Nafarroako Ospitalegunean erabiltzen den endometrioko minbiziaren –bularreko minbiziaren ondoren tumore ginekologiko ohikoena– kirurgia tratamenduari buruzko ikerketa batek ondorioztatu du laparoskopiak (kanpoko ebaki txikien bidez sabel barrunbera sartzea) gaixoen ospitaleratze aldia murrizten duela ez baita bitarteko hain erasokorra, eta horrek konplikazioak izateko arriskua jaisten du. Hala jasotzen du María Ibarrola Vidaurre iruindarrak, Lizarrako (Nafarroa) García Orcoyen ospitaleko Ginekologia eta Obstetriziako mediku espezialistak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUPen) defendatutako doktoretza-tesiak.
Endometrioko minbizia emakumearen minbizi guztien % 6 da —azaldu du María Vidaurrek—. Senda daitekeen gaixotasun bat da, baina diagnostiko faktore desberdinen mende dago. Gaixotasunaren tratamenduaren oinarria kirurgia da. Kasu gehienak hasiera egoeran daude. Beraz, gaixotasuna sendagarria da. Beste kasu batzuetan, radioterapia edo kimioterapia erabili behar dira".
Tradizionalki, laparotomiaren (sabel barrunbea irekitzea) bidez operatzen zituzten gaixoak. “Azken hamar-hamabost urteetan, laparoskopia zenbait medikuntza-espezialitatetan sartu, eta bide ziurra dela eta gaixoarentzako konplikazio gutxiago dituela frogatu du”, esan du tesiaren egileak. Juan Carlos Muruzábal Torquemadak (Nafarroako Ospitaleguneko Ginekologia Onkologikoko Ataleko burua) eta Gregorio Tiberio Lópezek (NUPeko irakaslea) zuzendu dute tesia.
Ikerketa 439 emakume nafarrekin egin da
María Ibarrolaren doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta aztergai izan du minbizia sendatzeko metodo laparoskopikoa erabiltzeak Nafarroako Ospitalegunean laparotomiaren teknikari dagokionez izan duen eragina. Horretarako, 2001etik 2009ra bitartean operatutako 439 emakumeren (187 laparotomiaren bidez eta 252 laparoskopiaren bidez) historia klinikoak aztertu ditu, eta jarraipena egin du emakumeak ebakuntza gelatik pasa eta ondorengo bost urteetan.
"Ikerketan frogatu da laparoskopia ebakuntza ondoko konplikazio gutxiago dituen eta estatistikoki esanguratsuak diren aldeak dituen teknika bat da dela. Hala, egiaztatu zen konplikazio handien kopurua % 20,9koa zela laparotomia teknikaren bidez operatu zuten taldean, eta % 10,7koa laparoskopia teknikaren bidez operatu zuten taldean. Gaixoak eguneroko bizitzara itzultzea azkartzen du horrek", esan du.
Horri gehitu behar zaio laparoskopiaren bidez operatutako emakumeen ospitaleratze aldiaren murrizketa, eta horrek gaixoen gogobetetzea handiagotzen du. Zehazki, laparoskopiaren bidez operatu zituztenen batez besteko egonaldia ospitalean % 6,8koa izan zen. Laparotomiaren teknikarekin operatutakoena, berriz, % 11,5ekoa. "Denbora igaro ahala, ospitaleratze aldia laburtzeko joera dago. Esaterako, doktoretza-tesirako, 2014ko datuak berraztertu nituen, eta urte hartan laparoskopiaren bidez operatutako gaixoen batez besteko ospitaleratzea aldia 4,6 egunekoa izan zen", gehitu du María Ibarrolak.
Nolanahi ere, laparoskopia teknikaren bidez egindako ebakuntzak egiteko kirurgia denbora gehiago behar izan zuten, ikerketan jasotakoaren arabera. "Laparoskopiaren bidezko kirurgia, umetokia, anexuak eta gongoil pelbikoak kentzean oinarritzen dena, gehiago egin zen, eta ebakuntza egiteko behar izan zen denboraren batezbestekoa hamaika minutukoa izan zen –aipatu du–. Laparoskopiak, edozein teknika berrik bezala, ikasteko aldi bat eta kirurgia denbora handiagoa eskatzen ditu, hasieran bederen, beste teknikaren aldean. Alabaina, hain erasokorra ez dela, lehenago osatzeko aukera ematen duela frogatu du, eta horrek ospitaleko egonaldia murriztu, eta gaixoak lehenago laneratzea ahalbidetzen du".
Doktoretza tesiak ondorioztatzen du minbizia artatzeko moduak (laparoskopiaren nahiz laparotomiaren bidez) "ez daukala eraginik gaixotasuna berriro agertzean eta biziraupenean". "Beraz,laparoskopia endometrioko minbiziaren kirurgia tratamendurako segurua dela frogatu da. Horrenbestez, aukerako kirurgia teknikatzar har daiteke", ondorioztatzen du.
Curriculum laburra
María Ibarrola Vidaurre Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Ginekologia eta Obstetrizian espezializatu zen Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitalean. 2010az geroztik, Ginekologia eta Obstetrizia arloko mediku espezialista aritzen da Lizarrako García Orcoyen ospitalean.
Ikerketaren esparruan, María Ibarrola hamaika artikulu argitaratu ditu zientzia-aldizkaritan, hitzaldiak eman ditu zazpi biltzarretan eta zientzia jardunalditan eta ahozko 64 poster eta komunikazio aurkeztu ditu biltzar nazionaletan.