Joan eduki nagusira

zoom Errektoreak, Alfonso Carlosenak (ezk.), hitzarmena izenpetu du Fernando Domínguez osasun kontseilariarekin, NUPen.

Errektoreak, Alfonso Carlosenak (ezk.), hitzarmena izenpetu du Fernando Domínguez osasun kontseilariarekin, NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak izenpetu dute gaur, urriak 21, ostirala, lankidetzarako esparru-hitzarmen bat, Unibertsitate Osasungarria izeneko proiektua garatzen jarraitzeko, hiru helbururekin batekin: osasun handiagoa lortzea unibertsitate komunitatearentzat (ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat); osasunaren sustapenean prestakuntza ona daukaten profesionalak heztea, bai Erizaintzan, bai Gizarte Lanean edo Irakasletzan, baita Soziologia Aplikatuan, ingeniaritzatan edo Nafarroako inguru osasungarri sozial eta fisikoekin lotura daukaten beste gradu batzuetan ere; eta Nafarroako komunitatea, oro har, osasun hobea eduki dezan laguntzea, beste hainbat osasun-eragilerekin lankidetzan.

Hitzarmenean idatzita dago Unibertsitate Osasungarriaren proiektua lau lan-ildotan garatuko dela: unibertsitate inguru fisiko eta psiko-soziala, planteatzen baitu campus ziur eta osasungarria, osasunaren, elkarbizitzaren eta ongizate fisiko, psikiko eta sozialaren aldekoa; osasunaren eta iraunkortasunaren sustapenarekin loturiko curriculumak eta ikerketak, NUPen ikasi duten profesionalek osasunaren sustapenari buruzko zeharkako curriculum-diseinuak dituen prestakuntza eduki dezaten; osasunaren eta iraunkortasunaren sustapenarekin loturiko zerbitzuak eskaintzea, esaterako unibertsitate komunitatearentzako ariketa fisikoaren eskaintza, edo elikadura osasungarriarena...; eta informazioa, sektoreen arteko lankidetza eta unibertsitate komunitatearen barruko eta hortik kanpoko eragile guztien parte-hartzea. 

Testuak bere baitan biltzen du  Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren eta NUPen arteko elkarlan lankidetzakoa, komuna eta koordinatua, Unibertsitate Osasungarriaren lan-ildo guztiak aintzat hartu dituena, eta batzordeen eta lan-taldeen bidez gauzatu dena, alderdi teoriko eta operatibo guztiak martxan jarri, garatu eta ebaluatzeko. Giza baliabideen, baliabide materialen eta aurrekontuen gaietan zenbait lankidetza egitea ere aldezten du.

Gaur izenpetuko dute dokumentua Iruñeko Arrosadia campusean. Unibertsitatearen aldetik Alfonso Carlosena errektoreak izenpetuko du, eta Gobernuaren aldetik Fernando Domínguez osasun kontseilariak. Dokumentuari esker Unibertsitate Osasungarriaren aldeko III. Plana (2016-2020) garatzen ahalko da. Planak osasuna sustatzeko mugimendu globalarekin lortzen diren balioak eta oinarriak aldezten dituen antolamendu-kulturaren alde egiten du.

Hitzarmen honek 2005ean NUPek eta Nafarroako Gobernuak izenpetu zuten lehen esparru-hitzarmena ordezten du, posible egin zuena Unibertsitate Osasungarriaren aldeko bi plan martxan jartzea (lehena, 2005etik 2010era, eta bigarrena 2011tik 2016ra).

Erreferentzia esparru komuna

Hitzarmenak osasunaren promozioari lotutako planteamendu teorikoen esparru komun bat ezartzen du, bai hasierako 1986ko Ottawako Gutuna, bai osasuna sustatzeko hurrenez hurreneko biltzarrak, baita Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) unibertsitate osasun sustatzaileekin eta beste hainbat erakunde eta aditurekin lotutako beste dokumentu batzuk ere.

Horregatik, gai honetan ikuspegi positibo eta proaktiboa aplikatzen da, zeinak berarekin baitakar norberaren jokabideaz harago joatea, tokietan, erakundeetan eta komunitateetan ere parte hartzeko. Izan ere, Unibertsitatea, etorkizuneko profesionalen prestakuntzaren eta ikeketaren motorra izateaz gain, osasunean eta ongizatean eragiten duten ingurumen eta antolamendu faktoreak eta are faktore pertsonala ere elkarrekintzan dauden inguru bat da. Horregatik, esparru-hitzarmenak aipatzen du beharrezkoa dela bizimodu osasungarrien garrantzia eta bizitzarako oinarrizkoa diren baliabide, jarduera eta trebetasunen garrantzia azpimarratzea, bai nork bere bizitza eratzeko garaian (autoestimua, kudeaketa emozionala...), bai besteekiko harremanetan (pertsonen arteko harreman kalitatezkoak, gizarte trebetasunak, gatazkak bortxarik gabe tratatu eta konpontzea...), baita inguruarekin eta komunitatearekin ere (elkartasuna, iraunkortasuna...).

Gaur izenpetu den hitzarmen-esparruan 2005ekoa izenpetu zenetik izan diren berrikuntzak biltzen dira. Berrikuntza horiek erakusten zuten beharrezkoa zela hitzarmena gaurkotzea. Gizartea, osasun-beharrak eta Unibertsitatea bera aldatu dira, erreferentzia teoriko eta praktiko berriak daude... eta gainera Nafarroako Osasun Plana (2014-2020) eta Osasun Publikoaren Plana (2014-2020) onartu dira. NUPeko ekimen hau bat dator bi plan horien programa eta estrategiekin.

Unibertsitate Osasungarriaren aldeko III. Plana

Unibertsitate Osasungarriaren aldeko III. Planak aurreko bi planen fruituak bildu eta sakontzen ditu, eta gaurko egunean dauden erronkak aintzat hartzen ditu.

Nahiz eta hiruek aipatu diren lan-ildo guztiak bildu, lehenean garrantzia gehiago eduki zuen ikasleentzako jarduerak eta ekintzak egiteak, eta bigarrenean aurrerapen handiagoak egin ziren inguru fisiko, psikiko eta sozial osasungarria lortzeko proposamenetan.

Horrela, II. Planean, zerbitzuen eta programen eskaintzari dagokionez, prestakuntza eta orientazioa eman izan da, gai hauei buruz, beste batzuen artean: herstura nola erabili, hezkuntza afektibo-sexuala, substantzien kontsumoa edo bizimodu osasungarriak. Inguru fisiko-psikiko osasungarrien sustapenari dagokionez, ekintza hauek egin dira: Arrosadiko campuseko ikasgelategiko sarrerei teilatua jartzea, bizikletentzako sarrerak hobetzea, zaratarik gabeko guneen sustapena edo heziketa sexualari buruzko kontsulta bat irekitzea. Guztira, 30.000 lagunengana iritsi da, gutxi gorabehera.

Hirugarren plan honetan bereziki bultzatuko da Nafarroako gizartearen osasuna hobetzeko proiekzio soziala, baita curriculumak eta ikerketa ere, titulazioetan osasunaren sustapenari buruzko edukiak sartuz eta horrekin lotutako ikerketak garatuz.