomeo, Copérnico eta Apolo XI.eneko astronautak agertzen dira, besteak beste.
Haur animaziotik helduentzako antzerkira
PAI konpainia Zaragozan sortu zen 1979an, eta hasieran haurrentzako jolas, adierazpen, antzerki eta animazioa lantzen zituen Aragoiko hiriburuan. 90.eko hamarkadaren erditik aurrera, helduentzako muntaketak prestatzen hasi zen, batez ere narraziozkoak eta juglaretzakoak. 2012an antzerki zientifikoan sartu zen “Oh!ndas” obrarekin. Obra haren helburua zen fisikari buruzko galderak hurbiltzea eta sorraraztea modu dibertigarri batean. Errepresentazio hark irabazi zuen urte hartan zabalkunde zientifikoaren ikuskizun onenaren saria "Zientzia ekintzan" nazioarteko lehiaketan.
Blanca Resano, "Jauzi erraldoi bat" obraren zuzendaria, aktore, antzerki-pedagogoa, eszena zuzendaria eta kazetaria da. Zuzendu dituen azken muntaketen artean William Shakespeareren “Hamlet” dago, Zaragozako Anzterki Udal Eskolak aurkeztu zuena 2014an.
Bere aldetik, Oswaldo Felipe PAI konpainiako aktorea da 1989tik. Malabaretan eta akrobazietan espezialista eta "clown" da. Urteetan zehar, ospea lortu du narrazioaren eta juglaretzaren eremuetan, historiak aho-korapiloekin eta jolas malabareekin trebeki nahasten dituelako. Obran aritzen den beste aktorea, Gonzalo Ferreró, talde aragoiar honen kidea da 1982tik. Konpainiaren proiektu guztien alderdi plastikoaz arduratu ohi da, eta sormen, jolas eta plastika lantegiak eman izan ditu. Hain zuzen ere, zenbait erakusketa egin ditu, plastika eta jolasari buruz, horretarako hondakinak eta pinturak erabiliz.
Zientziaren Astea
Ikuskizun hau Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen XVI. edizioaren jardueren artekoa da. NUPek antolatzen duen programa hau Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT) - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du. Iruñeko Planetarioak laguntza ematen du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako jardueren egitarau osoa Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultagai, eta Nafarroako Foru Erkidegoan egingo diren guztiena, berriz, Zientziaren Adiskideen Klubaren webgunean.