Ikasleak uztarekin, bi berotegietako baten aurrean. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Javier Rubio Jiménez, Joel Continente Sanz, Álvaro Barriendo Martínez, Alberto Gambra Echeverría, Daniel Prieto Notario, Javier Cabello Urquía, Uxue Fabo Aguilera, Javier Pérez Reyes, Edurne García de Albéniz Iparraguirre, Diego Villar Sanz, José Ramón Algarra Martínez eta Unai Gómez Pérez. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Daniel Eugui Arrizabalaga, Javier Burgui Alcaide, Daniel Malo Landa, Pablo Echarte Zubillaga, Jon Bermúdez Pardo, Íñigo Cavero Gutiérrez eta Daniel Cerdán Ruiz.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (ETSIA) 32 ikaslek martxan jarri dute Ikasketa Zerbitzuko esperientzia bat. Esperientziaren helburua da París 365 jantoki soziala astero ortuariz hornitzea, apirilean eta maiatzean. Elkartasunezko proiektu hau hezkuntza-metodologia bezala erabiltzen da hirugarren ikasmailako bigarren seihilekoko bi irakasgaitan. Bi irakasgaiok Inmaculada Farrán irakasleak ematen ditu. Farrán Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren Graduko Landare Ekoizpeneko irakaslea da. Ortuariak Unibertsitateko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldeko bi berotegitan hazten dituzte, eta 720 metro koadro hartzen dituzte.
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) aurreko zuzendaritza-taldeak egin zuen ikaskuntza-zerbitzuko proiektu honetan París 365 jantoki sozialarekin lankidetzan jarduteko proposamena. Ikaskuntza-zerbitzua ikasketa akademikoei esanahi sozial handiagoa eman nahi dien prestakuntza proposamen bat da, unibertsitateko titulazio guztietan curriculum edukiak garatzeko aukera ematen duena. Dakarren berrikuntza da ikasleen prestakuntza akademikoa inguruaren egiazko beharren testuinguruan eratzen dela eta, horrela, ikasleen gizarte-erantzukizunean prestatzen laguntzen da, hiritar aktibo gisa jarduteko prestatzen baitira.
Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren graduko ikasleek jarri dute martxan elkartasunezko baratze hau, Inmaculada Farranek ematen dituen bi irakasgairen bidez. Lehen irakasgaiaren izena "Baratzeko Laborantzak" da, eta Baratzezaintza, Frutagintza, Lorezaintza eta Paisaia berezitasunari dagokio. Bigarrenarena "Baratzeko Laborantza Behartuak" da, eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza berezitasunean ematen da.
Ikasle guztiek beren borondatez hartu dute parte proiektuan. Lana hasteko, bilera bat egin zuten Paris 365 jantokiko arduradunekin, hango gizarte-egoera ezagutzeko. Ikasleek jantokia erabiltzen dutenei buruzko informazioa jaso zuten, eta jakin zuten, baita ere, zer zerbitzu osagarri eskaintzen diren eta zer nolako ortuariak eta frutak behar dituzten.
Baratzeko produktuak kopuruan eta kalitatean
Proiektuaren lehen fasea bukatu eta gero, ortuariak hazten hasi ziren. Horretarako, NIGMETek 360 metro koadroko bi berotegi utzi zizkien. Berotegiak Arrosadiko campuseko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean daude, Iruñean. Irakasgai bakoitzean jasotzen duten eskola teorikoez gainera, ikasleek, hainbat taldetan banatuta, Paris 365 jantokiaren ortuari-beharrak ahalik eta denbora luzeenean asetzeko proiektu bat egin behar izan dute, eta konpromisoa hartu behar izan dute astero halako kalitate jakin bateko produktua, halako kantitate jakin batean, eskaintzekoa. Aipatutako etxaldeko langileek, Manuel Chocarro Martín buru dutela, koordinatu dituzte taldeak.
Ikasleek erabaki behar izan dute ekoizpen prozesuaren nolakoa, baita barietateak zer hurrenkeratan erabiliko ziren eta zer espezie erabiliko ziren ere. Horretaz gainera, ortuariak landatu dituzte, uztaren plangintza egin dute eta tenperaturaren eta hazkuntza zikloen azterketa egin dute. Azken fasea bilketa izan da. Apirilean eta maiatzean egiten da, eta Inmaculada Farran irakasleak parte hartzen du.
Ikaskuntza-zerbitzuko esperientzia hau 2012-2013 ikasturtean hasi zen, eta NUPeko Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren Graduari duela gutxi EUR-ACE® zigilua, ingeniaritzetarako Europako kalitate ziurtagiria, eman dion akreditazio agentzia baimenduak baloratutako irakaskuntza metodologietako bat izan da.