Urteak dira Espainiako osasun-sistema urratsak egiten ari dela jasotako osasun laguntza dela-eta kutsatutako infekzioen aurkako borrokan. Hala ere, sistema juridikoaren erantzuna "nahasia" da infekzio mota honek kaltetutako gaixoen banakako nahien aurrean. “Tartean dauden hainbat lege-eraentzek eta berorien ezarpen ez oso zorrotzek azaltzen dute, neurri batean, egoera hau”, dio María Luisa Arcos Vieirak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Pribatuko Saileko irakasleak, gaiari buruz argitaratu berria den liburu batean.
Lanaren izenburua “Responsabilidad civil por infecciones asociadas a la asistencia sanitaria” da, eta Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du. Lanak aztertzen du osasun laguntzan ohikoenetakoa den gertaera kaltegarri bat –munduan sarrien gertatzen dena Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera–, alegia, zenbait motatako bakterio, birus, onddo edo bizkarroik sortutako infekzio batzuen agerpena. Espainian ospitaleetako osasun laguntza dela-eta ondorio negatiboak sortzen dituen bigarren kausa infekzio nosokomialak edo ospitale barnekoak dira, medikazioak direla-eta sortzen direnen atzetik, 2005eko ikerketa baten arabera.
Ospitale barneko infekzioen artean, infekzio endemiko ohikoenak dira gernuarenak, interbentzio kirurgikoa egiten den lekukoak, pneumonia eta hodi barneko kateterren erabilerarekin lotutakoak, liburuan jasotzen den bezala.
"Osasun laguntzarekin lotutako infekzioek infekzioarenak berarenak diren ondorio espezifikoak eragin ditzakete, hala nola itsutasuna edo soin atalen bat moztea, hasiera batean osasun laguntza ematea eragin zuen prozesua larriagotzea, bai eta heriotza ere —azaltzen du María Luisa Arcosek—. Horrez gainera, kalte ekonomiko edo moralak sor ditzakete, infekzioak jarduerarik eza profesionala edo trebetasunen galera eragiten duenean".
Beste ikuspegi batetik, infekzioek agerian jar ditzakete "axolagabekeria medikoa edo akatsak zentroaren antolaketan. Esaterako, neurri egokiak ez hartzea kutsadura saihesteko, tratamendu egokia ez aplikatzea edo instalazioetan beharrezkoak diren asepsia baldintzak ez betetzea".
Infekzio saihesgarriak
Osasun laguntzarekin lotutako infekzioak “aurrea hartu dakiokeen eta saihets daitekeen arazo bat dira ehuneko handi batean ”. Ehuneko hori Espainian Europa osoko tasaren parekoa da: % 20tik % 30era bitartekoa. Prebentzio Medikuntza, Osasun Publiko eta Higieneko Espainiar Elkartearen 2015eko datuen arabera, ospitaleetako infektatuen prebalentzia tasa egun % 5,6koa da 1990eko % 8,5ekoaren aldean.
Osasun laguntzarekin lotutako infekzioen aurka aktiboki borrokatzen duten herrialdeetako bat da Espainia, eta infekzioen aurka borrokatzeko ekimenak Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Osasunerako Sistema Nazionaleko Gaixoaren Segurtasun Estrategiaren (2015-2020) barruan jaso dituzte.
Erreklamazioak infekzioengatik
Arrazoi hori dela-eta egiten diren erreklamazioak jurisdikzio zibilean eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkezten dira batez ere, baina "90eko hamarkadako eta mende honen hasierako lege-erreformen ondoren, zeinek osasun publikoko erakunde eta langileen aurka jurisdikzio zibilean erreklamazioak aurkezteko aukerari bidea itxi baitzioten, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da ziur aski gai horri dagokionez egun epai gehien eman dituen jurisdikzioa".
"Egun, ozta emango da osasun administrazioaren aurkako epai bat, baldin eta axolagabekeria profesional bat gertatu ez bada, edo zentroaren jabeari zuzenean egozgarria den laguntza gabeziarik ez badago, gutxiengoan dagoen eta auzi-jartzailearen, hots, gaixoaren interesen aldekoagoa den ildo bat badago ere", esan du.
Kode Zibilean ezarritako kontratu-erantzukizunari edo kontratuz kanpoko erantzukizunari buruzko arau orokorrek eta kontsumitzaileak babesteko arauek arautzen dituzte osasun zerbitzu pribatuak. "Hala esparru publikoan, nola esparru pribatuan, zentroak erantzukizuna dauka batez ere medikuek beren zerbitzuan izandako axolagabekeriengatik eta zentroari egozgarriak diren akats eta gabeziengatik", esan du egileak.
Auzitegietan gertaera jakin bat nork frogatu behar duen, hots, frogatu beharraren karga, gaixoari dagokio. Bai infekzioaren kausa materiala, bai axolagabekeria profesionala edo antolaketa gabezia, kutsadura saihets zitekeela zela azalduko zuena, frogatu behar du. "Horrek desabantaila-egoera nabarmen batean jartzen du gaixoa. Normalean ezinezkoa da frogatu ahal izatea, esaterako, interbentzio kirurgikoa egin zen egunean, ebakuntza gelan zeuden profesionaletako batek ez zituela zorrozki jarraitu eskuak garbitzeko protokoloak edo tresna batzuk ez zirela desinfektatu ezarritako prozeduren arabera", aipatu du.
Gaixo bat ospitaleratzen dutenean osasun laguntza jasotzeko "ezagutzen ez duen infekzioen arrisku aldakor bat dauka, arriskua hutsaren hurrengoa ez bada ere". "Baliteke arrisku horren parte bat justifikatuta egotea, baina behar bezalako osasun laguntzarekin bateragarriak diren infekzioek eta ez axolagabekeria bati edo zerbitzuaren akats bati egozgarriak zaizkienek izan behar dute informazio zehatz eta egoki baten xede, bai gaixoari zor zaion errespetuagatik, bai gaixoak arrisku hori kontzienteki eta modu informatuan bere gain hartzea baliagarria izan litekeelako osasun laguntza ematen duena erantzukizuna kentzeko", ondorioztatu du María Luisa Arcosek.