Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko ikasleek irailaren 9an, ostiralean, hasiko dituzte datorren 2016-2017 ikasturteko eskolak. Bezperan, irailaren 8an, 1. ikasmailako ikasleek Ongietorri Jardunaldian parte hartuko dute. Hau informazio saio bat da, Unibertsitatean ikasten hasten diren ikasleei aukera ematen diena erakundearekiko lehen harremana edukitzeko.
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi du egutegi akademiko hau, graduko titulazioetako eskolak emateko aldia eta ebaluazio jarraituaren aldia ere biltzen dituena. Egutegiak irailaren 9tik hurrengo urteko urtarrilaren 20ra arteko aldia hartzen du, udazkeneko seihilekoari dagokionez, eta otsailaren 2tik ekainaren 6ra artekoa, udaberriko seihilekoari dagokionez.
Gainera, ebaluazio aldi bat ezarri da, urtarrilaren 21etik otsailaren 1era, udazkeneko seihilekorako, eta ekainaren 10etik 21era, udaberriko seihilekorako.
Unibertsitate masterren kasuan, egutegiak ezarri du eskolen hasiera irailaren 12tik 26ra bitartean izango dela, master bakoitzeko zuzendaritza akademikoak erabakitzen duenaren arabera. Gainera, eskolak emateko irakastaldia eta ebaluazio aldia irailaren 12-26tik otsailaren 28ra izango da, udazkeneko seihilekorako, eta otsailaren 1etik ekainaren 30era, udaberriko seihilekorako. Ohiz kanpoko ebaluazioa uztailaren 1etik 20ra izango da. Gainera, hiru deialdi egongo dira master amaierako lana defenditzeko: otsaila (udazkeneko seihilekorako), ekaina-uztaila (udaberrikorako) eta iraila.
Oporrak eta jai akademikoak
Egutegiak ezartzen duenez, Eguberrietako oporrak abenduaren 24tik urtarrilaren 8ra izango dira, eta Aste Santukoak apirilaren 13tik 23ra. Hurrengo egunean, apirilaren 24an, Unibertsitatearen Eguna izango da, beraz jai eguna da ondorio guztietarako.
Azkenik, jai egun akademiko partikular hauek ezarriko dira: abenduaren 14a (San Juan Gurutzekoa), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean; urtarrilaren 7a (San Raimundo Peñafortekoa) Zientzia Juridikoen Fakultatean; martxoaren 8a (San Joan Jainkoarena) Osasun Zientzien Fakultatean; martxoaren 19an (San Jose) Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (ETSIIT); apirilaren 5ean (San Vicente Ferrer) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean; eta maiatzaren 15ean (San Isidro Nekazaria) Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET). Hala ere, fakultateek eta eskolek jai hauek aldatzen ahal dituzte komeni zaienaren arabera.