Beatriz Pérez Brañak (Madril, 1985) Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta gradu amaierako proiektu gisa, lorategi bertikal bat diseinatu du Arrosadiko campuseko liburutegiaren iparraldeko fatxadarako. Proiektuak ohorezko matrikula kalifikazioa lortu du, eta Miguel Ángel Campo Bescós Unibertsitateko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) irakasleak zuzendu du.
“Egun naturatik erabat aldentzen gaituzten hiri inguruneetan bizi gara, eta leku horietan lorategi publikoak gero eta urriagoak dira —esan du Beatriz Pérezek. Nire iritzian hirigintza ingurumenarekin uztartzea ahalbidetzen dute lorategi bertikalek, eta gune naturalak sortzen dituzte bestela hutsik egongo liratekeen lekuetan".
Instalazio horiek estetika hutsa baino zerbait gehiago eskaintzen dute: "Isolatzaile termikoak dira, eraikinen eraginkortasun energetikoa areagotzen dute eta neguan beroari hobeki eustea eta udan hobeki hoztea ahalbidetzen dute. Horrez gain, isolatzaile akustikoak dira, soinu-kutsadura 15 dezibelio jaisten baitute", esan du proiektuaren egileak.
Beatriz Pérezen iritzian lorategi bertikalek onura gehiago dituzte: “Animalientzako eta intsektu txikientzako gordelekua dira, eta espezieen hautaketa ongi pentsatuta egiten bada, espezie autonomoen kontserbazioa bultza dezakete. Halaber, frogatu da lantoki eta ospitaleetan lorategiak ezartzeak ongizate sentipen handiagoa ematen diela pertsonei eta estresa jaisten duela, gure gizarteak duen izurri isiletako bat".
Zazpi alderditan oinarritzen den proiektu bat
Beatriz Pérezek funtsezko zazpi alderdi aztertu ditu proiektuaren oinarri gisa erabiltzeko: Unibertsitatearen inguruneko landaretza eta animaliak, abiapuntuko espezieak ezagutzeko, ekosistema oso bat sortzeko xedearekin; eguzkialdia, eguzki-argiak fatxadari nola eragiten dion eta formari eta intentsitateari dagokienez urtaroz urtaro nola aldatzen den ezagutzeko beharrezkoa baita; ureztatzeko uraren kalitatea, lorategia sistema hidroponikoaren bidez lantzen baita; klima, ingurunera eta beren garapen ingurumen baldintzetara egokituko diren espezieen aukeraketa egoki bat egiteko; egun merkatuan lorategi bertikalak ezartzeko dauden sistemen aukerak; espezieen aukeraketa, zeinak Kantabriako Mendilerrokoak edo han ohikoak diren eta mantentzerik behar ez duten edo oso gutxi behar duten espezieak lehenetsi baititu; eta ureztatze sistema, guztiz automatizatua eta halako eran diseinatua, non telefono mugikor baten edo ordenagailu baten bidez kontrolatu ahalko baita.
Miguel Ángel Campo Bescós proiektuaren tutorearen laguntzaz gain, Unibertsitateko beste bi irakasleren laguntza izan du Beatriz Pérezek: María Jesús Vilas Carballo, zeinak diseinuaren planak ikuskatu baititu, eta Ignacio García Ruiz, zeinak eguzkialdiaren azterketa egiten lagundu baitio.
“Hiriek horrelako instalazio gehiago izango balituzte, ez lirateke hainbeste arazo egongo ibilgailuek sorturiko kutsadura maila handiekin —ondorioztatu du Beatriz Pérezek—. Aldi berean, eraikuntza zaharrak nire iritzian etorkizuneko hiriek izan beharko luketen horretara, hots, ingurumenaren ikuspegitik jasangarriagoak diren hirietara egokitzea, eta "landa" hiri horietan integratzea lortuko litzateke.