Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Ainhoa Hernández, ikaslea; Ariadna García Prado, NUPeko irakaslea eta Unibertsitate Zabalpenerako Arloaren zuzendaria; Carmen Urtea Labari, Aspaceko eta Iruñeko ostatuko arduraduna; eta Clara Fernández de Casadevante, ikaslea, argazkia ateratzeko jarrita, Iruñeko Jesus eta Maria erromes-ostatuan.

Ezkerretik eskuinera, Ainhoa Hernández, ikaslea; Ariadna García Prado, NUPeko irakaslea eta Unibertsitate Zabalpenerako Arloaren zuzendaria; Carmen Urtea Labari, Aspaceko eta Iruñeko ostatuko arduraduna; eta Clara Fernández de Casadevante, ikaslea, argazkia ateratzeko jarrita, Iruñeko Jesus eta Maria erromes-ostatuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Fisioterapia graduko lau ikasle praktikak egiten ari dira abuztuaren 23ra arte, asteartea, Foru Erkidegoko Santiago bideko erromesentzako lau ostatutan. Ekimena “Santiago bidea ezagutzeko eta harekin gozatzeko beste modu batzuk” izenburua duen  NUPeko udako ikastarokoa da, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barruan. Monografikoaren barruan doako hamazazpi dibulgazio hitzaldi egingo dira Nafarroako Santiago bidearen hainbat alderdiri buruz abuztuaren 29tik irailaren 8ra bitartean Auritzen, Lizarran, Iruñean eta Zangozan.

Udako ikastaro honen lehen osagaia, Nafarroa zeharkatzen duten erromesentzako laguntza, abuztuaren 16an hasi zen, eta Fisioterapiako ikasle hauek parte hartzen dute: Clara Fernández de Casadevante Mayordomo, Ainhoa Hernández Juantorena, Ainhoa Maguregui López eta Maider Ocerín Alganza. Ikasleek arratsaldetan lau ordu artatzen dituzte erromesak Orreagako ostatuan, Lizarrakoan (Lizarrako Santiago Bidearen Adiskideen Elkarteak kudeatutako erromesen udal ostatua/ospitalea, La Rúa kalekoa), Iruñekoan (Jesus eta Maria, Compañía kalekoa) eta Zangozako kultura etxean.

zoom Ikasleak, praktiketan.

Ikasleak, praktiketan.

Ikasleek erromesek dituzten lesio eta patologia ohikoenei buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute. Beraz, fisioterapia zerbitzu bat emateaz gainera, erromesei aholkuak ematen dizkiete.  Ana Ibáñez Pegenaute eta Ana Insausti Serrano Osasun Zientzien Saileko irakasleek egiten dute ikasleen tutoretza borondatezko eta curriculumetik kanpoko praktika hauetan. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak (Lehen Mailako Arreta) ere laguntzen du praktiketan. Horrez gainera, Orreagako ostatuak eta Lizarra, Zangoza eta Iruñeko udalek NUPeko ikastaroa diruz lagundu dute, gazteen egoitza, mantenu eta joan-etorriak finantzatu baitituzte.

Dibulgazio hitzaldiak

Monografikoaren bigarren osagaia Nafarroako Santiago bideko arkeologia, arte, historia eta paisaiari buruzko  hitzaldiak dira. Hitzaldietan parte hartzeko aukera edonork badauka ere, batez ere erromesei daude zuzenduta, zeren, Auritz, Zangoza, Iruñea eta Lizarran antolatu dituztenez, erromesek aukera baitaukate gutxienez ere hiru hitzaldi entzuteko Foru Erkidegotik igarotzen direnean. Abuztuaren 29tik, astelehena, irailaren 1era, osteguna, bitartean zazpi hitzaldi egingo dira, eta irailaren 5etik, astelehena, irailaren 8ra, osteguna, bitartean beste hamar.

Hizlariak hauek izango dira:  Clara Fernández-Ladreda Aguadé (Artearen Historiako irakaslea Nafarroako Unibertsitatean), María García-Barberena Unzu (historialaria eta arkeologoa), Joaquín García Purroy (paisajista), Fermín Miranda García (Erdi Aroko Historiaren irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan), Íñigo Mugueta Moreno (NUPeko Geografia eta Historia Saileko irakaslea), Merche Osés Urricelqui (Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta Historian doktorea NUPen), Javier Peralta de Andrés (botanikaria eta NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea), Mikel Ramos Aguirre (arkeologoa), Ana Zabalegui Reclusa (kultura kudeatzailea) eta Carlos Zuza Astiz (arkeologoa).

Ikastaroaren zuzendariak hauek dira: Eloísa Ramírez Vaquero, NUPeko Erdi Aroko Historiaren irakaslea; Fernando Cañada Palacios,  Muraria kultura baliabideak kudeatzen dituen enpresaren arduraduna; eta Ana Insausti, zeina lehen aipatu baita eta NUPeko Osasun Zientzien Fakulltateko dekanordea baita.