Zientziak zer harreman dituen telesailekin, musikarekin eta literaturarekin, horiexek dira "Arte, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak" hitzaldi-zikloaren hiru hitzaldietako gaiak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatzen du zikloa udazken honetan, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin. Ekimen honen helburua da zientziaren eta teknologiaren arteko eta giza zientzien eta artearen arteko solasaldietan aurrera egitea. Hitzaldiak Iruñeko Planetarioan izango dira 19:30ean, eta sartzea libre izango da, aretoa bete arte. Lehen hitzaldiaren izenburua "Zientzia telesailetan (Zientziaren agerpena telesailetan)" da, eta irailaren 21ean, asteazkenean, emango du Toni Pou idazle eta zientzia-zabaltzaileak.
Zikloaren bigarren hitzaldia urriaren 14an, ostiralean, izango da. HItzaldia "Musika zientzia zenean" izango da, eta Almudena M. Castrok emango du. Almudena Arte Ederretako lizentziaduna, pianoko tituluduna eta zientzia-zabaltzailea da. Egun batzuk geroago, urriaren 20an, ostegunean, Xavier Duran kimikari, kazetari zientifiko eta idazleak hitzaldi hau emango du: "Literatura eta zientzia: bi planeta, zeinen orbitak gurutzatzen baitira". Gehiago jakiteko, kontsultatu Unibertsitatearen web-orrialdea.
XXI. mendeko narrazio-molde berria
Toni Pouk (El Masnou, Bartzelona, 1977) bere hitzaldian aztertuko du zenbait telesailek nola erabiltzen dituzten zientziaren munduko ekarpenak XXI. mendeko narraziogintza eraikitzen ari diren kontakizunak eraiki eta forma emateko, mende honekin batera boladan jarri baita mundu osoko milaka ikusle biltzen dituen kultozko fenomeno berri bat: telesailak. Ikusizko eta narraziozko fenomeno honek kalitate eta zabalkunde maila itzelak lortu ditu, ikus-entzunezko kontakizunari buruz geneukan pertzepzioa eraldatu du eta ikusteko eta interpretatzeko era berriak eraiki ditu. Aditu batzuek esaten dute ezen, XIX. mendeko narrazio-forma nagusia nobela izan zen bezala, eta XX. mendekoa zinema izan zen bezala, telesailak XXI. mendeko narrazio-forma nagusia izango direla.
Toni Pou (@toni_pou) Fisika Zientzietan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean, eta “Donde el día duerme con los ojos abiertos: un viaje científico al Ártico” (Anagrama, 2013) liburuaren egilea. Ikerketa Kazetaritza eta Erreportarigintzako Godó Saria eta Prisma Saria, Espainiako zientzia-zabalkundearen liburu onenari ematen zaiona, irabazi ditu. “Ara”, “El Temps” eta “Avui” bezalako komunikabideetan idatzi izan du, eta "Ahora" egunkarian idatzi ohi du. La Caixako Gizarte Obrak ekoitzi duen "Artikoa hausten ari da" erakusketa ibiltariaren komisarioa da, baita ere.
"Arte, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak" hitzaldi-zikloak sormen artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren ikuspegi integratua eskaini nahi du. NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak eta Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) eta Iruñeko Planetarioak antolatzen dute, eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du. Hitzaldiak dibulgaziozkoak dira, eta, honenbestez, jende guztiari zuzenduak, eta nazioan eta nazioartean entzute handia duten ikertzaileek eman behar dituzte. Zikloaren lehen hitzaldia martxoan izan zen eta Jon Lomberg estatubatuarrak eman zuen. Lomberg Carl Saganen "Cosmos" telesailaren zuzendari artistikoa da.