Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Mikel Izquierdo Redín (Movalsys), Marisol Gómez Fernández (Movalsys), Cristina Bayona Sáez (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Ricardo Goñi Leránoz (Caja Rural), Alfonso Carlosena (errektorea), Mariano Velasco Pérez (Movalsys), Daniel Montoya Ayesa (Caja Rural), Alicia Martínez Ramírez (Movalsys), Nora Millor Muruzábal (Movalsys) eta Pablo Lecumberri Villamediana (Movalsys).

Ezkerretik eskuinera, Mikel Izquierdo Redín (Movalsys), Marisol Gómez Fernández (Movalsys), Cristina Bayona Sáez (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Ricardo Goñi Leránoz (Caja Rural), Alfonso Carlosena (errektorea), Mariano Velasco Pérez (Movalsys), Daniel Montoya Ayesa (Caja Rural), Alicia Martínez Ramírez (Movalsys), Nora Millor Muruzábal (Movalsys) eta Pablo Lecumberri Villamediana (Movalsys).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak oinarri teknologikoko enpresatzat aitortu du Movalsys S.L. Enpresa horren negozioa unibertsitate-ikerketako emaitzetatik sortua da. Hori dela eta, spin-off enpresa gisa aitortu du NUPek, eta enpresaren kapital sozialaren % 5eko partaidetza izatea adostu du. Horretarako, enpresaren akzioak erosiko ditu Unibertsitateak, Caja Ruralek finantzatuta, bi erakundeek izenpetutako hitzarmen baten bidez. Movalsysek tresna bat garatu du, gai dena pertsonen mugimenduei buruzko datu objektiboak emateko, eta medikuntzan nahiz kirol-arloan aplika daiteke.

Spin-off edo oinarri teknologikoko enpresak unibertsitateetan egindako ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen dira maiz, eta aurkikuntza zientifiko eta teknologiko berrien aplikazioetan oinarritzen dute jarduera, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak eratzeko. Mota horretako enpresak gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen; izan ere, unibertsitateak bere ingurura jakintza transferitzeko zinezko motor ari dira bihurtzen, kualifikazio altuko enplegua sortzeko apustua egiten dute, industria inguruneari balio erantsi handia ematen diote, eta gazteak lan munduan sartzea errazten dute.

Lankidetza hitzarmenaren arabera, Movalsysek “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin-offa” marka erabili ahalko du. Enpresak konpromisoa hartuko du Unibertsitateko ikerketa taldeak kontratatzeko, ikerketa lanak egin ditzaten eta jakintza transferi dezaten, eta, ahal dela, NUPeko tituludunak kontratatzeko.

Horrez gainera, bi entitateen arteko harremanak eta lankidetza sustatuko dira, batetik, ikasleek curriculum praktikak eta curriculumetik kanpoko praktikak Movalsysen egin ditzaten, eta, bestetik, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta doktoretza tesiak enpresa horren jarduera-esparruan egin ditzaten. Unibertsitateak, bere aldetik, campuseko guneak kondizio abantailatsuetan erabiltzeko aukera emango dio filialari, hitzarmenetik eratorritako jardueretarako.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere estatutuen azken eraberritzean, erabaki zuen mota horretako enpresetan Unibertsitateak parte-hartzea bultzatzea, eta 2012an arautegi bat onetsi zuen xede hauekin: batetik, spin-off enpresen bideragarritasuna eta biziraupena sustatzea eta, bestetik, arautzea enpresa horietako langileen parte-hartzea, sortutako enpresen kapitalean Unibertsitateak partaidetza izateko baldintzak eta Unibertsitatearen instalazio eta zerbitzuak erabiltzeko modua. Horrekin guztiarekin, NUPek are gehiago sendotu nahi du garapen sozial eta ekonomikoaren motor gisa daukan zeregina, enpresen garapenean zuzenean parte hartuz.

Gaixoaren mugimenduari buruzko informazioa

Movalsys S. L.k garatutako tresnak pertsonen mugimenduei buruzko datu objektiboak eman ditzake.

Teknologia horrek medikuntzan (geriatria, errehabilitazioa eta abar) eta kiroletan (kirolarien egoera fisikoa baloratzeko eta haren segimendua egiteko) izan ditzake aplikazioak. Esate baterako, mediku batek, tresna horren bidez, informazioa lor dezake diagnostikatu edo ebaluatu nahi duen gaixoak egiten dituen mugimenduei buruz. Teknologia berriena duen sentsore inertzial batek datuak bildu, eta automatikoki pasatzen ditu ordenagailura; gero, seinaleak prozesatzeko software ahaltsu batek datuak aztertu, eta emaitzak txosten argi eta ulerterraz batean ematen ditu segundo gutxian.

Ingeniaritza Biomedikoaren arloko NUPeko bi ikerketa talderen arteko lankidetzatik sortu zen Movalsys. Enpresaren talde eragileko kideek —Marisol Gómez Fernández, Mikel Izquierdo Redín, Pablo Lecumberri Villamediana, Alicia Martínez Ramírez, Nora Millor Muruzábal eta Mariano Velasco Perezek—, zortzi urte daramatzate sentsore inertzialek emandako seinale biomekanikoak aztertzeko eta sailkatzeko ikerketak egiten, eta haien aurrerapenak fisioterapia, geriatria, ingeniaritza biomediko eta matematikako aldizkari garrantzitsuetan argitaratu dira.

Movalsys enpresak lehenengo Iníaciate lehiaketa irabazi zuen 2015ean, unibertsitate-modalitatean, eta Ekintzailetza Bultzatzeko III. Programan hautatutako 8 proiektuetako bat izan zen. Nafarroako Gobernuak CEINen bidez bultzatutako lehiaketa da lehenengo hori, eta Nafarroako Foru Erkidegoan enpresa berritzaileak sortzen laguntzeko Nafarroako Gobernuak sustatutako lehiaketa bigarrena.