Joan eduki nagusira

zoom Marcos Apesteguia, NUPen

Marcos Apesteguia, NUPen

Lehorreko lurrak sail ureztatu bihurtzea benetako "klima aldaketa" bat da, hori gertatzen den lekuetan. Laborantzako lurren hezetasun baldintzak aldatzeak eragina izan dezake bere funtzionamenduan, bereziki karbonoaren zikloei eta mantenugaiei dagokienez. Aldaketa hori dela-eta, Nafarroan, oro har, lurrean dagoen karbono organikoaren edukia areagotu egin da. Karbono organikoaren ondorio zuzenenak dira CO2 atmosferikoaren atzematea, zeinak berotegi-efektuaren aurka borrokatzen laguntzen baitu, eta materia organikoa areagotzea, zeinak lurraren kalitatea hobetzen baitu. Dena den, eragin horrekin batera materia organikoaren deskonposizio dinamika bizkortzen da, halako eran non errendimendua areagotzeak ez baitakar automatikoki karbonoaren bahiketa handiagotzea.

Marcos Apesteguia Barberena nekazaritza-ingeniariak (Iruñea, 1982) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiaren ondorioetako bat da. Ingeniariak bikain “cum laude” kalifikazio handiena lortu du tesiari esker.

Nafarroako laborantza lurrak

Apesteguiaren asmoa zen bere tesian “materia organikoaren egonkortze dinamika aztertzea Nafarroako eta Ebro Ibarreko laborantza lur berezkoenetan, funtsezko zeregina baitauka lurraren kalitatean eta karbonoaren ziklo globalean”. Materia organikoa landareen hondakinen eta animalien eta mikroorganismoen iraizkinen deskonposizio kimikoaren emaitza da, eta funtsezko osagaia da lurraren propietateetan. Gainera, hiru funtzio betetzen ditu: biologikoak, hala nola energia eta mantenugaiak ematea landareen prozesu biologikoetarako; fisikoak, ura gordetzen laguntzen baitu eta eragina baitauka propietate termikoetan; eta kimikoak, mantenugaiak birziklatzen lagundu eta karbonoaren lurreko zikloan parte hartzen baitu.

Iñigo Virto Quecedok (NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko kontratupeko irakasle doktorea) eta Luis Orcaray Echeverríak (NUPeko Nekazaritza Ingeniaritzako doktorea NUPen eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuko -NETA- teknikaria) zuzendu dute tesia. Egileak tesian aztertu ditu bai lehorreko lurrak sail ureztatu bihurtzea, bai materia organikoaren dinamika mediterranear eremu erdi idorreko lur karbonatatuetan erregulatzen duten mekanismo eta prozesuak ere. Bi alderdiak aipagarriak dira lurraren kalitatean duten eraginagatik eta "azterketa zientifiko gutxik" aztertu dituzte.

Zehazki, Apesteguiak Nafarroako zenbait lurretan monitorizatu zuen nola igaro ziren lehorreko lur izatetik sail ureztatu izatera duela bost, zazpi eta bederatzi urte. “Orokorrean areagotu egin zen karbono organikoaren edukia lurrean, eta horrek bi ondorio nagusi dauzka —azaldu du Apesteguiak—. Ondorio zuzenena da CO2 atmosferikoa atzematen dela lurrean, eta horren bidez berotegi-efektua arintzen da.  Bigarren ondorioa da lurreko materia organikoa areagotzen dela. Beraz, bere kalitatea hobetzen da, materia organikoak eragina baitauka lurreko prozesu fisiko, kimiko eta biologikoetan".

Horrez gainera, Alain Plante (Pensilvaniako Unibertsitatea, Estatu Batuak) eta Douglas Karlenekin (Estatu Batuetako Nekazaritza eta Ingurumeneko Laborategi Nazionala) lankidetzan, materia organikoa fisikoki babesteko mekanismoak eta erabilpenak ureztatze sistemetako lurraren kalitatean izan ditzakeen ondorioak zehatz-mehatz aztertu ziren. Horretarako, analisi termikoko teknikak erabili ziren, eta lehenengo aldiz aplikatu zen Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak laborantzako lurren (Soil Management Assessment Framework, SMAF) kalitatea ezaugarri horiek dituzten lurretan ebaluatzeko garatutako tresna.

Karbono bahiketa

Emaitzak aldakorrak izan ziren. Esaterako, aldameneko lehorreko sail batetik abiatuz aztertutako sail ureztatuetako baten estimazioa hektarea bakoitzeko zazpi urteko eperako eta lurreko lehenengo 20 zentimetroetan ia 20 tonako karbono bahiketa izan zen.  Nolanahi ere, “lurrean zegoen karbono organikoaren edukiaren magnitudea baldintza edafo-klimatikoen eta laborantzako lurraren erabileraren arabera aldatu zen”.

Horri gehitu behar zaio “lurraren propietateek baldintzatu zutela nagusiki materia organikoa gordetzea lurra sail ureztatu bihurtu ondoren”, hainbat faktore aztertu eta gero (edafikoak, klimatikoak eta laborantza erabilerari buruzkoak).

Curriculum laburra

Marcos Apesteguia Barberenak nekazaritza-ingeniari titulua lortu zuen NUPen, eta gero Lurzoruen eta Uren Kudeaketa Masterra egin zuen Lleidako Unibertsitatean. 2012tik Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuan (NETA) lan egiten du  nekazaritzako ustiategi eta enpresentzako aholkularitza teknikari gisa. Aurretiaz Nekazaritzako Kudeaketako Institutu Teknikoan (KIT), Tracasan eta Namainsan (Industria Ingurumeneko Nafarra).

Horrez gainera, bi ikerketa-proiektutan parte hartu du, hiru artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, lau komunikazio aurkeztu ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan eta egonaldi bat egin du Pensilvaniako (Estatu Batuak) Unibertsitatean.