Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) ematen duen Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduak EUR-ACE® Zigilua izena duen ingeniaritzetako Europako kalitate-zigilua lortu berri du. Zigilu honek nabarmendu egiten du ingeniaritza ematen duten eskola onenak zein diren. NUPek gisa horretako bere hirugarren saria lortu du. Zigiluak Europako estandarren araberako kalitatea bermatzen du prestakuntza akademikoan, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Telekomunikazio Ingeniaritza Graduek lortutakoa eta gero. Gradu horietatik, lehena Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren mendekoa da (NIGMET) eta bigarrena TIIGMET-en mendekoa.
EUR-ACE® zigiluak nazioarteko ospea dauka, eta balio du kalitate handiko Europako ingeniaritza programak identifikatzeko. Akreditazio agentzia baimendun eta independente batek ematen duen ziurtagiria da.
NUPek hiru titulazio hauetarako eskatu du zigilua, eta hiruretan lortu du. Nazio mailan, ordea, horretarako aurkeztutako titulazioen % 67k baizik ez dute lortu akreditazioa. Izan ere, Espainian zazpi unibertsitatek (NUP horietako bat dela) daukate zigilua, bakarrik. Munduan, 300 erakundek daukate titulazioren bat zigilu honekin, eta une honetara arte lortu duten 2.368 gradu eta masterretatik, 25 baizik ez dira Espainiako unibertsitate batekoak. Oso kopuru txikia da, batez ere Alemaniak dituen 665 edo Frantziak dituen 403rekin alderatzen badugu.
Lanerako abantailak
EUR-ACE® zigiluarekin abantailak lortzen dira lan munduan. Izan ere, ingeniaritza graduen eta horiek ematen dituzten unibertsitateen izenen aniztasuna nahasgarria suerta daiteke ingeniari lehiakorrak kontratatu nahi dituzten enpresentzat. Zigilu honi esker, enplegu-emaileek informazio argia eskuratzen dute, eta bereizten ahal dituzte mundu guztian aitortza daukaten eta nazioarteko kalitate-estandar batzuk betetzen dituzten tituluak. Hainbeste non EUR-ACE® Zigilua duten tituluetan graduatzen direnei EUR-ACE® graduatuak izena ematen ahal baitzaie.
Gainera, NUPeko tituludunek goi mailako prestakuntza jasotzen jarraitzeko aukera izango dute, EUR-ACE® Zigilua duten Europako masterrik onenetan sartzeko aukera izango dutelako, haietan sartzeko beharrezkoa baita zigilua duen beste gradu batetik etortzea.
Aldi berean, profesional hauek mugikortasun handiagoa edukiko dute Europar Batasunean, baita Batasunetik kanpo ere, beren kualifikazio profesionala aitortua baitago. Hain da horrela ezen Ingeniaritza Elkarte Nazionaletako Europako Federazioak EUR-ACE® Zigilua daukaten tituluak sartzen baititu bere direktorioan EUR ING (“European Engineer” edo Europako Ingeniaritza) izenaren pean.
EUR-ACE® Zigiluak ikusgaitasun handiagoa emango dio Industria Teknologien Ingeniaritzako graduari nazioartean, eta ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasunaren aldeko hitzarmen akademikoak erraztuko ditu.
Zigilu honekin, TIIGMETek aurrera segitzen du kalitatearen aldeko apustuarekin. Horri gehitzen zaio ingelesezko eta euskarazko irakasgaien eskaintza, enpresetako praktikak (nazioan eta nazioartean) eta nazioarteko mugikortasuna (Erasmus+ edo ISEP bezalako truke-programen bidez).