Joan eduki nagusira

zoom Gizarte Laneko ikasleak beren irakaslearekin. Goiko lerroa (ezkerretik eskuinera): Iruntze Rubenach, Uxue Milagro, Nahia Urquía, Alberto Jáuregui, Estefanía Moreno, Inés Fernández eta María Ibáñez. Beheko lerroa (ezkerretik eskuinera): Saioa Beriáin, Maialen Espiérriz, Beñat Pena, Edurne García, Edurne Ipiña, Patricia Villanueva eta Mirian Barriocanal.

Gizarte Laneko ikasleak beren irakaslearekin. Goiko lerroa (ezkerretik eskuinera): Iruntze Rubenach, Uxue Milagro, Nahia Urquía, Alberto Jáuregui, Estefanía Moreno, Inés Fernández eta María Ibáñez. Beheko lerroa (ezkerretik eskuinera): Saioa Beriáin, Maialen Espiérriz, Beñat Pena, Edurne García, Edurne Ipiña, Patricia Villanueva eta Mirian Barriocanal.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko graduko hamabost ikaslek ikasturte honetan praktikak egin dituzte Foru Erkidegoko hamahiru ikasketxe eta institututan Nafarroako Gobernuarekin garatutako proiektu pilotu baten bidez. Proiektuaren xedea da gizarte laneko lanbidea baliabide iraunkor gisa sartzea ikastetxeetan.

Ikasleak graduko hirugarren ikasmaila egiten ari dira, eta otsailetik ekainera bitartean egin dituzte beren praktikak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe hauetan: Cardenal Ilundáin, Ermitaberri, Mendillorri, San Francisco, San Jorge, Sanduzelai eta Vázquez de Mella (denak Iruñekoak) eta San Miguel (Noain); Bigarren Hezkuntzako institutu hauetan:  Biurdana (Iruñea), Huarte (Huarte-Iruñea), San Miguel de Aralar (Altsasu) eta Zizur Mayor (Zizur Nagusikoa), eta Berriozarko Lantxotegi sustapen pertsonal eta soziolaboralerako elkartearen lantegi profesionaletan.

“2012-2013 ikasturteaz geroztik, Gizarte Laneko praktikak egiten dira ikastetxe batzuetan —gogora ekarri du Alberto Jáuregui Virto Gizarte Laneko Saileko irakasleak eta praktika horien tutoreak—, baina ikasturte honetan bultzada nabarmena eman zaie, bai parte hartu duten ikastetxeen kopuruagatik, bai gizarte lana ikastetxeetako baliabide iraunkor bat izatea xede duen proiektu esperimental bat antolatzeagatik.”.

Ikastetxeetako gizarte eta hezkuntza errealitateari dagokionez gizarte langileek dituzten eginkizun eta zereginen artean, Alberto Jáureguik haietako batzuk aipatzen ditu. Esaterako, gizarte eta hezkuntza esku-hartzeko planak eta diagnostikoak egitea; ikastetxeko beste profesional batzuekin eta adingabeak babesteko hainbat erakunderekin sarean lan egitea; gizarte eta hezkuntza esku-hartzea ikasgelatik kanpo (atsedenaldiak eta jantokia); banakako arreta arazoak dituzten ikasleei; lankidetza curriculumeko programetan (genero berdintasuna, elkartasuna...); eta eskola absentismoaren gizarte eta hezkuntza arreta eta jarraipena.

Gizarte Lana ikastetxeetan sartzeko proiektu esperimental honen arabera, ikastetxe bakoitzak bere errealitate eta testuingurura egokitzen du proposamena, unibertsitateko ikasleen artean bere praktika programaren gaitasun espezifikoak garatzeko beharra kontuan hartuta. “Proiektu esperimentalaren helburuak dira Gizarte Laneko oinarrizko programa bat sortzea ikastetxeetan; jardueran hamabost gizarte langile prestatzea praktiketan; eta gida didaktiko bat prestatzea hezkuntzan Gizarte Lana praktikatzeko”, azaldu du Jáureguik.

Ebaluazio bilera

Proiektuaren barnean ebaluazio bilera bat egin da praktiken garapena aztertzeko. Aipatu bileran parte hartu zuten ikastetxeetako tutoreek eta Javier Arza Porras irakasleak, Gizarte Laneko Saileko praktiketako koordinatzaileak, Camino Oslé Guerendiáinek (Nafarroako Gizarte Laneko diplomadunen eta gizarte laguntzaileen Elkargo Ofizialaren Zuzendaritza Batzordeko idazkaria) eta Miguel Ángel Arana Martínezek (Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Zerbitzuko Inklusio Proiektuetarako Bulegoaren burua).

Hauek dira, alfabetoaren hurrenkeran, praktikak egin dituzten Gizarte Laneko ikasleak: Miriam Barriocanal Mongelos, Saioa Beriáin Juanche, Maialen Espiérriz Heredia, Inés Fernández García, Edurne García Remón, María Ibáñez Araiz, Edurne Ipiña Martínez, Leire Lanz Recari, Uxue Milagros Lara, Estefanía Moreno Pérez, Beñat Pena Oroz, Iruntze Rubenach Izura, Arely Dayana Sarango Quezada, Nahia Urquía Yabar eta Patricia Villanueva Iturria.