Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince, NUPeko katedraduna.

Humberto Bustince, NUPeko katedraduna.

Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoko  (NUP) katedraduna da, eta gaur, astelehena, uztailak 4, Zientzia eta Ingeniaritzako Konputazio eta Metodo Matematikoei buruzko 16. Biltzarra inauguratzeko osoko hitzaldia eman du. Salamanca eta Cadizeko unibertsitateek antolatu dute Biltzarra, eta aste honetan egingo da Rotan (Cadiz). Mundu osoko 200 ikertzailek entzun dute bere hitzaldia, eta aztergai izan du egun konputazioan funtsezkoa den eta diagnostiko medikorako irudien prozesamenduan eta datu kopuru handien sailkapenean aplikazioak dituen tresna bat (monotonia direkzionalaren kontzeptu matematikoa).

“Datu-meatzaritzako eta  ‘big data’ -ko milioika datuak irizpide matematikoak aplikatuz fusiona daitezke, horrela erabakiak hartzeko —azaldu du Bustincek bere hitzaldiaren edukiari buruz—. Izan ere, joera bat markatzen duten datuak azter daitezke, parametro batzuk nola handiagotzen edo txikiagotzen diren ikusiz. Esaterako, nafarrek liburu asko erosten ote dituzten eta zein lan erosten dituzten".

Datuak matematikoki fusionatu eta gero, bi arlotan aplika daitezke. “Alde batetik, pertsonak beren ekintzen, ohituren... arabera sailka ditzakegu, eta horrek, ekonomiaren ikuspegitik, balio handia du. Esaterako, azter daiteke populazioaren parte baten erosteko ahalmena handiagotzen den, edo zertan gastatzen duen dirua. Bestalde, irudi baten ertzak detekta daitezke, bertan agertzen diren objektuak lokalizatzeko. Horrek aplikazioak ditu medikuntzan, zeren, tumore baten irudiaren aurrean, jakin baitaiteke tumorearen zein zatitan dagoen ebakuntza egiteko aukera eta zeinetan ez", esan du Humberto Bustincek.

Ekarpena matematikei

zoom Monotonia direkzionala irudien prozesamenduan erabil daiteke. Irudi baten ertzen adibide bat (eskuinean) jatorrizko argazkitik abiatuz (ezkerrean).

Monotonia direkzionala irudien prozesamenduan erabil daiteke. Irudi baten ertzen adibide bat (eskuinean) jatorrizko argazkitik abiatuz (ezkerrean).

Inaugurazio hitzaldi honen bidez biltzarraren antolakuntzakoek aitortu nahi izan dizkiote NUPeko katedradunari zientzia matematikoei egindako ekarpenak, bere espezializaziotik harago: adimen artifiziala eta matematika, eta fisika hari aplikatzea.

“Applied Soft Computing” aldizkariaren arabera, Humberto Bustince (Uxue, Nafarroa, 1958) Logika intuizionista lausoaren barruan eragin handienetako bat duten hamar autoreetako bat da. Adimen artifizialaren esparru bat da, eta hainbat arloren artean honako hauetan ditu aplikazioak: erabakiak hartzea, irudiaren bidezko diagnostiko medikoa, hizkuntza naturalaren prozesatzea, kontrola eta soziologia. Horretaz gainera, bere artikulu bat, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera 1996an sinatu zuena, gai horretako zientzialari nagusiek gehien aipatu dutena da nazioartean.

Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983) eta Matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994), eta unibertsitate horretan irakasten eta ikertzen du 1991. urtetik hona. Egun Automatika eta Konputazio Saileko katedraduna da, eta adimen artifiziala irakasten die Informatika Ingeniaritzako ikasleei.

Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko NUPeko ikerketa taldearen arduraduna da, eta 200dtik gora zientzia-artikulu eta nazioarteko biltzarretarako 150etik gora ekarpen egin ditu, ikertzaile nagusia da bai nazioko eta bai nazioarteko hogeitik gora proiektutan, eta beste autore batzuekin batera logika lausoari buruzko bost libururen egilea da gainera.

Bere ibilbide zientifikoa aitortzeko,  International Fuzzy Systems Association (IFSA) erakundeko “Fellow” izendatu zuten. Nazioarteko erakunde horrek logika eta teknologia lausoak garatu eta sustatzen ditu.

2015ean, halaber, Humberto Bustince Mikel Galar Idoate NUPeko ikertzailearekin batera saritu zuten “Computational Intelligence Society (CIS) elkarteak editatzen duen  IEEE Transactions on Fuzzy Systems” aldizkarian 2013an argitaratu den artikulurik onena bezala aukeratua izan da. Aldizkari horren oihartzun-indizea handienetakoa da munduko ingeniaritza aldizkari guztien artean. Makinen erabaki-hartzean oinarritutako lan honi emandako saria jakinarazi zen lana argitaratu eta handik bi urtera epaimahaiak adimen artifizialeko munduko espezialista nagusiei kontsulta egin eta gero.