Alejandro Toledoren ikerketa taldea. Eserita, ezkerretik eskuinera: Laura Prado Alonso, Alejandro Toledo Arana eta Naiara Irurzun Domínguez. Zutik, ezkerretik eskuinera: Arancha Catalán Moreno, Leticia Matilla Cuenca, Carlos Caballero Sánchez, Laurène Bastet eta Pilar Menéndez Gil.
Bakterio patogenoen geneak erregulatzeko mekanismo berriak ditu ikergai proiektuak, eta Alejandro Toledo Arana Agrobioteknologia Institutuko langilea (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren arteko zentro mistoa da institutu hori) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzailea da proiektuaren buru. Zientzialarien esanean, bakterioek geneak nola erregulatzen dituzten ulertuz gero, bakterio prozesuak manipulatuko dituzten konposatuak diseinatu ahalko dira epe luzera. Esate baterako, mikrobioen aurkako substantzia berriak diseinatu ahal izango dira infekzioei aurre egiteko edo bakterioetan oinarritutako edozein produkzio prozesu hobetzeko. Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) Consolidator Grant izeneko 1,8 milioi euroko diru-laguntza lortu du. Erakunde hori Europako Batzordeak sortu zuen zientzia eta teknologia bikaintasuna bultzatzeko eta herrialde garatuenen aldean Europako zientziak duen eragina hobetzeko.
“DNAren eta RNAren sekuentziazioan teknologiak emandako aurrerapausoei esker, genomek espero zena baino informazio gehiago 'gordetzen' dutela jakitea lortu dugu”, esan du Toledo Aranak. Genometan, zenbait genek zehazten dute izaki bizidun bat zenbat proteina diferentek osatzen duten —informazio kodetzailea esaten zaio horri—, baina, horretaz gainera, badira zenbait DNA eskualde proteinarik produzitzen ez dutenak eta informazio ez-kodetzaileari dagozkionak. “Orain —azpimarratu du mikrobiologoak—, transkriptoma kopuru handiak sekuentziatu direnez, susmoa dugu sekuentzia kodetzaileak bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak izan litezkeela sekuentzia ez-kodetzaileak. Transkriptomak dira Fberen bizitzako une jakin batean zelula batean adierazten diren geneak. Konturatu gara bakterioen kasuan, bereziki, uste baino luzeagoak izan litezkeela eskualde ez-kodetzaile batzuk”.
Mutazioak eta gaixotasunak
Azken urteetan sekuentzia ez-kodetzaile asko identifikatu badira ere, oraindik ez dakigu sekuentzia horietako gehienek zer funtzio betetzen duten. Frogatu da gizakien sekuentzia ez-kodetzaile batzuk funtsezkoak direla gene jakin batzuen adierazpenerako, eta gaixotasunak eragin ditzaketela mutazioak izaten badituzte. Toledo Arana buru duen ikerketa taldeak bakterioekin egiten ditu ikerketak; zehatz-mehatz, Staphylococcus aureus bakterioa erabiltzen du ereduzko organismo gisa, oso garrantzitsua baita giza eta animalia osasunerako. Ikerketa proiektuaren helburua da jakitea geneen adierazpenean sekuentzia ez-kodetzaileek duten kontrola gizakietan bezala gertatzen den bakterioetan ere.
Oro har, proteina bat noiz eta nola produzituko den kontrolatzeaz arduratzen dira sekuentzia ez-kodetzaileak, eta, kontrol sistema horietan zerbaitek huts eginez gero, organismoa ez da behar bezala garatuko.
2015eko irailean ekin zioten proiektu honi, eta bost urteko iraupena izango du orotara. ERCk finantzatutako proiektuak Horizonte 2020 programan sartzen dira (Zientzia Bikaina atalaren oinarri diren programetako batean), eta Europako ikerketen bikaintasuna, dinamismoa eta sormena indartzea dute xede. Ibilbide profesional garrantzizkoa egin duten zientzialarientzat da, ikerketa proiektu berritzaileak gara ditzaten. Bost kategoria hauek daude: “Starting Grants” izenekoa, duela bi eta zazpi urte bitartean doktoretza lortu zuten ikertzaileak buru dituzten proiektuetarako; “Consolidator Grants” kategoria, duela sei eta hamabi urte bitartean doktoretza lortu zuten ikertzaileak buru dituztenetarako; “Advanced Grants”, gutxienez hamar urteko esperientzia duten ikertzaile finkatuentzat; “Proof of concept” kategoria, ERCk lehenagoko deialdiren batean finantzatutako proiektuetarako; eta “Sinergy Grant”, edozein gairi buruzko jakintzaren mugan dauden proiektuetarako.
Alejandro Toledoren taldean, Bakterioen Gene Erregulazioa izenekoan, ikertzaile hauek daude: Laurène Bastet, Carlos Caballero Sánchez, Arancha Catalán Moreno, Naiara Irurzun Domínguez, Leticia Matilla Cuenca, Pilar Menéndez Gil eta Laura Prado Alonso.