Joan eduki nagusira

zoom José Fernando Morán, ikastaroko lehen edizioko hitzaldi batean

José Fernando Morán, ikastaroko lehen edizioko hitzaldi batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) "Bidaia landareen munduaren gaurkotasunetik II: hezkuntza berdearen eta landareetan oinarritzen diren dieten onurak garapen kognitiboetarako eta osasunerako" izeneko udako ikastaroa antolatu du. Irailaren 1 eta 2an egingo da Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Ikastaroa joan den urtean hasi zen landare mundua ezagutzeko antolatu zen "Bidaia landareen munduaren gaurkotasunetik I" ikastaroaren jarraipena da, eta hezkuntzari eta naturak hezkuntzan daukan garrantziari buruzkoa da, baita landareetan oinarritutako elikadurak eta oxidatzaileek osasunean daukaten paperari buruzkoa ere.

Ikastaroa interesa duen jende guztiarentzat da, eta irailaren 1ean emango zaio hasiera, 9:15ean, NUPeko Natura-ingurunearen Zientzietako saileko Esther González irakasleak emango duen "Landareen mundu miresgarritik zeharako bidaia" izeneko hitzaldiarekin. Lehen jardunaldi honen izenburua "Hezkuntza berdea. Hezkuntzarako tresnak" da, eta izenburu horren pean naturaren eta hezkuntzaren arteko harremana aztertuko da, goizez eta arratsaldez emango diren hainbat hitzalditan.

Bigarren egunean, irailaren 2an, ostiralean, "Landareen garrantzia nutrizioan eta osasunean" izenburupean, hainbat ponentzia aztertuko dira, zeinetan azalduko baita landareen antioxidatzaileak zer diren eta zer garrantzia duten, eta elikadura eta osasunaren eremuko deskubrimendu zientifikoek gero eta argiago uzten dutela zer garrantzizkoak diren landareetan oinarritutako dietak, bai gaixotasunei aurre egiteko, baita osasuna berreskuratzeko ere.

Ikastaroari amaiera emateko, mahai-inguru bat egongo da. Ikastaroaren zuzendaria José Fernando Morán Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakasle eta Agrobioteknologia Institutuko ikertzailea izango da (Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak partekatzen dute zentro misto honen titulartasuna).

Matrikula doakoa da, eta NUPen web-orrialdearen bidez egin behar da. Bertan dago, gainera, ikastaroari buruzko informazio guztia.