Liburua egin dutenetako hiru, hirurak NUPeko irakasleak eta Ekologia eta Ingurumena ikerketa taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera, Bosco Imbert Rodríguez, Juan A. Blanco Vaca, liburuarekin, eta Rosa María Canals Tresserras.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) liburu bat argitaratu du, non hamabost adituren ekarpenak biltzen baitira, oihan-biomasa energia jasangarriaren iturri bezala erabiltzeak dauzkan baldintza ekologiko, tekniko eta sozioekonomikoei buruz, eta landa-eskualdeen garapenaren sustatzailea izateari buruz. Juan A. Blanco Vaca NUPeko ikertzaileak koordinatu du liburua, "Oihan-biomasa erabiltzea energia jasangarriaren iturri bezala" izenburua duena. Liburua oinarrizkoa da, gaian sartzeko, eta publiko guztiari zuzentzen zaio. Liburuan Nafarroa aztertzen da, energia-helburuekin ustiatzen ahal den oihan-masa handiena duen probintzia delako, Ciudad Realekin batera.
Oihan-biomasa (egurra, alegia), munduan erabili izan den erregairik zaharrena da, baina irizpide tekniko modernoekin kudeatzen dena. "Egurra, ikatz begetala, zerrautsa, txirbilak... beroa sortzeko hamarkadetan, are mendeetan ere, lantegietan eta etxeetan erabili izan diren produktuak dira —adierazi du Juan A. Blancok—. Alabaina, XX. mendeko 60.eneko urteetatik aurrera, hiritartzearekin, herriak hustearekin eta landa giroko jardueraren murriztearekin, gasoila eta gas naturala bihurtu dira bero-iturri nagusi. Dagoeneko herrietan baino ez dute egurra erabiltzen".
Hala ere, liburuko orrietan irakurtzen ahal denez, "aukera paregabea dago oihan-biomasa berreskuratu eta haren erabilpena bultzatzeko, energia jasangarriaren iturria den aldetik". "Hau hainbat faktoreren nahasketa bati esker gertatzen da: iraganean egin den mendi-kudeaketa, erregai fosilen merkatuaren egoera edo sektorearen garapen teknologikoa. Izan ere, erregai-mota berriak sortu dira egurretik eta zerrautsetik abiatuz, esaterako tamaina homogeneoa daukaten ezpalak, briketak edo pelletak, zerrauts prentsatuzko zilindro txikiak direnak. Honek homogeneizatu eta industrializatu egin du biomasaren eskaintza. Gainera, galdara eta instalazio berriek erregai honen efizientzia handiagotu egin dute, % 85 edo % 90eko errendimenduekin, halako moldez non bero gehiago sortzen baita egur unitateko", esan du Juan A. Blancok.
Faktore hauek azaltzen dute zergatik zabaltzen ari den landa eremuetan eta ETEetan (Enpresa Txikiak eta Ertainak) oihan-biomasaren erabilera energia moduan, azkar zabaldu ere, nahiz eta "hiri eta industria giroan ere garatzeko erronka gelditu", liburuaren koordinatzaileak azaltzen duenez. Liburuak 16 euro balio du paperean, eta 11 PDF formatuan.
Biomasaren erabilera jasangarria
Aditu honek uste duenez, biomasaren erabilerak jasangarria izan behar du, hau da, "ez du sortu behar ingurumen, ekonomia eta gizarte baldintzen hondamendia". "Gaur egun, badira tresna kualitatiboak eta kuantitatiboak energia mota honen erabileraren jasangarritasuna balioesteko, arlo ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak kontuan hartuta", gehitu du ikertzaileak.
Hala ere, lanaren koordinatzailearen iritziaren arabera, energia iturri honen jasangarritasunerako erronka hiru arlok erabakiko dute: ingurumenekoak, ekonomikoak eta sozialak. "Ingurumenaren aldetik, ekosistemaren funtzionamenduari eta oihanaren aniztasun biologikoari eutsi behar zaie epe luzera, bere ekoizteko gaitasuna ez dela gutxiagotuko ziurtatzeko —azaldu du Juan A. Blancok—. Horretaz aparte, ziurtatu behar da, ekonomikoki, aski eskaera badagoela biomasa-ekoizpenari eusteko, ingurumenaren ekoizpen gaitasuna eta industria sektorearen eskaera gainditu gabe. Azkenik, ikuspegi sozialetik, biomasa erabili behar da tokiko baliabide bati balioa emanez, landa eremuko ekonomia eta enplegua bizkortuz eta mendiaren beste baliabide batzuk kolokan jarri gabe. Hitz batez, biomasaren bideragarritasuna, energia iturri jasangarria den aldetik, mendi, erabiltzaile eta eskualde bakoitzaren baldintzen araberakoa da".
Egileek Nafarroa aukeratu dute baliabide honen kudeaketaren adibidetzat, Espainiako autonomia erkidegoen artean "oihan-azalera eta aniztasunik handiena dutenetako bat delako, bere basoek ziurtatze-indize handienetakoa dutelako eta mendia ustiatze eta mantentze lanetan, aldi berean, ohitura handia dagoelako", gogorarazi du Juan A. Blancok.
Liburuaren egileen zerrenda
Espainiako eta Europako beste hainbat tokitako unibertsitateetako, ikerketa zentro nazionaletako eta landa eremua garatzeko elkarteetako adituak daude liburuaren egileen artean, baita oihan jabeak ere. Hauek dira, alfabeto ordenan jarrita: Goizeder Barberena Ibáñez (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala-CENER, Sarriguren, Nafarroa), Marta Benito Garzón (Centre International de Recherche sur l’Environnement et le Développement, Frantzia), Cristina Blanco Vaca (Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa), Rosa María Canals Tresserras (NUP), Isabel Elizalde Arretxea (Cederna Garalur elkarteko kudeatzailea, eta 2015etik Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuko burua), Cristina Fernández Aragón (Alcalako Unibertsitatea, Madril), Raúl García Valdés (Montpellierreko Paul Valéry Unibertsitatea, Frantzia), Lorena Gómez Aparicio (Natur Baliabideen eta Agrobiologia Institutua-CSIC, Sevilla), Bosco Imbert Rodríguez (NUP), Jaime Madrigal González (Alcalako Unibertsitatea, Madril), Paloma Ruiz Benito (Stirling-eko Unibertsitatea, Erresuma Batua), Jesús Miguel Santamaría Ulecia (Nafarroako Unibertsitatea), Juan Miguel Villarroel García (Nafarroako Baso Elkartea Foresna-Zurgaia) eta Miguel Ángel de Zavala Gironés (Alcalako Unibertsitatea, Madril), eta, noski, hainbestetan aipatu dugun Juan A. Blanco Vaca.