Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016-2017 ikasturteko matrikula epea irekiko du, abuztuaren 25etik 31ra, graduko bigarren ikasmailetako eta ondorengo ikasmailetako ikasleentzat. Tramitea Unibertsitatearen webgunearen bidez egingo da (www.unavarra.es) aldez aurretik bidali zaien hitzorduaren egun eta ordutik aurrera (web-ean kontsultatzeko aukera dute). Matrikula egiteko egunetan, 9:00etatik 14:00etara, ordenagailu-gela bat irekiko da (Arrosadiko Ikasgelategiko 017.a, Iruñean), eta teknikariek zainduko dute, gela erabili nahi duten pertsona guztiei laguntzeko.

zoom Ingeniaritza ikasleak Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Energia Berriztagarrien Laborategian praktikak egiten

Ingeniaritza ikasleak Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Energia Berriztagarrien Laborategian praktikak egiten

Datorren ikasturtetik aurrera, apirilean onetsitako aldaketen ondoren, urteko matrikula izango dute Unibertsitateak ematen dituen graduko titulazio guztiek, seihileko matrikula zuten Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) zazpi titulazioak barne.

Gainera, Gobernu Kontseiluak, ekainean egin zuen bilera baten ondoren, gehiengo handiz onetsi zituen Gradu Ikasketak Arautzen dituzten Arauak, eta arau hauek berreskuratzen dute irakasgaiak ordenaren arabera egin behar izatea (ikasmaila baxuagoetatik altuagoetara).

Halaber, ikasturte honetatik aurrera, matrikula aldatzeko kasu-kopurua handiagotu egin da. Taldez aldatzeko orain arteko arrazoiez gain (ordutegien bateraezintasuna, lanean egotea, goi mailako kirolaria izatea, trukea, ikasketa artistiko edo musikalak egitea edo hizkuntza gaizki aukeratzea), aldaketen bidez, orain, irakasgaiak gehitu, edo kentzen ahal dira, eta uko egiten ahal zaie. Horrek guztiak matrikula malgutzen du eta ikasleen beharrei erantzuten die.

Aldaketa hauek direla-eta ez da handiagotuko ikasleek Unibertsitatean graduko ikasketak egiteagatik ordaindu beharreko matrikularen zenbatekoa, eta aurrerantzean ere zilegi izango da tasak lau epetan ordaintzea.