Mikel Viñuales ikaslea, Jesús Álvarez Masterreko zuzendariaren eta Lourdes Albizua praktiketako tutorearen artean.
Mikel Viñuales Lasherasek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Geografiari buruzko Informazio Sistemetako eta Teledetekzioko Masterreko (GISTUM) lehen promozioko espediente onena duen tituludunak, ordaindutako praktikak egingo ditu Trabajos Catastrales de Navarra (Tracasa) enpresan, bi erakundeek sinatutako hitzarmen baten bidez. Viñuelasen tutore Lourdes Albizua Huarte enpresa publiko horretako Lurralde Ingeniaritza arloko Teledetekzio atalaren arduraduna da.
Tracasa enpresako zenbait arlotan eta informazio-sistemetako eta teledetekzioko zenbait jardueratan egingo du lan Mikel Viñuelasek, eta, hortaz, garapen-fase desberdinetan dauden era askotako proiektuak ezagutuko ditu. Praktiken helburua da, batetik, tituludunek masterrean ikasitakoa eta enpresaren beharrak egiazko ingurunean uztartzea eta, bestetik, bekadunaren enplegagarritasuna eta ekintzailetza sustatzea.
Mikel Viñuales nekazaritza-ingeniari teknikoa (NUP) eta mendi-ingeniaria (Lleidako Unibertsitatea) da, eta GISTUM masterreko lehen promozioko hamabi tituludunetako bat. Urrian bukatu zen master horren lehen edizioa. Hamabi lagun horietatik, hiruri kontratua egin diete dagoeneko entitate batzuek, non prestakuntza-aldiko praktikak egin baitzituzten. Tracasa, SCPSA, NILSA, Geoactio, Technidrone, Tesicnor, Basartea eta Ekolur dira, besteak beste, praktikak egiteko enpresak, eta teknologia-zentro bat ere badago: CENER. Azken horretan egin zituen, hain zuzen ere, graduondoko Curriculum praktikak Viñuelasek, bai eta Master Amaierako Lana ere, zeinak izenburu hau baitu: "Bioerregaiak eta bioproduktuak ekoizteko lurzoruaren erabilera-aldaketak teledetekzioz egiaztatzeko metodologia".
GISTUM masterra
Geografiari buruzko Informazio Sistemetako eta Teledetekzioko Masterreko irakasle-taldearen burua Jesús Álvarez Mozos da, NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakaslea, eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko, Automatika eta Konputazio Saileko eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko zenbait irakaslek eta sektoreko enpresetako kanpo-profesionalek osatzen dute taldea.
Ikasleek diziplina askotako profilak dituzte: geografoak eta Agronomia, Topografia, Baso, Telekomunikazio eta Informatika ingeniaritzetako graduatuak. 2015-2016 ikasturtean guztira onartutako 23 ikasleen artean (18 arduraldi osoz eta 5 arduraldi partzialez), 7 NUPetik zetozen, 6 UPV/EHUtik eta gainerakoak Espainiako eta nazioarteko beste unibertsitate batzuetatik.