Joan eduki nagusira

zoom Estefanía Dávila Martín, NUPeko doktore berria.

Estefanía Dávila Martín, NUPeko doktore berria.

Gizarte modernoak paradoxa handi bat du: teknologiari esker, denbora gutxiago behar izaten dugu gizakiok gauzak egiteko, eta, halere, denbora falta zaigulako irudipena dugu. Gai horri buruzkoa da Estefanía Dávila Martínek NUPen irakurritako "Azelerazioa eta presentismoa. Gizarte modernoetako denborazkotasunaren ikerketa genealogikoa" izeneko doktoretza-tesia. Tesiaren arabera, "Gizarte modernoan, denboraz mintzatzea orainaldi anizkunez eta aldakorrez mintzatzea da, eta aztertu egin behar dira hobeto ulertzeko".

Tesiaren helburua da denboraren kontzeptua modernitatean nola aldatu den ikertzea eta horren ondorioak teoria soziologikoaren esparrutik aztertzea. Gaiari buruzko gaur egungo eztabaidak ulertzeko, presentismoan jarri du arreta Estefanía Dávilak, eta, zehatz-mehatz, François Hartog historialariaren proposamenean, zeina pentsamenduaren historian lehena, oraina eta geroa antolatzeko zenbait moduren konparazioan oinarritzen baita. “Gaur egungo gizarteak denbora nola bizi duen aztertu nahi nuen, ez zenbat denbora erabiltzen duen, baizik eta denboraren inguruan zer esperientzia eta bizipen dituen”, esan du ikerketa-lanaren egileak.

Ikertzailearen iritziz, “Gaur egun, bizitza bat baino gehiago bizi ditugu aldi berean, baina jarrera hori, aberasgarria izan litekeen arren, bi modutan interpreta daiteke. Batetik, nahasmendua eragin diezaguke, ezustekoak sortzen zaizkigulako eta gure bizitzak berregitera behartzen gaituztelako (dibortzio baten, ahaide hurko baten heriotzaren, kaleratze baten eta antzekoen ondoren), eta, bestetik, nortasun irekiagoa, malguagoa, izateko aukera zabaltzen du. Egun, badute irtenbide bat beren burua ezarritako rol sozialetako bakar batean ere integratuta ikusten ez dutenek”.

Josetxo Beriain Razquin eta Celso Sánchez Capdequí irakasleek zuzendutako doktoretza-tesiak Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du, "nazioarteko doktore" aipamenarekin. Presentismoa ikertzeaz gainera, fenomeno horrek eta azelerazioak zer lotura duten aztertu du ikertzaileak. Azelerazioaren kontzeptuak esan nahi du denbora gutxiagoan gehiago lortzea, hau da, denbora ahalik eta gehien murriztea edo egiten dugunaren eraginkortasuna areagotzea.

Azelerazioa eta orainaldiaren tirania

Bizitza sozialaren azelerazioaren nozioa Frantziako Iraultzan eta Ilustrazioan indartu zen. XVIII. mendetik aurrera, gizaki modernoaren desira zen gehiago nahi izatea, beti gehiago nahi izatea. Ordurako, lehentasuna ez zen plazera edo desplazera, asaldura hutsa baizik. Azelerazio tekniko-industrialaren molde guztiek, automobiletatik hasi eta hegazkinetaraino edo irratitik hasi eta Interneteraino, sentimendu berri bat sortu dute, "munduan egotearen" eta "denboran egotearen" sentimendua, alegia. “Testuinguru horretan, bizitzaren abiadura biziagotu egiten da, heriotzari erantzuteko modu moderno gisa. Betierekoak bagina bezala bizitzen ahalegintzen gara. Finitutasunari uko egiteko modu bihurtzen da azelerazioa. Bizitzeko abiadura biziagotuko bagenu, gehiago biziko ginateke beharbada; haatik, ez arrazionalizazio-teknikek ez teknologiek ezin dute lortu guk denbora gehiago izatea. Orainaldia bizitasunez bizitzea gizartearen elementu intrintsekoa, egiturazko ezaugarria, bilakatu da, eta hori ere larrutik ordaintzen da: orainaldiaren tirania.”

Ikertzailearen ustez, gizarte modernoa bizkor bizi bada ere, azelerazioa ez da etengabea, ez baita mugimendu hori soilik gertatzen. “Bi mugimendu-mota daude: batetik, azelerazioaren kontrakoak, 'slow' mugimendu deritzenak, hala nola 'slow food', 'slow life' eta 'slow cities' mugimenduak; bestetik, nahitakoak ez diren mugimenduak, dela teknologia berriak erabiltzen ez dituztelako dela bestelako bizimodua nahiago dutelako azelerazioa alde batera utzirik gelditu den masa sozial handia biltzen dutenak”.

Estefanía Dávilaren esanean, pentsamenduaren korronte batzuek denboraren heriotza aldarrikatzen dute orainaldiaren atenporalizazioaren ondorio gisa. Jada ez litzateke egongo ez etorkizuneko ez iraganeko aukerarik, baizik eta orainaldiaren osotasuna bakarrik. "Hala ere, gure analisiak ez du denboraren heriotza defendatu nahi; aitzitik, denboraren beste genealogia bat berreskuratu nahi du, Heidegger-en oinordeko den ikusmolde fenomenologikoaren bidez. Azelerazioaren teorialariek diagnostikatzen duten egoerazko denboraren aurka, beste proposamen honen alde egiten dugu guk: existentziaren hiru alderdiak, lehena, oraina eta geroa, biltzen dituen aukeratzat jotzea denbora.".

Curriculum laburra

Estefanía Dávila Martínek Filosofiako lizentzia eta Ikasketa Aurreratuen diploma lortu zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamikei buruzko Unibertsitate Masterra egin zuen, bai eta doktoretza-ikasketak ere, Soziologia Saileko “Aldaketa sozialak” izeneko ikerketa-taldeko kide gisa. Bestalde, ikerketa-egonaldiak egin ditu École des Hautes Études en Sciences Sociales (Frantzia) eskolan eta Rutgers University (AEB) unibertsitatean, eta Espainiako eta nazioarteko zenbait biltzarretan eta argitalpenetan aurkeztu du bere ikerketa.