Joan eduki nagusira

zoom Juan Ignacio Latorre Biel irakaslea, NUPen Tuterako Campusean.

Juan Ignacio Latorre Biel irakaslea, NUPen Tuterako Campusean.

Juan Ignacio Latorre Biel Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campuseko irakasleak ekarpen zientifiko hoberenaren saria jaso du Larnakan (Zipre) egin den Elikagai Prozesu eta Operazioen Simulazioari buruzko Nazioarteko Lantegiaren bigarren edizioan (2nd International Food Operations & Processing Simulation Workshop, FoodOPS). Saritutako lanak metodologia berritzaile bat proposatzen du nekazaritzako elikagaien sektorean, barrengorri arruntaren (Agaricus bisporus)  laborantzan eta produkzioan aritzen den instalazio batean erabakiak hartzen laguntzen duen eredu  matematiko batean oinarritua. Metodologia horrek baliabideen kontsumoa eta isuriak murrizten ditu, bai eta nekazaritzako elikagaien instalazio baten produktibitatea hobetu ere.

            Latorre Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Sailera atxikita dago, eta lan honen lehenengo sinatzailea da. Latorrez gainera Errioxako Unibertsitateko beste bost ikertzailek parte hartu dute (Julio Blanco Fernández, Emilio Jiménez Macías, Francisco Javier Leiva Lázaro, Eduardo Martínez Cámara eta Mercedes Pérez de la Parte). Artikulua nazioarteko biltzarraren akta liburuan argitaratu da, eta bere egileek eredu matematiko bat garatu dute, tresna  zehatz bat erabiliz (Petriren sareak). Optimizazio prozesu bat proposatzen dute horrela, laborantza mota horiek kudeatuko dituen eredu batean konponbiderik hoberena aurkitzeko sartutako aldagaientzat, hala nola laborantza instalazioen neurriak, erabilitako lehengaien kantitateak, produkzio aldien parametroak eta iraupena edo ekipamenduaren erabilera tasa.

            Lan hau saritu zuten Diziplina-anitzeko Modelatze eta Simulazioari buruzko 13. Nazioarteko Multibiltzarraren lantegi batean (13th. International Multidisciplinary Modeling & Simulation Multiconference, I3M 2016). Biltzarrak urtero biltzen ditu mundu osoko zientzialariak, modelatzea eta simulazioa ikergai dituztenak edo tresna gisa erabiltzen dituztenak. Bi diziplinak eredu matematiko eta konputazionaletan oinarritzen dira, sistemak eta beren portaerak deskribatzeko. Aipatu I3M biltzarrari –hori ere Zipreko Larnaka hirian egin zen– egindako ekarpenak hainbat esparrutan garatzen dira, hala nola elikagai industria, logistika multimodala eta itsas logistika, industria-automatizazioa, defentsa eta segurtasuna, osasuna, energia eta garapen iraunkorra, besteak beste.

Nafarroa-Errioxa lankidetza

NUP eta Errioxako Unibertsitatea Campus Iberuseko unibertsitateak dira, eta unibertsitate horietako ikertzaileen lankidetza gauzatu da aldez aurretiko zenbait argitalpenetan. Argitalpen horiek azaltzen dute erabakiak hartzeko metodologien aplikazioa elikagai industriako zenbait sektoretan, hala nola ardogintza, oliogintza eta esnekigintza, eta beste esparru batzuetan, hala nola industria fabrikazioa. Azken esparru honetan, Juan Ignacio Latorrek eta orain saritutako artikuluaren beste bi sinatzailek (Emilio Jiménez Macías eta Mercedes Pérez de la Parte) ekarpen zientifiko hoberenaren saria jaso zuten 2009an, Modelatze eta Simulazioari buruzko Europako Simposiumaren 21. edizioan  (21th.European Modeling and Simulation Symposium), zeina I3Mren barruan baitzegoen eta orduan Puerto de la Cruzen (Tenerife) egin baitzen.