Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakaslek Iruñeko entzierroaren arriskua aztertu dute industrian erabiltzen den tresna bat aplikatuz. Lasterketaren arriskua berezkoa denez, azterketaren egileek uste dute antolatzaileek "arriskuaren ondorioak arintzen dituzte osasun arreta neurriz gain areagotuz", hainbesteraino non egunero lasterketaren ibilbidean zehar hedatzen diren anbulantzia guztiak behar izateko probabilitatea oso-oso txikia baita, ez bada ikuskizunaren normaltasuna hausten duten ohiz kanpoko faktoreak agertzen direla.
Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedradun Fermín Mallor Giménezek eta Informatika eta Matematika Ingeniaritzako Saileko irakasle Javier Belloso Ezcurrak, entzierro-lasterkaria ere badenak, beren lan honen emaitzak aurkeztuko dituzte Osasun Zerbitzuei aplikaturiko Ikerketa Operatiboaren 42. Biltzarrean (ORAHS, Operational Research Applied to Health Services), Iruñean uztailaren 25etik 29ra egingo denean. Nazioarteko hitzordu hau Iruñean izango da, Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, eta Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika) ikerketa taldeak (Decyl) eta Smart Cities Institutuak (biak NUPekoak) antolatu dute.
Ikertzaileek azken sei urteetako entzierroak aztertu dituzte (48 lasterketa, guztira), dauden arriskuak identifikatzeko asmoz. "Funtsean, arriskuak lasterkariei eta zezenei eragiten die, eta arrisku-iturriak lasterkariak berak, zezenak eta ibilbidea dira —azaldu du Javier Bellosok—. Lasterkariei dagokienez, zauri arinak jasan ditzakete, esaterako eroriak, urratuak edo hausturak, edo larriagoak, kasu batzuetan heriotzaraino joan daitezkeenak. Eta zezenek ere beren arriskua izaten dute, ondorio fisikoak pairatzen dituztelako, esaterako adar edo atzaparretan hausturak izatea. Gainera, lasterketa bitartean ikasi egiten dute, norbaitek ukitu egiten baditu edo haiek inori oldartzen bazaizkio".
Zezena, arrisku bakarra
Azterketaren egileak lehen aipatu dugun Decyl ikerketa taldekoak dira, eta azterketa egiteko ingeniaritzan arrisku-planak kudeatzeko erabiltzen den tresna bat aplikatu dute. Tresnak HEAM du izena (Huts eta Eraginen Azterketa Modala, AMFE erdaraz). "Arriskuen kontrolarekin, lortu nahi dena da zezena izatea entzierroko arrisku bakarra, halako moldez non lasterkariei ez baitie beste ezerk eragingo: ez kaleen egoera, ez baldintza fisiko egokietan ez dauden beste lasterkari batzuk egotea, ezta lasterkaria bera lasterka egiteko ongi ez egotea ere —esan du Fermín Mallorrek—. Industria prozesu batean arriskua erabat desagerraraztea, hau da, arriskuirik eza, bilatzen den bitartean, entzierroan hau ez da posible, lasterketa honen funtsa horixe delako, hain zuzen, arriskua".
Horretarako, entzierroaren prestaketan eta kontrolean helburua zezenengandik aparte sortzen den arriskua kentzea daukaten hainbat eragile aritzen dira: garbiketa zerbitzuak, zurezko hesiak jartzen dituzten zurginak, polizia agenteak, doblatzaileak eta artzainak. "Entzierroan onartu egiten da lasterkariak zezenarekin daukan arriskua, baina antolatzaileen nahia da arrisku horren ondorioen minimizazio bat, osasun arretaren bidez —gaineratu du Fermín Mallorrek—. Horregatik dagoen anbulantzia kopurua neurriz gainekoa da. Anbulantzia guztiak behar izatearen probabilitatea oso txikia da, bat 10.000 artean, gutxi gorabehera, hori ohiz kanpoko gertakaririk ez bada eta lasterketa era normalean garatzen bada".