Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hartuko du datorren astean ikerketa operatiboa osasun zerbitzuetan aplikatzeari buruzko nazioarteko biltzar bat. Hau optimizazio matematikoa, simulazioa, estatistika edo probabilitatea bezalako teknika kuantitatiboetan oinarritzen den zientzia bat da, erabaki-hartzeetan laguntzen duena. Hainbat diziplinatako adituek, uztailaren 25etik 29ra bitartean, zerbitzu horien kalitatearen hobekuntza aztertuko dute 42. ORASH (Osasun Zerbitzuetan aplikatutako Ikerketa Operatiboa, ingelesez) biltzarrean, lehen aldiz Espainian egingo dena.
Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika ikerketa taldeak (Decyl) eta Smart Cities Institutuak (biak NUPekoak), antolatzen dute bilera zientifiko hau, Arrosadiko campuseko, Sario eraikinean izango dena, Iruñean. Mota honetako biltzarrak 1975ean hasi ziren egiten, EURO (Ikerketa Operatiboko Sozietateen Europako Elkartea) elkartearen ekimenez. Elkarte hau Europako ikertzaileen sare bat da, teknika kuantitatiboak garatu eta aplikatu nahi dituztenak hainbat eremutako plangintzan eta kudeaketan laguntzeko (osasuna, garraio eta logistika, informatika e.a.). EURO elkartearen barruan urte hartan sortu zen ORAHS Osasun Zerbitzuetan aplikatutako Ikerketa Operatiboaren lan taldea, osasunaren arloan aritzen dena.
Iruñeko ekitaldiaren leloa hauxe da: “Osasun arloko erabakirik onena aurkitzea osasun-datuen itsaso berrian”. NUP-La Caixaren Lidergoa, Estrategia eta Enpresa Katedraren, EUROren beraren eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren babesarekin egingo da, gizarteak dituen erronkei aurre egiteko bideratzen diren goi mailako nazioarteko biltzarrak antolatzeko laguntza baten bidez.
Barak Obamaren aholkulari bat biltzarrean
Georgiako (Estatu Batuak) Teknologia Institutuko Eva K. Lee irakasleak egingo du biltzarrari hasiera emateko ponentzia. Ikertzaile honek Katrina urakanak (Estatu Batuak), Haitiko lurrikarak, Fukushimako hondamendiak (Japon) edo eta ebola izurriteak kaltetutako populazioetako larrialdi zerbitzuekin lan egin izan du, eta aitortza ugari jaso ditu. Barak Obama Estatu Batuetako lehendakariaren aholkularia da Estatu Batuetako Larrialdiei Erantzuteko Nazioko Batzordean, bera delarik batzordea osatzen duten hamahiru kideengandik profil matematikoa daukan bakarra. Izan ere, Hong Kong-go (Txina) Baptista Unibertsitetean lizentziatu zen, eta Texaseko Rice Unibertsitatean (Estatu Batuak) doktoretza egin zuen, Matematika Aplikatua eta Konputazionalaren arloan.
Leek programazio matematikoa, informazioaren teknologiak eta algoritmo konputazionalak konbinatzen ditu bere ikerketa lanean, osasunaren testuinguruko hainbat arazo aztertzeko metodologiak garatzeko: hasi pandemien azterketa, eta osasun zerbitzuen eraginkortasunaren, kalitatearen eta segurtasunaren bilaketa klasikotik, eta tratamendu kliniko pertsonalizatuen bilaketaraino.
Uztailaren 25ean, astelehenean, emango du bere hasierako irakasgaia, zeinaren gaia baita optimizazio eta konputazio metodoak datu-masa handiekin konbinatuta erabiltzeak zer paper garrantzizkoa daukan medikuntza eraldatzeko eta osasun-arreta hobetzeko. Aditu honek gaixotasunen diagnostiko goiztiarrean eta osasun zerbitzuen kudeaketaren hobekuntzan eredu matematikoen berrikuntzaren eta datu multzo handien analisiaren bidez izan dituen lorpenak ezagutaraziko dizkie biltzarreko parte-hartzaileei.
Teknologia berriak eta itxaron zerrendak
Biltzarraren osoko bilkurako beste bi ponentzietatik, bat Francisco Falcone Lanas NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak emango du, zeina etorkizun hurbilean teknologia berriak osasun zerbitzuetan txertatuko diren moduaz arituko baita; eta bestea Western Unibertsitateko (Kanada) David Stanford irakasleak, transplanteetarako itxaron zerrendei buruzko aditua ere badenak, zeinak berraztertuko baititu osasunean itxaron zerrendetako gaixoak lehenesteko adierazleak, eta beste batzuk proposatuko baititu.
Gainera, uztailaren 26an, asteartean, arratsaldean, saio berezi bat egingo da. Saio horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Javier Belloso Ezcurra irakasleak egin duen Iruñeko entzierroaren arriskuaren analisiari buruzko datuak aurkeztuko ditu. Industrian erabiltzen den tresna baten bidez egin du analisi hori. Lasterketarekin lotutako eragile-panel bateko pertsonak egongo dira harekin: larrialdietako mediku bat, polizia bat, ibilbideko garbiketa-arduradun bat eta lasterkari bat (Belloso bera).